Iraganaren lorratzak ez galtzeko

Zumaiako Algorri interpretazio zentroan geoparkeko flyscheko iknofosil baten erreplika aurkeztu dute; pitzadurak ditu, eta erori aurretik egin nahi izan dute kopia. Orain 53 milioi urte eratu zen, itsaspean.

Erreplika egiteko urratsak, iruditan; Eleuterio Baeza adituak zuzendu ditu lanak. EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEA.
arantxa iraola
Zumaia
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Iknofosiletan, garai bateko animaliek utzitako arrastoak agertzen dira». Ostiralean, Zumaian (Gipuzkoa), Euskal Kostaldea geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilariok geologia lezio bat eman behar izan zuen bertan batu ziren kazetarien aurrean. Agerraldia zen jakinarazteko geoparkeko flyschean aski egoera txarrean dagoela tankera horretako fosil bat —itsasoaren higadurak arazoak eragiten ditu; euriak ere bai—, etaharen erreplika egin dutela:hain justu, hantxe aldamen bateanzuen kopia, hedabideei aurkezteko. Txunditzeko moduko lana dela esan zuen Hilariok. «Ia ez dago alderik ale originalaren eta kopiaren artean; bolumena, kolorea eta testura berdin-berdinak dira». Albistearen garrantziaz jabetzeko, garrantzitsua izan zen adituaren lezioa. Izan ere, iknofosilean, gutiziaz egindako marrazki bat balitz bezala, arrasto pila bat ageri dira, eta iragan urrun-urrun baten lekukodira: orain dela 53 milioi urteko izaki bizidunek utzitako aztarnak. Orain fosil bihurtuta agerian dagoen geruza hori itsaspean zegoen garai hartan: mila metroko sakoneran. Orduan marraztu zuten animaliek, haien sigi-sagekin. Scolcia motako iknofosil bat da, zientzialari asko liluratu izan dituena. Pieza aparta da; sei metro luze eta ia metro bat zabal.

Mundu osoan ezagun diren beste hainbat ale ere badira geoparkean; izan ere, Lurraren historian 60 milioi urte atzera egin daiteke bertan, eta fosilak dira parkearen erakargarri handienetako bat. Ez bakarra. 13 kilometroko itsaslabar eremu bat da: Deba, Mutriku eta Zumaiako herrietan. Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakunde Unescok emana dio geoparke izendapena. Pieza berriaren aurkezpena Hilariok egin zuen, ondoan zituela Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako zuzendari nagusi Arantxa Ariztimuño eta Zumaiako alkate Oier Korta. Guztiek goratu zuten eginiko lana.

Hilariok azaldu zuenez, atzemanak dituzten beste hainbat fosili bezalaxe, asteon albiste izan den horri ere bereziki erreparatu diote geoparkeko arduradunek azken urteotan, eta inguruan atzemandako pitzaduren ondorioz erabaki dute erreplika egitea.«Erori aurretik. Ez dakigu noiz izango den; hainbat hilabeteren buruan izango den, edo bost urte barru», onartu zuen Hilariok. Ezin asmatu: argi dute, ordea, udazken eta negu euritsuak aparteko kaltea eragin duela hilabeteotan, eta kezkatzeko modukoa dela egoera. Fosilak haitz artetik ateratzeko ahaleginak egin izan dituzte beste hainbatetan antzeko egoeretan, baina, kasu honetan, ez zuten ikusten hori egiteko erarik, eta horregatik hautatu zuten kopia egitea. Behin iknofosila erorita, apurtutako zatiak interpretazio zentrora eramango dituzte: erreplikaren ondora.

Kontserbatzaile ezaguna

Eleuterio Baeza kontserbatzailearengana jo zuten erreplika egiteko: Espainiako Geomeatzaritza Museoan dihardu, eta ospe handia du antzeko lanetan. «Erreferentzia da alor honetan», onartu zuen Hilariok. Kopiatu beharreko geruzaren lagin bat eskatu zien aurrena geoparkeko arduradunei, eta lanak aurreratuta heldu zen Euskal Herrira. «40tik gora saio egin zituen, esaterako, kolorearekin asmatzeko».Behin etorrita, silikonaz egin zuen aurrena moldea, eta, gero, moldaketak egin zituzten, horren gainean amaierako pieza lortzeko. Astebeteko lana izan zen. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat ikasleren laguntzarekin jardun zuen. Moldea-eta egiteko haitzetan lanean ibili baziren ere, inguru fisikoa bere horretan utzi zutela adierazi zuen Hilariok.

Kopiatu duten aleak 50 arrasto baino gehiago ditu, eta euskal kostaldean ez da ezagutu aurretik hainbeste aztarnako iknofosilik. Hortik garrantzia. «Ez da ohikoa hainbeste aztarna fosil pilatzea geruza bakarrean; oso deigarria da. Baliteke toki hura nutrienteetan aberatsa izatea, eta izaki haiek elikagaiak bilatzeko eginiko joan-etorriek utzitakoak izatea ikusten diren arrastoak», azaldu zuen Hilariok. Tankera horretako fosilei begira iraganeko bizidunei buruzko datu asko eskuratzen direla adierazi zuen: haien ezaugarriak eta portaerak uler daitezke. Iknofosil honek balio zientifiko handia duela esan dute geoparkeko arduradunek, eta «dibulgaziorako» ere ale garrantzitsua dela.

Itsas trikua

Marrazki liluragarri horien egileak ezezagunak dira egun sarri askotan: espezie desagertuak. Iknofosil honen kasuan, ordea, aurkitu dute zientzialariek arrastoaren egilea: ekinido bat zen, itsas trikuaren antzeko animalia bat. Oraindik badira halakoak Indiako Ozeanoan. Lurpean ibiltzendira janari bila, batetik bestera, eta orduan geratzen dira, hondar gainean, fosilean ageri diren tankerako sigi-sagak; orain 56 milioi urte egindakoak bezalakoak. Oraindik badira, hala ere, geoparkean egile jakinik gabeko marrazkiak —horietako batzuk txundigarriak, duten perfekzio handiagatik—, eta zientzialari asko erakartzen dituzte. Halako bat oinarri hartuta, James Cameron zuzendariak film bat egin zuen: Volcanoes of the Deep Sea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.