Kalkulagailua piztuta

Realak bihar ziurtatu dezake Txapeldunen Ligarako sailkatzea. Gaur Almeriari irabazita, eta Vila-real ez bada gailentzen, xedea lortuko du

Realeko jokalariak atzoko entrenamenduan. REALA.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Kontuak egiteko garaia da. Realak eskura du datorren sasoian Txapeldunen Ligan aritzea, eta aste honetan ziurtatu dezake helburu hori lortzea. Txuri-urdinek bost punturen aldea dute Vila-real bosgarren sailkatuarekiko, eta bederatzi puntu falta dira jokatzeko. Hau da, azken hiru partidetan erabakiko da laugarren postua norena izango den. Gaur jokatuko du haietako lehena: Anoetan, Almeriaren aurka.

Donostiarrek suspertuta ekingo diote gaurko neurketari, larunbatean Bartzelonan irabazi ondotik. Imanol Alguacilen taldeak abiatuko du Espainiako ligako 36. jardunaldia, eta bihar lortu dezake xedea. Almeria menderatzen badu, eta Vila-realek Cadizez badu garaitzen, Txapeldunen Ligako taldea izango da matematikoki.

Hortaz, hiru puntuak zakuratzea da lehendabiziko eginkizuna. Imanol Alguacil teknikariaren arabera, ordea, neurketa «zaila» izango da Anoetakoa: «Ez dago partida errazik, guztiak jokatu behar izaten baitira. Almeria eta Bartzelona oso talde ezberdinak dira, baina biak dira garrantzitsuak. Almeriak bizia du jokoan, baina guk ere bai». Espainiako taldeak irabazi egin zuen larunbatean, eta, horri esker, zulotik aldendu da, baina premia gorria du oraindik. Lau punturen aldea du jaisteko postuekiko.

Aldiz, oso bestelako egoeran da Reala. Sasoi batean lortutako garaipen kopururik handiena berdindu du jada, 28, eta baita etxetik kanpora irabazitako partidena ere, hamar. Dena den, Imanolek agerian utzi du bere garaipen gosea, «hiru partidak» irabazi nahi dituztela esanda.

Aldaketak deialdian

Entrenatzaile oriotarrak 24 laguneko deialdia prestatu du gaurko partidarako, eta zenbait aldaketa egin ditu deialdian. Irailetik min hartuta dagoen Sadiq Umarrez gain, prestatzaileak zerrendatik kanpo utzi ditu Igor Zubeldia eta Asier Illarramendi. Azkoitiarra eta mutrikuarra zigortuta daude.

Aldiz, David Silvak eta Brais Mendezek gainditu dituzte bere arazo fisikoak, eta jokatzeko moduan dira. Imanolen esanetan, «Silvarekin arriskatzeko garaia da. Egun batzuk igaro dira, eta asko dugu jokoan. Ahalik eta talderik onena zelairatuko dut».

Imanolek adierazi du, beste behin, parean duen partida dela garrantzitsuena. «Argi duzue hori, frogatu dizuedalako; hurrengo partida irabaztea da garrantzitsua, ez dut bi edo hiru partidako planik egiten». Oraingoa irabazteak gainera saria ekar dezake.

REALA-ALMERIA

Reala. Remiro; Gorosabel, Le Normand, Pacheco, Aihen; Zubimendi, Merino, Silva, Brais; Kubo eta Sorloth.
Almeria Fernando; Pozo, Babic, Ely, Centelles; Samu Costa, Robertone, Melero; Embarba, Lazaro eta Suarez.
Epailea. Gonzalez Fuertes.
Lekua. Anoeta (39.500 ikusle)
Ordua. 19:30.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.