Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia

EAJk eutsi egin dio nagusigoari, baina nabarmen egin du atzera

Jeltzaleek bi batzarkide gutxiago lortu dituzte Bizkaian, eta alkatetza galdu dezakete zenbait herritan. EH Bilduk bost batzarkide irabazi ditu, eta botoen %25 eskuratu

gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Bizkaian, EAJren ohiko boto biltegian, jeltzaleek eutsi egin diote euren nagusitasunari, eta boto gehien biltzen duen alderdia dira orain ete, baina atzera egin dute nabarmen: 50.000 boto gutxiago jaso ditu, Bizkaiko Batzar Nagusietan bi ahaldun galdu ditu, eta orain arte eskura zituen zenbait alkatetza ere galduko ditu.

Batzar Nagusietarako hauteskundeetan Bizkaian dauden lau barrutietatik, EAJk ekialdeko bietan eutsi dio ahaldun kopuruari, Durango-Arratian eta Busturia-Uriben. Baina mendebaldeko bietan, Bilbon eta Enkarterrin, batzarkide bana galdu du. Lehen ere alde handia ateratzen zion herrialdeko bigarren indarrari, eta ordezkariak galduta ere, Elixabete Etxanobe hautagai jeltzaleak ez du arazorik izango ahaldun nagusi izateko PSE-EErekin akordioa eginez gero, baina urrun gelditu da inkesta batzuek iragartzen zioten gehiengo osotik.

Santurtzin eta Sestaon nabarmen egin du EAJk atzera, eta Bermeon, Lekeition, Markinan, Zaldibarren, Alonsotegin, Trapagaranen eta beste zenbait herritan alkatetza galtzeko zorian dago. Herri gehienetan, EH Bilduk eskuratuko ditu alkatetza horiek; Muskizen eta Trapagaranen, berriz, PSE-EEk.

EH Bilduk, aldiz, gorakada handia izan du. Iker Casanova EH Bilduko hautagaiak BERRIAri emandako elkarrizketa batean adierazi zuen haien helburua zela botoetan, hautetsi kopuruan eta portzentajeetan gora egitea, eta helburu hori aise bete dute: 16.000 boto inguru irabazi ditu koalizioak, botoen %19,69 izatetik ia %25 izatera igaro da, eta hamabost batzarkide lortu ditu, duela lau urte baino bost gehiago.

Alderdi urbanoan aurrera

Hiru helburu horiez gain, beste bat ere bazeukan koalizio subiranistak: Bilbon eta inguruko alderdi urbanoetan urratsak egitea. Eta hori ere neurri handi batean lortu du: Ezkerraldean nabarmen hazi da, Getxon ere bai, Galdakaon emaitza ikusgarriak lortu ditu eta Alonsotegiko alkatetza eskuratzeko moduan dago. Durangon ere bi zinegotzi gehiago eskuratu ditu, baina haren bazkideen atzerakadaren ondorioz, oso litekeena da herri horretako alkatetza galtzea. Hori litzateke EH Bildurentzat puntu beltz bakarra Bizkaian, gainerakoan oso aldeko emaitzak lortu baititu.

PSE-EEk ere baditu Bizkaian pozik egoteko arrazoiak. Apur bat behera egin du, baina horrek ez dio eragin batzarkide kopuruan eta orain arte zeuzkan zazpiei eutsi die. Gainera, historikoki indartsu izan den tokietan gotortu egin da: Portugaleten zinegotzi bat gehiago irabazi du eta gehiengo osoa lortu du, eta Meatzaldeko bi herritan, Muskizen eta Trapagaranen, alkatetza lortzeko moduan dago. Ermuan, berriz, behera egin du, baina alkatetzari eutsiko dio EAJk babesa emanez gero.

PPk gora egin du, bi batzarkide izatetik hiru izatera igaro da, eta Batzar Nagusietan hirugarren indar politikoa izango da, Elkarrekin Podemosen kaltetan. Izan ere, Elkarrekin Podemosen beherakada da hauteskunde hauetako beste albiste garrantzitsua, aldez aurretik iragarrita zegoen arren: lau batzarkide galdu ditu, eta bi ordezkari baino ez ditu izango Batzar Nagusietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.