SOSLAIA. Bruno Ganz

Hitler bakarrik izan ez den aktorea

GUILLAUME HORCAJUELO/EFE.
Miren Garate.
2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Inoiz ez zela damutu esaten zuen. Ingurukoek Adolf Hitlerren rola betetzeko proposamenari uko egiteko gomendatu zioten arren, erronka interesgarria iruditu, eta hartu egin zuen Bruno Ganz aktore suitzarrak. Estreinaldiaren ostean ere jaso zuen kritikarik, diktadorea gehiegi humanizatzeagatik. Alemanez egindako gisa horretako lehen filma izan zen Der Untergang (Hondoratzea). Oliver Hirschbiegelek zuzendu zuen, 2004an. Damutu ez, baina pertsonaia «gainetik kentzea» asko kosta zitzaiola kontatu zuen elkarrizketa batean. «Normalean, filmaketaren ostean, pare bat aste edo hilabete geratzen zaizkit pertsonaiak, eta, gero, desegin egiten dira pixkanaka; hau, ordea, urteetan izan dut ondoan». Eta zinemazaleek ere Hitlerren rol horrengatik gogoratuko dute batez ere Ganz. Atzo hil zen, Zurich jaioterrian, 77 urterekin.

Hitlerrek bere buruaz beste egin aurreko asteetan kokatzen da Der Untergang, bunker batean. Badago hiruzpalau minutuko pasarte bat, bereziki ezaguna: suminduta, oihuka ageri da Hitler, gerra galdu egingo dutela jabetuta. Pasio handiz antzezten du Ganzek, eta, azken urteotan, Interneteko erabiltzaile ugarik erabili izan dute eszena hori azpidatzien bidez edozein gairi buruzko parodiak egiteko.

Hitler baino gehiago, askoz gehiago izan da Ganz, ordea.19 urte zituenean hartu zuen parte lehen aldiz film batean. Hurrengo hamarkadan, antzerkian aritu zen gehiago; besteak beste, Schaubuhne konpainiaren sortzaileetako bat izan zen. 1970eko hamarkada erdialdera etorri zitzaizkion zinemako lehen rol garrantzitsuak. Der Untergang-ekin batera, Der amerikanische Freunde (Lagun amerikarra), Der Himmel über Berlin (Berlin gaineko zerua) eta Nosferatu: Phantom der Nachtfilmean (Nosferatu, gaueko banpiroa) izan dira haren film ezagunenetakoak.

Alemanez lan egiten duten zuzendari onentsuenekin ez ezik, ingelesez eta bestehizkuntza batzuetan aritzen direnekin ere egin zuen lan, hala nola Francis Ford Coppolarekin, Ridley Scottekin eta Jonathan Demmekin.

1996tik, Austriako Estatuak ematen duen Iffland eraztunaren jabe zen Ganz. Alemanez aritzen den aktore onenak irabazi ohi du sari hori, eta, hiltzen denean, beste batek jasotzen du oinordetzan. Josef Meinrad aktore austriarra hil zenean jaso zuen Ganzek. Aktoreak iaz jakin zuen gaixo zegoela. Mozarten opera bateko narratzailea izatekoa zen handik laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.