Pastor
DARWIN ETA GU

Forza Mexiko!

2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Lagun baten Whatsapp mezua sartu da telefonoan: «Italiaren gola». Ondoan, hiru bandera, hiruna zutaberekin: berdea, txuria eta gorria. Erdian, zurigunean, armarri bat. Lagunaren azalpena: «Mexikoko bandera jarri dut, ez dut Italiakoa aurkitu».

Pozik dago gizona. Italia irabazten ari da. Izan ere, desio eta esperantzen bilgune dugu futbola. Sentimendu nazionalak eta jarrera politikoak agertzeko ere balio du. Alde batekoak nahiz bestekoak jokatzen du horrela, ez soilik Espainiak edo Frantziak galtzea nahi duenak. Nazio-estatuaren kontra joatea egozten diote pertsona horri. Kirola politizatzea. Hala ere, kirola eta politika beti joan dira batera. Antzinako Grezian hiri-estatu baten ordezkaria zen kirolaria. Hiri-estatuen arteko kirol lehia politika arloan ere islatzen zen. Filipo II.a Mazedoniakoa zaldi lasterketetan lortutako arrakastaz baliatzen zen bere itzala handitu eta botereari irmo eusteko. Beste Felipe batek Espainiako bandera eraman zuen Bartzelonako Olinpiar Jokoen hasiera ekitaldian. Hori ez zen izan politika egitea, Juanito-ren semea eta monarkia bultzatzeko? Akaso ez zegoen pertsona egokiagorik edo kirolari hoberik?

Pertenentzia sentimenduak sendotzeko erabiltzen da futbola. Adibidez: Belgikako taldea ondo dabilenean moteldu egiten dira jarrera zentrifugoak han. 'Deabru gorriak, separatismoaren aurkako txertoa' titulua kaleratu zuen La Dernière Heure egunkari belgikar frantsesdunak ekainean, Eurokopa hasi berritan. Belgikako Futbol Errege Batasuneko presidente eta Royal Charleroi Sporting taldeko buru Mehdi Bayatek mezu berdina hedatu zuen 2018an, L'Echo egunkarian: «Deabruen arrakastak alderdi separatisten irrika baretzen du». Haren iritziz, Belgikak jokatzen duenean ez dago flandestarrik, valoniarrik edo etorkinik; belgikarrak dira guztiak. Areago emaitzak bikainak direnean.

Espainian edo Frantzian kontua ez dela oso desberdina esango nuke. Unai Simon eta Mikel Oiartzabal heroi bihurtu dituzte hedabide espainiarrek. Eta horrekin batera euskalduna goretsi dute. El vasco noble. Gutxi iraun du lilurak. Ingalaterrak irabaztea nahi lukeela argitu du Andoni Ortuzarrek. Ez du zuzenean esan Espainiak galtzea gura duenik —Espainiaren porrota desiratzea eta Espainia gobernatzen laguntzea ez lirateke oso ondo ezkonduko—. Ingelesen eta bilbotarren arteko behinolako erlazioa aipatu du EAJko buruak. Kanta barregarri hura etorri zait gogora: un inglés vino a Bilbao… zertara eta ibaia eta itsasoa ikustera; nondik etorri eta uharte batetik, han Tamesis ibaia izanda. Eta Bilboko neskatilak ikusi zituenean gurean geratu zen, Ameriketako neska gazteak baino bizi eta atseginagoak zirelako, horixe. Hala ere, Ortuzarri ez diote ateraldia barkatu. Euskaldun zintzoa doilor bihurtu da orduan, kontzertu ekonomikoaren bidez espainiarrak hondoratzen ari dena.

Futbola independentismoaren aurkako txertoa izan liteke hemen ere, Belgikan bezala: Espainiako hamaikakoa soil-soilik Euskal Herriko eta Kataluniako jokalariekin osatu, ez madrildarrik, ez andaluziarrik, ez besterik. Hori eginez gero, ez litzateke zaila izango Belgikako kasua hemen ere izatea. Zer esanik ez taldeak txapelketak irabaziko balitu —beste kontu bat da espainiarrek talde basko-katalana onartuko luketen edo ez—. Espainia edo Frantzia goi-goian badabiltza, abertzaletasuna eta independentismoa txarto. Gure nazio-estatuak zenbat eta okerrago joan, orduan eta hobeto guretzat. Unai Simon eta Mikel Oiartzabal gorabehera.

Hogei minutu geroago beste mezu bat bidali du lagunak, pipertuta: «Marokok gola sartu du». Eta hiru bandera gorri ipini ditu, erdian izar berdea dutenak. Futbolak nola itsutzen gaituen pentsatu dut. Arrazakeria nola agertzen duen. Hasieran Eurokopako partida zena Munduko Futbol Txapelketakoa dugu orain, Amerikako eta Afrikako bi futbol selekzioren artekoa: Mexiko eta Maroko. Amaieran Mexiko nagusitu da penaltietan. Mexiko izan da garailea. ¡Órale, qué chido!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.