Mirari Martiarena Iraola.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Felix

2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Hamalau hilabete pasatu dira 2020ko martxotik, hamalau hilabete pandemiaren hasiera iragarri zenetik. Astebete pasatu da alarma egoera bukatu zenetik. Irratietan ere jarraitu dute COVID-19aren datuak ematen, baina irudipena dut gizarte hobea egin behar gintuen koronabirus honek, zainketa intentsiboetako gelak , ZIUak, ez ote dituen bihurtu etxean gauzak pilatzen ditugun trasteleku. Eta ez ote garen gehiegi ohitu positiboen eta hildakoen kopuruetara.

Koronabirusagatik ZIU batean egotea zer den kontatu du aste honetan Carles Francino SER irratiko La Ventana aurkezleak. Kazetari bezala 40 urtean egin duen aurkezpen gogorrena izan dela aitortuz. 47 egunen ondoren itzuli da mikrofono aurrera, astindu eta hunkitu ditu entzuleen bihotz eta belarriak. Lehen pertsonan egindako kontakizun gogorra, benetakotasuna transmitituz eta malkoei ezin eutsiz egindakoa. Alarma egoera bukatutakoan ikusitako irudiei kritika eginez eta osasun langileei egindako inurri lana bihotzez eskertuz.

Gure amona Pilar zenak ez zituen pandemia garai hauek ezagutu, baina bazekien nor zen Felix Zubia. Igande goizetako bere ohituretako bat zen: «Jar ezan radioan Zarauzko medikua» eta jai goizak Euskadi Irratiko Osasun etxea saioa entzunez hasten genituen. Bere familia medikua baino gehiago estimatzen zuen Felix Zubia. Gustuko zituen bere azalpenak, «gauzak konprenitzeko moduan esaten dizkin» errepikatzen zuen.

Amona hil zenetik ez diot jaieroko ohitura horri eutsi, baina parean tokatu zaidanetan adi jarraitu dut Arantxa Arza eta Felix Zubiaren jarduna. Azken urtean koronabirusa izan da gai nagusia eta Donostia Ospitaleko ZIUko errealitatea lehen eskutik ezagutzeko aukera izan dugu.

Saioak eusten dio koronabirus aurreko garaiko arimari, entzuleek beste edozein gaixotasunez sortutako kezkak eta zalantzak erantzuten. Eta konplikatuak diruditen gaiak erraz ulertzeko moduan azaltzen ditu Zubiak, erraz ulertzeko moduko hizkera erabiliz eta tratu pertsonalizatua eskainiz.

Ez da makala azken urtean Osasun etxea-k egin duen lana. Euskal Herriko familia mediku ofiziala dela diote askok Zubiari buruz hitz egiterakoan. Nik ere bat egiten dut adierazpen horrekin.Mediku bati eskatzen diodan profesionaltasuna, konfiantza eta argitasuna iristen dira irrati bidez gure etxeetara, eta garrantzitsuena, guzti hori euskaraz egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.