Donostiako Aste Nagusia

Urrezko aroa bertsotan

Bertsotrama egingo dute bihar gauean, Konstituzio plazan.Andoni Egaña, Jon Maia Igor Elortza eta Uxue Alberdi arituko dira

Donostia
2014ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Donostiako Aste Nagusira joaten denak era guztietako jarduerak ikusi, entzun eta gozatu ahal izango ditu. Bihar, bertsotrama izango da Donostiako gaueko protagonista: 23:30ean egingo dute, Konstituzio plazan. Andoni Egañak, Igor Elortzak, Jon Maiak eta Uxue Alberdik emango diote bizia Josu Goikoetxeak prestatutako istorioari, eta tramagileak Xabier Lizasoren pianoaren laguntza izango du bertsolariak XIX. mendeko Donostiara eramateko. Teatro txikian izeneko ikuskizunean, duela 150 urte jaio zen Pepe Artola pertsonaiaren figura baliatuko dute denboran atzerako bidaia egiteko.

Belle époque garaian girotuko dute, beraz, biharko bertsotrama, 1898. urtean hain zuzen ere. Donostia boladan zegoen garai hartan: hiria zabaltzen ari zen, eta turistak etengabe joaten ziren Gipuzkoako hiriburura. Kultura arloan ere, hiri aberatsa izan zen Donostia, eta antzerkia gehien landu zen Euskal Herriko lekuetako bat. Aldi berean, XIX. mendea garai nahasia izan zen Euskal Herrian, politikari dagokionez. Giro berezi hori erabiliko du Goikoetxeak saio umoretsu eta bizia lortzeko. Pepe Artola donostiarraren bizitzaren pasarte asmatu bat izango da ikuskizunaren haria, nahiz eta errealitate zantzu batzuk ere izango dituen. XIX. mendeko Donostia euskaldunaren ikur izan zen Artola, besteak beste antzezle moduan jardun zuena. Gizon alaia, eskuzabala eta langilea, hori izango da, haren aktore bizitzarekin batera, ikuskizunean islatu nahi izango dutena. Ramon Artola bertsozale eta euskaltzalearen semea, figura garrantzitsua izan zen Urrezko Aroko Donostia hartan, eta bertsotramaren bitartez, omenaldi txiki bat egingo diote.

Bertsolarien lana izango da, dagokien pertsonaiaren azalean jarri eta bakoitzaren nortasuna josiz, istorioa osatzea. Protagonistaren hirian arituko dira, eta horrek nolabaiteko erronka dakar: «Konstituzio plaza oso plaza garrantzitsua da, eta erronka polita da guretzat bertan aritzea; baina, aldi berean, konpromiso handia eskatzen du. Gure onena ematen saiatuko gara, eta jendeak gurekin goza dezan espero dugu», esan du Josu Goikoetxea gai-jartzaileak.

Hala ere, plaza askotan aritutakoa da biharko laukotea, bertsotrametan trebatua. Istorioaren kode batzuk errespetatu beharko badituzte ere, sorpresa ugari egon daitezke, bat-bateko saioa izango baita biharkoa. Bertsoaz gain, musika eta, beharbada, baita antzerkia ere izango dira bihar Konstituzio plazako oholtza gainean.

Bertsoak badu lekua

Ez da biharkoa, ordea, Donostiako Aste Nagusian bertsotrama egiten duten lehen aldia. Duela bi urte egin zutenean, festako soinua plazara iritsi zen, baina lortu zuten, nolabait, zarata bertsoekin estaltzea, eta publikoak adi entzun eta oso ondo erantzun zuen. Aurten, gainera, Lizasoren piano hotsek lagunduko dute jendea girotzen eta saioa zuzentzen. «Abantaila handia da saioan Xabier Lizaso lagun izatea. Berak jarriko dio musika saioari, eta estaliko ditu nire balizko hanka sartzeak. Saioan entzungo dugun pieza bat jo zidan lehengo egun batean, eta hunkitutaatera nintzen. Plazer bat da bera gurekin izatea», esan du Goikoetxeak. Musika eta bertsoenarteko konbinazioak kolore berezia emango dio Donostiako gauari.

Bertsotramaz gain, bestelako bertso saioek ere izango dute tokia Donostiako Aste Nagusian. Gaur, esaterako, Amets Arzallus, Agin Laburu, Amaia Agirre eta Manex Mujika arituko dira, Naroa Sasietak prestatutako gaiei hitza jartzen. Ostiralean, berriz, Iker Iriartek gidatuko du Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi eta Alaia Martin bertsolariek eskainiko duten saioa. Biak ala biak, Easo plazan izango dira, 12:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.