ATZEKOZ AURRERA

Sagar jotzearen erritmoan

Denboran atzera egin dute Arizkungo herritarrek, Kirikoketa Bestaren karietara. XVIII. mendeko dolaretxea abiapuntu hartuta, sagardogintza eta musika uztartzen ditu Jo Ala Jo elkarteak.

XVIII. mendeko laborariak balira bezala, egurrezko mazoak erabilita txikitu zituzten sagarrak Jo Ala Jo elkarteko kideek. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Arizkun
2015eko urriaren 25a
00:00
Entzun
Kirikoketa. Musika tresna baino anitzez ere gehiago da. Tradizioa da, folklorea, ofizioa... Eta erabat galdu den bizimodu baten oihartzuna. Ki-ri-ko-ke-ta. Hitz onomatopeikoa. Egurrezko mazoek sagarrak zanpatzean oholaren kontra egiten duten hotsa. Azken bi hamarkadetan, gainera, jaialdi baten izena ere bada: Kirikoketa Besta. Atzo egin zuten, hamaseigarrenez, Arizkunen (Nafarroa).

«Sagardogintza oso hedatua zegoen gure eskualde honetan», azaldu zien bisitariei Jo Ala Jo elkarteko kide Xabier Torresek. Elkarte horrek antolatzen du urtero sagardoari, musikari eta dantzari eskainitako besta hori. Bertan, kirikoketa hitzaren adiera guztiak ezagutarazi nahi dituzte.

Sagardogintza tradizionalaren erakustaldiarekin hasi zen atzoko jaialdia, Gamioxarre dolaretxean. Hain zuzen, 3.000 bat kilo sagar txikitu zituzten han, antzinako erara: eskuz eta lanabes zaharrekin. Egiazkotasuna lortu nahi du Jo Ala Jo taldeak besta honekin, eta, beraz, tradizioari estu atxikita, garai hartako langileen rola betetzen dute elkarteko kide guztiek, laborariz jantzita. Torresek berak egin zuen nagusiarena. Beharrari ekin baino lehen, negoziazio bat irudikatu zuten: egun osoko lanaren truke, sos bat eskaini zien nagusiak; laborariek, ezetz eta ezetz. Antzeztutako eztabaidaren ostean, itxi zuten tratua, txalo eta irri artean. Eta hasi ziren sagar jotzen.

Jo Ala Jo elkartekoak sartu ziren Gamioxarrera lehenbizi. Etxeko ganbarara joan ziren batzuk, tranpaletik behera sagarrak dolarera botatzeko. Beste batzuk, oinutsik eta egurrezko mazoak eskuan, beheko solairuan gelditu ziren, sagarrak dolarera erortzen ziren heinean, fruta txikitzen hasteko. Ikusleak saldoka iritsi ziren gero, prozesua gertutik ikusi ahal izateko.

«Garai batean, bost dolaretxe izan ziren Arizkunen, eta horrek agerian uzten du ofizio honek eduki zuen garrantzia. Gamioxarre etxean bertan, bazen XVI. mendeko beste dolare gotiko bat.Hori galduta dago, eta gelditzen zaiguna XVIII. mendekoa da, barroko estilokoa», esan zuen Torresek. Hark azalpenak ematen zituen bitartean hasi ziren sagarrak dolarera erortzen. Orduantxe entzun ziren, lehen aldiz, sagar jotzearen hotsak, eta kirikoketaren erritmoan, kantatzen hasi ziren laborariak: Aldapeko sagarraren adarraren puntan...

Dolaretik plazara

Atzo Arizkunera bildu zirenak bezalaxe, XVIII. mendeko beharginak ere kantuan aritzen ziren, fruta puskatzen zuten bitartean. Erritmoari eusteko eta lana bera jasangarriagoa egiteko modua zen. Horrela sortu zen kirikoketa, musika tresna gisa: egurrezko mazoekin oholak jota. «Instrumentu arkaikoa da. Ez dakigu txalapartaren aitzindari ote den, baina izan liteke», dio Torresek.

Lana bukatutakoan, dantza egiten zuten Baztan eta Bortzirietako laborariek etxeko atarian, eta ohitura hori da Kirikoketa Bestak berreskuratu nahi duena. Horrexegatik, sagardogintzak ez ezik, musikak ere garrantzia handia du urteroko egitarauan: goizetik beretik, txistu eta danboril doinuek beztitzen dituzte Gamioxar etxearen inguruko karrikak; dolarean sagarrak txikitu ostean, kirikoketa dantzaldia egiten dute, herriko plazan; eta, horrez gainera, kontzertuak, kalejirak eta dantza saioak izaten dira egun osoan.

Atzo, sagardoa egin eta sagardoa dastatzeko aukera ere izan zuten Arizkunen. Bai eta taloak, gazta eta piterra dastatzekoa ere. Eskulangileek ere izan zuten beren lana herrian erakusteko aukera, eta, eguerdian, bazkaria egin zuten herriko bizilagunek. Iluntzean, berriz, Morau ta Beñardo eta Tumatxak taldeak Kupelategiko taula gainera igo ziren, musika eta lana uztartzen dituen bestarekin segitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.