HILBERRIA. Mark Hollis

Isiltasuna langai zuen musikaria

BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Oihartzun komertziala izan zuen lehendabizi, eta onespen kritikoa jaso zuen ondoren. Talk Talk taldeak oso bide bitxia egin zuen jardunean izan zen 11 urteetan. 1980ko hamarkadaren hasierako synth-popari eta New Romantic mugimenduari lotuta hasi zuen ibilbidea, baina bide propioa eginez, inguruko taldeekin zerikusi handirik ez zuen soinu batekin. Musika arrakastatsua egiten zuten, baina gerora, ordea, pausatu egin zuten beren proposamena, giroari garrantzi handiagoa emanez. Horrek berak kritikaren laudorioak ekarri zizkien, baina publikoaren erantzuna ez zen izan hain abegikorra. Talk Talk taldeko abeslari eta hitz pertsonalen egilea izan zen Mark Hollis (Tottenham, Ingalaterra, 1955). Atzo hil zen, 64 urte zituela.

Talk Talk-en garapena etengabea izan zen. The Party's Over (1982) lehen diskoak, artean, garai hartako beste talde batzuekiko antzekotasunak zituen —Duran Duran, baina It's My Life (1984) eta The Colour of Spring-ek (1986) bestelako soinu landuagoak biltzen zituzten. Spirit of Eden (1988) eta Laughing Stock (1991) azken lanek, berriz, sakondu egin zutentaldeak hartutako norabidean, eta askok jotzen dituzte urte batzuk geroago loratuko zen post-rock eszenaren aitzindari. Hollisek, nolanahi ere, ez zuen inoiz ikusi bere taldea mugimendu jakin baten parte: «It's My Life egin genuenean, sintetizadoreen mende geunden, baina horrek ez du esan nahi synth-pop talde bat garenik. Sintetizadoreak erabili genituen alderdi ekonomikotik aukera bakarra genuelako».

Taldea desegin ostean, disko bakarra kaleratu zuen bere izenean, bere lanik pausatuena. Isiltasunaren aldeko aldarria, inondik ere: «Beti pentsatu dut hobe dela nota bat, bi baino. Eta bi, hiru baino. Isiltasuna da langairik onena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.