Katalunia. Politikari presoen indultuak

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak babes osoa eman diete indultuei

EH Bilduk dio «hondoko arazoa» ez dela desagertu. UPN indultuen aurka agertu da. Ahal Dugu-k abagune politiko berri bat iragarri du

Turull, Romeva, Forn, Sanchez, Junqueras eta Cuixart, martxoan, espetxera itzuli aurretik. SUSANNA SAEZ / EFE.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Kataluniako politikarien indultuek erreakzio andana eragin dute Hego Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak, Bingen Zupiria bere bozeramailearen eskutik, adierazi du Kataluniaren eta Espainiaren arteko harreman instituzionalen «normalizazioa» sustatzen duten neurri guztiak «positiboak» direla, eta «erabateko errespetua eta babesa» agertu die indultuei. Hain zuzen, Espainiako gobernuaren erabakiak «erakundeen arteko elkarrizketarako eta ulermen politikorako esparru berri bat» ekarriko duela uste du Zupiriak, eta «izaera politikoa duen gatazka hori konpontzeko bidean aurrera egiteko» balioko duela iragarri du.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak, berriz, adierazi du «Kataluniarekin dagoen arazo politikoa konpontzeko bide egokia» direla indultuak, eta gaineratu du hemendik aurrera alderdi katalanek «neurria ematea» espero duela. Halaber, indultuak legezko tresna bat direla gogoratu du Nafarroako presidenteak, eta esan du espero duela horiek «hasiera berri bat» izatea Espainiak Kataluniarekin duen harremanerako.

Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, bestalde, ohartarazi du ezen, Espainiako Gobernuak preso katalanei indultua eman dien arren, «hondoko arazoak» bere horretan jarraitzen duela. Haren hitzetan, PPk eta PSOEk ez dute parte hartu «estatu espainolaren demokratizazioan», eta bide horretan pausoak eman beharko dituztenak katalanak eta euskaldunak direla azpimarratu du. Alde horretatik, legebiltzarkideen bi heren erabakitzeko eskubidearen alde daudela zehaztu du Iriartek, eta nabarmendu garaia dela «esku balazta kendu» eta autodeterminazioaren bidea egiten hasteko.

Javier Esparza UPNko lehendakariak gogor jo du Espainiako Gobernuaren aurka, indultuekin Pedro Sanchezek Espainia «independentismoaren aurrean belaunikatu» duela adieraziz. Esparzak salatu du neurri honen bidez Sanchezek ahalegina egin duela «boterean betikotzeko babesak» lortzeko, eta leporatu dio «herrialde osoa modu umiliagarri batean arrastatu» duela bere interesak betetzeko.

Ahal Dugu-k indultuekin zabaldu daitekeen abagune politikoa nabarmendu du, Hegoaldeko bere ordezkarien bitartez. Begoña Alfaro Nafarroako Ahal Dugu-ren idazkari nagusiaren arabera, gatazkaren judizializazioa «akats» bat izan zen, eta Pilar GarridoEAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusiak ere bide berean hitz egin du, indultuak «abiapuntu berri bat» direla adieraziz: «Proiektu politikoei beste era batera aurre egiteko balioko dute; itunen eta akordioen bidez, eta ez konfrontazioaren eta aldebakartasunaren bidez».

LAB sindikatua ere «pozik» dago indultuekin, baina gogoratu du Kataluniako «gatazka nazionala» ez dela horiekin amaituko. Hain zuzen, sindikatuak esan du irtenbidea hau dela: «mugimendu independentistaren kontrako errepresio oro bukatzea, erbesteratu guztiak itzultzea, eta autodeterminazio eskubidea onartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.