Boladaka joan da

Altuna III.a-Tolosak 22-14 hartu dituzte mendean Ezkurdia-Martija, binakakoan. Beren pilotekin min handia egin dute bikoteek

Jokin Altuna pilotari jotzen, atzean Xabi Tolosa duela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Boladaka. Halaxe joan zen atzo Ezkurdia-Martijak Altuna III.a-Tolosaren aurka jokatutako partida. Labriten jokatu zen neurketa, eta bikote bakoitzak tanto erreskada handiak egin zituenbere pilotekin jokatu zuenean. Azkenerako, Altuna III.a-Martijarentzat izan zen garaipena: 22-14. Hala, bigarren puntua eskuratu zuten txapelketa. Bakarrarekin geratu dira Ezkurdia-Martija.

Tanto boladekin batera, mugarri bat izan zuen partidak. Izan ere, markagailua irauli ostean, Ezkurdia-Martija 14-13 jarri ziren aurretik. Orduan, Altuna III.ak enbarazu egin zion Martijari, txokora botatako pilota baten bila zihoala. Tantoa berriz errepikatu behar zela argi zirudien. Altunak III.ak berak onartu zuen neurketa amaieran, hala izan behar zuela. Baina epaileek ez zuten egin. Hurrengo tanto guztiak, bat izan ezik, Altuna III.a-Tolosak egin zituzten.

Partida hotz hasi zen. Lehen tantoak oso parekatuak izan ziren. Atzelariei haustea kostatu zitzaien, eta aurrean Ezkurdiak eta Altuna III.ak beren aukerak baliatu zituzten errematean, baina ez zuten arriskatu.

Martija izan zen partidan sartzeko zailtasun gehien izan zituena. Hark aurrena, eta gero Ezkurdiak, akats bana egin zuten. Horri esker lehen zuloa ireki zuten Altuna III.a-Tolosak: 9-6.

Horrek sosegua eman zien, eta bost tantora handitu zuten aldea: 12-7. Atzean, konfiantzaz aritu zen Tolosa. Bigarrenez ari da Anoetako atzelaria binakakoan, eta iazkoarekin alderatu, sendoago ari da. Egungo atzelari txapelduna da Martija, eta atzokoan tanto batean baino gehiagoan bizkarra erakutsi zion. Altuna III.ari, berriz, aste batzuk lehiatu gabe eman eta gero, erritmo apur bat faltatu zitzaion. Baina ohiko tanto ikusgarriak egin zituen tantaka.

Dena den, 13-7 aurretik zirela, pilota bat galdu zuen Amezketako aurrelariak. Sakea berreskuratu, eta aukeran zuten pilotarik biziena atera zuten Ezkurdiak eta Martijak. Horrekin, erritmoa bizitu eta gortu zuten, eta min handiagoa egin zuten. Segidan lau tanto egin zituzten, eta aldea bira murriztu zuten: 13-11.

Etena eskatu zuten orduan Altuna III.a-Tolosak. Baina 13na berdindu zuten partida Ezkurdia-Martijak, baita aurretik jarri ere: 14-13. Hor iritsi zen Altuna III.aren eta Martijaren arteko jokaldia. Horrek dena aldatu zuen. Atzoko irabazleek sakea berreskuratu zuten, eta pilota motelagoa atera zuten. Partidak ikusgarritasuna galdu zuen, eta Altuna III.a-Tolosa 22ra iritsi ziren. Amezketakoak jarri zion zigilua garaipenari, txokoan utzitako hiru pilota bikainen bidez. Gaur jokatuko da jardunaldiko azken neurketa. Urrutikoetxea-Albisuk Jaka-Arangurenen aurka neurtuko dituzte indarrak Laudion (18:00, ETB1)

Aldaik txapelari eutsio dio

Atzo jokatu zen Zornotzan (Bizkaia) Emakume Master Cupeko lau eta erdiko finala. Bigarren urtez jarraian, Amaia Aldairentzat izan zen txapela. 22-15 irabazi zion Olatz Arrizabalagari. Piloteoan beste abiadura eta indar bat erakutsi zuen txapeldunak. Final polita eta lehiatua izan zen, batez ere lehen zatian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.