ATZEKOZ AURRERA

Zerurako nahikoa da Sebastian

Jendetza bildu da Donostiako kaleetan haurren danborrada ikusteko; azken unera arte ateri eutsi dio eguraldiak, eta arazorik gabe ibili dira. Udaletxean, Richard Oribek jaso du Urrezko Danborra.

Goizera arte kolokan egon zen arren, Donostiako haurrak atera ahal izan ziren danborradan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2018ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Eguerdirako bi ordu eta erdiren faltan, sare sozialen bidez bidali du mezua Eneko Goia Donostiako alkateak: «Haurren danborrada normaltasun osoz egitea erabaki dugu. Zorionak guztioi, eta jarrai dezala festak!». Hala uxatu ditu azken egunetako zalantzak, eta haurrek ere danborra joz ospatu dute hiriko egun handia. Danbor joleak pixkanaka bildu dira Alderdi Ederren, ikastetxeetako autobusetan iritsita asko. Yongche C. Kume-Kangolo jeneralak eta haren laguntzaile Iago Piñeirok oniritzia eman dutenerako ongi kokatuta daude konpainia guztietako kideak. Orduan igo dira udaletxeko balkoira jenerala eta haren laguntzailea, Maura Lopez Easo Ederrak, Ane Atxotegi danbor nagusiak eta karrozako gainerako kideek lagunduta. Tartean da aurten lehendabizikoz aritu den alkate anderea ere; Martina Abalosek bete du postu hori.

Donostiarren arteko elkarbizitzari egin dio keinu Lopez Easo Ederrak bere mintzaldian: «Gu gara hiri honen etorkizuna, eta elkarbizitzan eta errespetuan oinarrituta eraiki behar dugu Donostia». Ingelesez ere aritu da San Patricio ikastetxeko ikaslea.

Danborrada hasi orduko euri txikia hasi duen arren, berehala atertu eta arazorik gabe aritu dira danborradan parte hartu duten 5.000 haurrak. 49 konpainiatan banatuta, Alderdi Ederren bertan egin dute lehendabiziko saioa, eta, Hernani kaletik jarraituta, hiriko erdiguneari itzulia egin diote gero. Kaleetako ertz guztiak jendez gainezka daude; gurasoak, lagunak, eta bisitariak ere badaude.

Bergarako (Gipuzkoa) bizilaguna da Goizane Telletxea, baina Ekintza ikastolakoekin danborra joko duen iloba ikustera joan da Donostiara: «Hemen bizi dira, eta, lehen aldiz atera denez, ez dut galdu nahi izan». Telletxeak bezala, lagun askok dituzte kamerak eskuetan, unea gordetzeko. Harengandik metro gutxira dago Ignacio Cerrato donostiarra. Jaiaren zale amorratua da, eta haurren danborradaz gozatzera irten da, emaztearekin batera: «Polita da haurren ilusioa ikustea, eta urtero ikusten dut desfilea».

«Pertsonarik zoriontsuena»

Haurren danborradak bere bidean jarraitzen duen bitartean, Urrezko Danborra banatzeko ekitaldia egin dute udaletxean. Aurten, Richard Oribe igerilari paralinpiarrak jaso du Donostiaren izena munduan zehar zabaltzeagatik ematen den saria. Haren gertukoek adierazi dutenez, «munduko pertsonarik zoriontsuena» egin du izendapenak,Urrezko Danborra jasotzeak ilusio berezia egin baitio Oriberi.

Hogei urtez haren entrenatzaile izandako Javier de Aymerichek lagunduta sartu da Oribe udaletxeko areto nagusira. Han, hitz batzuk eskaini dizkie Tito Irazusta kazetariak, eta bien arteko konfiantzaren hainbat adibide azaldu ditu: «Javierrek bazekien Richardek zerbait ezin zuela eginesaten zuenean benetako ezina zuelako zioela».

Bien bitartean, haurren danborradak ez du etenik. Gelditu gabe ari dira konpainiak Prim kalean sartzen. San Alberto Magno ikastetxekoak noiz igaroko zain dago Marian Bermudez; konpainia horretan dabil haren alaba Joana: «Aste guztia etxean entseatzen igaro du. Danborradan irteteko irrikaz zegoen». Irribarre ugari marraztu dira danborrak eta upelak etengabe jotzen ari direnen aurpegian; zer esanik ez gastadore, alabardari eta zaldunen aurpegietan.

14:00 jotzear direla, euria hasi du bizi-bizi. Bermudezi eta haren ahizpa Cristinari ez die askorik axola: «Okerragoa izango zen irten ezinik geratu izan balira, eta, gainera, amaitzen ari da danborrada». Amaitzean, amonarekin bazkalduko dute. Ioritz San Miguelek, berriz, lagunekin hitzordua egina du , baina danborradari begira geratu da une batez: «Ni ere irtendakoa naiz haurren danborradan». Ez orduan bakarrik; sukaldari jantzita doa, arratsaldean elkartekoekin joko baitu upela. Orduan, behintzat, ateri eutsiko dion esperantza du; hiriko martxak zeruko Sebastianen berri ematen baitu, baina euriari buruz deus ez baitio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.