Iosu Eskiroz

«Kostata», baina ari da barneratzen

Hilabete pasatu da Baiko Pilotak Iosu Eskirozi jakinarazi zionetik ez ziola kontratua berrituko. Bigarren Mailako binakakoa irabazi berritan esan zion, eta horrek zeresan handia eman zuen. Aitortu duenez, «jota» egon da, baina gertukoen babesari esker, ari da egoerari buelta ematen.
IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2020ko irailak 15

Kirolean sarritan pasatzen da zuritik beltzera, zerutik infernura. Eta alderantziz. Iosu Eskirozek (Makirriain, Nafarroa, 1998) modurik krudelenean ikasi du. Joan den abuztuaren 1ean, hark eta Asier Agirrek Bigarren Mailako binakakoaren txapela jantzi zuten. 22-20 irabazi zieten Jon Ander Peñari eta Jon Erasuni Labriten. Bederatzi egun geroago, ordea, Baiko Pilota enpresak jakinarazi zion ez ziola kontratua berrituko. «COVID-19aren pandemiak eragindako egoera ekonomikoa» argudiatu zuen Baikok erabaki hori hartzeko.

Hilabete pasatu da, eta Eskirozek oraindik ez du kolpea erabat barneratu. «Saiatzen» ari da, baina «kosta» egiten ari zaio. «Hobeto nago, jota egon naiz eta. Baina oraindik ez diot erabat eman buelta. Denbora behar dut oraindik. Espero dut aste batzuetan berriro bete-betean egotea».

«Oso minduta eta dezepzionatuta» dago Baikorekin. «Nik nire eskuetan zegoen guztia egin dut: partida bakar bat utzi dut jokatu gabe profesionaletan aritu naizen bi urteetan; lan pila egin dut, beti gogotsu; asko zaindu naiz; eta txapeldun izan naiz titular gisa jokatu dudan txapelketa bakarrean. Nik egin dut nire lana, ondo egin ere. Ezin didate gehiago eskatu. Nirekin pozik zeudela esaten zidaten, eta horrela ordaintzea guztiz bidegabea da».

Argi du: «gezurra» esan diote. «COVID-19aren pandemiak eragindako egoera ekonomikoak behartutako erabakia dela esan zidaten, jendea sobran zegoela, eta niretzat tokirik ez zutela. Baina gerora jakin dut bi pilotarik debuta egingo dutela. Beraz, gezurra da ez dagoela tokirik. Argi dut: enpresak erabili egin nau egoera honetan, zeinetan diru kontuak dauden negoziatzeko, bere boterea erakusteko, eta beste pilotariei beldurra sartzeko».

Hain zuzen ere, Baikoko zenbait pilotarik agerraldia egingo dute gaur arratsaldean Tolosako Beotibar pilotalekuan (Gipuzkoa) iritzia emateko. «Kezkatuta» daude: Eskirozi ez ezik, Baikok ez die kontratua berritu Iker Arretxeri, Victor Estebani eta Iñaki Etxegoini, eta Unai Laso, Jon Mariezkurrena eta Agirre enpresak zer erabaki zain daude. Eskirozen ustez, «garrantzitsua eta kontuan hartu beharrekoa» da egindakoa. Baita «ezohikoa» ere. «Enpresan egon izan dira iritzia emateagatik isuna jaso duten pilotariak. Zentsura moduko bat zegoen. Oso tristea da». Halere, Mikel Larunbe Baioko atzelariak telebistan esan zuen «bidegabea» zela Eskirozi egindakoa. «Asko eskertzen diot Mikeli egindakoa, ausarta izan baitzen. Halere, tristea da esatea norbait ausarta dela egia esateagatik».

Baina ez dago erabateko batasuna Baikon. Hala, gaurko agerraldian ez dira pilotari guztiak izango. Aimar Olaizolak, adibidez, esana du ez duela jardunaldian parte hartuko. Eskirozen iritziz, «Baikon badirudi bakoitzak bereari begiratzen diola besteenari baino gehiago. Gero, enpresak ez gaitu aintzat hartzen. Adibidez, prentsaren bidez jakin genuen aldi baterako erregulazioa bertan behera utziko zuela. Baiko enpresa hutsa da. Aspen, ordea, gehiago hartzen dituzte kontuan pilotariak, eta elkarrekin hartzen dituzte erabakiak. Hala egin beharko litzateke, pilotariok ematen baitiogu jaten enpresari. Merezi dugu hobeto tratatuak izatea».

Deia, oporretan

Eta tratua aipatuta, Eskirozi «barruak mugitzen» zaizkio Joserra Garai kudeatzailearen telefono deiarekin gogoratuta. «Agirrek eta biok opor egun berberak genituen, eta Mulhacen mendira [Granada, Espainia] elkarrekin joatera erabaki genuen. Hara joateko autobusean ginela jaso nuen Joserra Garairen deia. Hiru egun lehenago hitz egin nuen harekin, eta esan zidan egoera oso txarra zela, eta jendea sobran zegoela. Baina aurrerago hitz egiteko geratu ginen, oporretatik bueltan Bilbora joango nintzela eta lasai hitz egingo genuela. Bada, hiru egun geroago deitu zidan esateko ez zidatela kontratua berrituko».

«Tentsio handiko» elkarrizketa izan zuten. «Bera oso hotz egon zen denbora guztian, eta ia ez zidan hitz egiten utzi. Ni ahalegindu nintzen azaltzen ez zela justua, nik nire esku zegoen guztia egin nuela, ondo entrenatu, ondo zaindu eta ondo jokatu, eta ezin zidatela hori horrela ordaindu. Baina berak etengabe mozten zidan, eta bereari eusten zion: egoera ekonomikoa oso txarra zela, eta nirekin oso pozik egon arren, ezin zidatela ezer eskaini. Eta halaxe amaitu zen solasaldia. Jota utzi ninduen. Ezin nuen sinetsi».

Sakelakoa eskegi, eta isiltasuna egin zen. Hantxe ziren bera eta Agirre Mulhacengo magalean. Eta igotzen hasi ziren, isil-isilik. «Asier berehala konturatu zen jota nengoela, eta momentu oro saiatu zen ni animatzen. Oso eskertuta nago. Harentzat ere egoera ez zen batere samurra, are gehiago kontuan hartuta berak oraindik ez duela berritu».

Sakelakoa itzalita izan zuen denbora luzez, eta gauean, lo egiteko tokira iristerakoan piztu zuen. Sutan zegoen sakelakoa. Ordurako, jakina zen Baikok ez ziola kontratua berrituko. «Mezu pila bat nituen, pilota mundukoak, baina baita frontoietatik kanpokoak ere». Etxekoen deiak ere zituen, eta haiekin hitz egin zuen lehenbizi. Orduan askatu zuen barruen zuen amorru eta min guztia. «Erabat apurtu nintzen, eta negarrez hasi. Haiek ere jota zeuden. Zerbait baldin banaiz, langilea naiz, ez dut talentu berezirik. Profesionaletara iritsi baldin banaiz, gogor lan egin izanari esker izan da. Etxekoek badakite zenbat kostatu zaidan, zenbat sakrifizio egin ditudan, eta horregatik, haiek ere jota geratu ziren».

Sakrifizioak aipatu ditu; adibidez, lana uztea, Volkswagenen lantegi batean egiten baitzuen lan, Landabenen. «Baina ez naiz damutzen utzi izanaz. Duela bi urte egin nuen apustua izan zen: lana utzi, pilotari profesionala izateko. Eta lortu dut, eta oso gustura aritu naiz bi urte hauetan. Baina bai, pena da horrela amaitzea».

Etxekoekin ez ezik, Abel Barriola pilotari ohiarekin ere hitz egin zuen gau hartan. «Mezu bat bidali zidan esanez nirekin hitz egin nahi zuela. Nire idoloa da, eta mesede handia egin zidan harekin hitz egiteak. Asko eskertu nuen dei hori». Baita ordutik jaso dituen animo, babes eta elkartasun mezu guztiak ere. «Oso eskertuta nago guztiei. Polita da ohartzea jendeak maite zaituela eta zurekin dagoela».

Orain, «atseden hartu» nahi du. «Gero pentsatuko dut zer egin: ikasi edo lan egin. Pilotan jokatzen jarraituko dut. Burlatako Zugarralde klubean hasi naiz [Nafarroa], afizionatuetan. Pilotan jokatzea da gehien gustatzen zaidana, eta ez didate kendu eta ez didate kenduko horretan aritzeko gogoa».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Sindikatuen agerraldia, gaur. ©BERRIA

Hezkuntza Sailak «planifikazio integralik» ez duela salatu dute sindikatuek

Gotzon Hermosilla

Ohartarazi dute «transmisio kasuak ugarituko» direla neurriak hartzen ez badira. Greba egunetik astebetera, adierazi dute ez dutela baztertzen beste mobilizaziorik egitea.

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Lehen aldiz, laurehun kasuren langa gainditu du Nafarroak

Uxue Rey Gorraiz

Beste 830 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Horietatik 425 Nafarroan detektatu dituzte. Positiboek goia jo dute lurralde horretan, eta hildako bat izan da. 496 lagun daude erietxean Hegoaldean: horietatik 81, ZIUetan.

Azkoienen lasaitasuna zen nagusi atzo. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Azkoien, ia bakartuta

Joxerra Senar

Bihartik, ezinbesteko arrazoiengatik ez bada, ezingo da herrian sartu edo irten. Edukiera erdira jaitsiko dute, eta tabernak 22:00etan itxiko dituzte

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna