Eli Pescador.
Arrauna. Kontxako Bandera. LUGAƑENE BASERRITIK

Babesa

2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Goiz-goizetik giro ederra zegoen igandean Donostiako portuan. Jende andana zebilen txoko guztiak koloretako kamisetaz betez. Egun garrantzitsua arraun munduan, eta asko jokoan.

Bandera etxera ekartzeko aukerak bagenituen, eta horrek ematen duen indarrarekin eta tentsioarekin ekin genion lanari. Uretaratu aurretik, berotasun eta indar mezuak. Taldekideekin azken besarkadak, emozioak pil-pilean. Ontzira igo, eta, txalo artean, badiako uretan sartu.

Uretan erabat kontzentratuta aritu ginen, kanpoko urduritasunak kendu, eta gure lana ahalik eta hoberen egiteko asmoz. Taldea gogotsu, estropadari aurre egiteko indarrez.

Estropada polita bizi izan genuen. Atzetik aurrerako estropada. Une zailenetan ez genuen amore eman, eta azken arraunkadara arte borrokatu ginen. Ez genuen egin ez izanarekin damutu nahi. Ezin izan genuen bandera etxera ekarri, baina talde borrokalaria garela agerian geratu zen.

Arrapalan berriro ere poz eztanda. Bizitako urduritasun guztiak askatzeko momentua izan zen. Taldearekin eta zaleekin disfrutatzekoa. Banderarik gabe, baina inoiz ez bezalako babesa sentitu genuen. Hori bai benetako saria!

Bukatu da. Atzo eman genituen denboraldiko azken arraunkadak. Bandera lortzeko lehian aritzeko pribilegioa izan genuen beste behin ere. Ikaragarria izan da. Pertsonalki asko ikasteko urtea izan da, emozioz betetakoa. Orain bagoaz beharrezko geldialdira, indarrak hartu eta lasaitasunez aritzeko momentua iritsi da. Eskerrik asko bidelagun guztiei denboraldi honengatik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.