Zientzia. Nastassja Cipriani. Doktorea fisikan eta matematikan

«Gehienek ez dute ikusten emakumeen diskriminazioa»

Gizonen nagusitasunak betikotu egin du emakumeen bazterkeria EHUko fisika eta matematika departamentuetan. Nastassja Cipriani diskriminazio positiboaren alde dago.

«Gehienek ez dute ikusten emakumeen diskriminazioa».
jakes goikoetxea
Bilbo
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Emakumeek EHU Euskal Herriko Unibertsitateko fisika eta matematika departamentuetan jasaten duten diskriminazioa hitzekin eta zenbakiekin erakutsi dute Nastassja Ciprianik (Erroma, 1987) eta Jose M. M. Senovillak, Emakunderen beka bati esker. Fisikan eta matematikan doktorea da Cipriani. EHUko Fisika Teorikoko katedraduna Senovilla. Diskriminazioa betikotzen duten fenomenoak ikertu dituzte, 211 ikertzailek eta irakaslek erantzundako inkesten (departamentuetako ikertzaile eta irakasleen %65) eta hamasei elkarrizketaren bitartez, besteak beste.

Ciprianik zientzia eta generoa uztartzen ditu irratian ere, El laboratorio de Medea programan, 97 irratian (97irratia.info).

Zergatik erabaki zenuen ikerketa hau egitea? Kezka pertsonal batetik abiatu zen?

Doktoretza egiten hasi eta urtebetera jabetu nintzen oso emakume gutxi zeudela nire esparruan. Nazioarteko lehen kongresura joan nintzenean, bost emakume gazte eta 80 gizon ikertzaile geunden. Aurrena, asko haserretu nintzen. Gainerakoak konturatzen al ziren bost bakarrik ginela? Gero, neure buruari galderak egiten hasi nintzen: zerbait aldatu dezaket? Haserretzetik nire pentsamendua egituratzera, asko irakurtzera eta dokumentatzera pasatu nintzen. Zerbait egin nahi nuen, zerbait aldatzen lagundu, eztabaida sortu, behintzat EHUren barruan.

Fisika eta matematika departamentuetako maila guztietako ikertzaileei eta irakasleei galdetu zenieten ea haien lan inguruan emakumeak diskriminatuta dauden. %35,9k bakarrik erantzun zuten baietz, %47,4k ezetz eta %16,7k ez dakitela. Hirutik bik ez dute diskriminazioa ikusten edota ikusita ere, ez dute hartzen diskriminaziotzat. Ez al da larria?

Gehienek ez dute ikusten emakumeen diskriminazioa, ezta halakorik jasaten duten emakumeek ere. Jende askok uste du diskriminazioa sexu jazarpen esplizitua dela, edota emakume bati zuzenean esatea ez dutela nahi ikerketa talde batean. Baina, normalean, ez dira gertatzen hain egoera zuzenak eta esplizituak. Kasu gehienetan diskriminazioa sotilagoa da.

Zenbat eta lan kategoria handiago eta zenbat eta zaharrago, orduan eta diskriminazio gutxiago ikusten dute.

Ez da kasualitatea, gehienak gizonak dira: katedradunen eta irakasle titularren artean gizonak %80tik gora dira fisikan, eta %70-80 artean matematikan. Gazteek gehiago nabaritzen dute, gehiago hitz egiten dute gai horiei buruz, kontzientzia handiagoa dute.

Egungo baldintzetan, posible al da ikertzaile ibilbidea edo ibilbide akademikoa unibertsitatetik kanpoko bizitzarekin uztartzea?

Oso zaila, batez ere 26 eta 40 urte artean. Ez da osasungarria indarrean dagoen ikertzaile bikainaren eredua: egun osoan ikerketan zentratua, egunean hamabi orduz lan egiten duena, jenioa, bizitza sozialik gabea... Pertsona asko ez datoz bat eredu horrekin, edo ez dute bat etorri nahi.

Eta ereduarekin bat egiten ez baduzu?

Orduan, batez ere lehen urteetan, ikertzaile ibilbidea garatzen hasten zarenean, ez duzu argitaratuko beharrezko artikulu kopurua postu jakin bat lortzeko edo beka bat jasotzeko. Unibertsitate sistemak eredu hori bultzatzen du, eta unibertsitate sistema gaixo dago.

Kontziliazioa utopia da edo badaude ereduak?

Sistema aldatu beharko litzateke, gaur egun ez da posible.

Dedikazio handia eta ordu asko eskatzen zaizkio ikertzaileari, bizitza egituratzeko funtsezko urteetan, eta askotan baldintza prekarioetan. Bide luzeko oztopo lasterketa bat da, emakumeentzat batez ere?

Bai. Ikertzaile ibilbide arrakastatsu bat lortzen dutenak agian ez dira onenak, gehien eutsi diotenak eta ereduarekin ondoen bat egin dutenak baizik. Askok utzi egiten dute, ez ezin dutelako familia bizitzarekin bateratu, baizik eta ezin dutelako bizitzarekin bateratu. Zientzia baino egiten ez duen zientzialariaren estereotipoak ez du balio. Zientzia egitea lan bat da. Neurri batean bokaziozko lana da, sormenezkoa, oso exijentea; baina lan bat da, eta ahaztu egiten dugu askotan.

Inkestetako erantzun batzuk irakurrita, emakume batzuek beren buruari botatzen diote ikerkuntza utzi izanaren errua, «guztia» eman ez dutelako.

Bi emakumeri galdetu genien ea zein izan ziren beren ibilbidean topatu zituzten oztopo nagusiak. Erantzun zuten eurak izan zirela, ezin izan zutelako momenturen batean guztia eman. Hori entzunda, zerbait ez dago ondo.

Talentu asko galtzen al da?

Bai. Askok utzi egiten dute, sentitzen dutelako ez direla egokitzen, exijentzia handiegia delako, ikerketak argitaratzeko sekulako presioa dagoelako...

Azterketan nabarmendu duzuenez, ez dira berdin neurtzen emakumeen eta gizonen lanak, aurreiritzietan oinarrituta. Neurtzen dutenak, gainera, ia beti gizonak dira.

Egiaztatuta dago. Genero lerratze oharkabekoa dago hautagaiak ebaluatzeko eta aukeratzeko orduan. AEBetan egin zuten: curriculum bera bidali zuten hainbat unibertsitatetara, erdiak gizonen izenean, erdiak emakumeen izenean. Gizonek askoz ere eskaintza eta puntu gehiago jaso zituzten.

Badagoela jakitea ez da nahikoa lerratze hori ez gertatzeko. Akademian, komunitate zientifikoan, gehienak ez dira jabetzen existitzen denik. Oso larria da. Neurriak pentsatu eta garatu behar dira aurre egin ahal izateko.

Esaterako?

Batzuetan, aukeraketa prozesuak oso subjektiboak dira: elkarrizketetan bakarrik oinarrituak, zuzenean aukeratutako hautagaiak... Askoz ere egituratuagoak eta objektiboagoak izan beharko lukete.

Betidanik esan izan da adiskidekeriak indarra duela unibertsitatean.

Akademian oso garrantzitsua da eragiteko eta laguntzeko sareak sortzea. Kontaktuak izatea. Gizonak gehiengoa dira eta elkarri laguntzen diote sare horien bidez. Emakumeek ez dute lortzen sare horietan sartzea edo sare propioak eraikitzea. Horregatik daude emakume fisikarien, matematikarien eta astrofisikarien elkarteak. Ekitaldiak antolatzen dituzte, sareak sortzeko.

Elkarrizketetan ez dute gehiegi nabarmendu sexu jazarpena.

Nire departamentuko zuzendariak egunero egiten zidan komentarioren bat nire arropari edo edertasunari buruz. Sexu jazarpena da? Ez salaketa jartzeko modukoa. Egunero gertatzen dira jazarpen ekintza arinak, eta emakumeek oso garbi daukate sexu jazarpena gertatzen dela.

Diskriminazio positiboaren alde zaude unibertsitateko zenbait lan kategoriatan emakume gehiago egoteko. Postu batzuk emakumeentzat bakarrik izatea babesten duzu. Nola egingo litzateke?

Honako hau nire iritzia da. Muturreko neurria da lanpostu batzuk emakumeentzat bakarrik sortzea, baina hainbat modu daude hori aplikatzeko. Unibertsitate batzuek lan kategoriarik apalenetan dagoen emakumeen proportzioa bermatzen dute mailarik handienetan. Ez du zertan erdia eta erdia izan behar. Hemen, EAEn, jada aplikatzen da diskriminazio positiboa euskara dakitenentzat; jendea ohituta dago, eta onartu du. Beraz, hortik abia gaitezke. Zergatik ez aplikatu emakumeei ere?

Inkestan parte hartu duten gehienak, ordea, kontra daude, baita emakumeak ere. Zergatik?

Ez da kontraesana, horra iritsi diren emakume askok gizonen jokabide bera baitute boterean. Elkarrizketatu batek esan zigun katedradun izatera iristen diren emakumeak gizonak baino gogorragoak direla. Diskriminazio positiboaren ondorioz, jendeak pentsa dezake emakume batzuk kuotengatik daudela hor, ez merituengatik. Horri diote beldurra.

Eta, orain, zer egingo duzue ikerketarekin?

EHUko Berdintasun Batzordearekin lan egitea gustatuko litzaiguke. EHUn gai hauei buruzko eztabaida zabaldu nahiko genuke, ikerketan eta proposamenetan oinarrituta, zerbait aldatzeko.

EHUko arduradunen bat jarri al da zuekin harremanetan?

Ez.

Pentsatzekoa da erresistentzia handiak izango direla.

Elkarrizketatu batek esan zigun: begiak irekitzea, diskriminazioa ikustea eta egoera onartzea mingarria da, eta, agian, pertsona askok ez dute egiten horregatik. Izan ere, zeure burua deseraiki behar duzu, eta zalantzan jarri behar dituzu zure ekintzak eta joerak. Prozesu konplexua eta zaila da, baina beharrezkoa aldaketarako.

Neurririk hartzen ez bada, egoera ez da aldatuko.

Egoera hobetu da azken 50 urteetan, bai, baina azken hamabost urteetan ez. Okerrera egin du: azkeneko hiru urteetan, fisikako eta matematikako lan kategoria guztiak aintzat hartuta, emakumeen portzentajeak inon ez du gainditu gizonena. Ikasleetan ere emakumeen portzentajea jaisten ari da. Oso kezkagarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.