Estropadarik kutunenean, 'Esperantza'

Getaria Kontxako Banderan lehiatzen ari da, 49 urteren ondoren. Joxe Manuel eta Iker Etxabe osaba-ilobek traineruko tostartetik bizi izan dituzte klubaren orduko eta azken lorpen historikoak.

Joxe Manuel Etxabe Getariako arraunlari ohia eta Iker Etxabe arraunlaria, herriko altxerrian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Getaria
2022ko irailaren 11
00:00
Entzun
Klaudio Etxeberria Gorria patroia, Tito Mancilla, Leandro Errastazu, Julian Ostolaza, Iñaki Egiazabal, Juanito Alberti, Jose Antonio Iribar, Jose Manuel Elizondo, Mikel Pertusa, Pascual Iturbe, Manuel Gorostiaga, Arrillaga eta ni neu». Joxe Manuel Etxabek (Getaria, Gipuzkoa, 1942) banan-banan zerrendatu ditu duela 49 urteko argazki zuri-beltzean ageri diren arraunlariak. «Aiako, Ortzaikako, Zarauzko, Zumaiako eta Getariako herriko arraunlari batzuek osatu genuen traineru zuria, Club Nautico Pesca de Getaria izenarekin». Zama handiko argazki bilduma dauka esku artean. Iraganeko altxor preziatua. Arraunlari hasi, eta, entrenatzaile eta laguntzaile gero. Etxabek bizitzaren zati handi bat Getariako Arraun Elkartearen ingurumarian darama. Arrauna DNAn du, zainetan.

Arrantzari erabat lotua dagoen herriko taldea sasoi betean iritsi zen 1973ko Kontxako Banderako sailkatze estropadara, arraun munduko topagunerik preziatu eta kutunenera. Aurretik, getariarrek herriko bandera irabazi zuten. «Garai hartako banderak piper-potoak [Espainiakoa] ziren. Etxabek azaldu duenez, 1972tik Orioko arraunlariak bezala entrenatzen ziren: «Denboraldiaurrea martxoan hasi beharrean, azaroan hasi genuen». Albert Mainella Frantziako selekzioko aulki mugikorreko entrenatzaile ezagunak iraultza ekarri zuen tostako arraunera. «Erresistentzia lantzeko iraupen luzeko lan saioak egiten genituen, ipurdia txindurritu arte».

Zehazki, getariarrak aise nagusitu ziren Kontxako sailkatze proban, erlojupekoan. «Airean irabazi genuen; 22 segundo atera genizkion Orio bigarrenari. Harrotu egin ginen, igandean azkarrenak izango ginelakoan; gehiegi, ordea». Aurrena ez, bosgarren postuan amaitu zuten. «Porrota izan zen. Baina arrauna kirola da, eta horrela hartu behar da». Halere, taldean ez zen giro onik: «Jendea elkarren artean haserretu zen, eta gauza asko nahastu. Akabo gure trainerua». Baita Kontxako Banderan egoteko ametsa ere.

Bada, ia mende erdiko lehortearen ostean, egungo Esperantza ontzia itzuli da arraunketa finkoko Olinpiar Jokoetara. Eta tostartean, nor eta Joxe Manuelen besoetakoa: Iker Etxabe (Getaria, 1991). Zirraraz kontatu du taldeak sailkatze estropadan egindako balentria: «Itzulerako luzean, Santa Klara uhartearen parean ginela, Unaxek [Izagirre patroia] laugarren postuan ginela esan zigun. Sinesten hasi ginen orduan. Amaitutakoan, traineruan sekulako leherketa egon zen». Ez da harritzekoa oilo ipurdia jartzea ere, Kontxa berezia baita: «Arraunlari batek duen ametsik handiena da hor egotea, eta, zer esanik ez Getariaren gisako talde apal batentzat, herriko arraunlari txikiekin osatuta dagoena. Sinestezina da».

Sasoi bikaina osatzen ari dira getariarrak. Ez alferrik: «Denboraldi erdira heldu ginenean, Eusko Label ligan mantentzea ia ziurtatuta genuen, eta, arraunlariok, nahigabe-edo, geure burua Kontxan jarria genuen». Gehiago zehaztu du Etxabe gazteenak, ahobizarrik gabe: «Uste baino askoz hobeto aritu gara, aurreneko bost postuetan sartzeko borrokan». Aitortza handi hau ere egin du: «Obligazio handiagoa sentitu nuen Kontxarako sailkatzeko, Eusko Label ligara igotzeko baino». Zer dela-eta? «Herritarrek gauza bera esaten ziguten: 'Kontxan sartuko zarete, aukera handiak dituzue, lortuko duzue...'. Horrek presioa eragin zidan».

Ikerrek kimua zela lotu zituen lehendabizikoz arrauna, estropua eta toletea, gaur arte. 2018ko denboraldiaren ostean, ordea, «ziklo aldaketa bat» jazo zen, baita trainerua klubeko baldan zintzilikatzeko zorian egon ere. «Nik garbi esan nuen arraunean segitzeko ez neukala batere gogorik. Presidenteak entrenamenduak hasi ziren astean deitu zidan, esanez hamahiru arraunlari bertaratu zirela klubera. Nirekin hamalau ziren. Azkenean animatu egin nintzen». Hain zuzen, orain dela lau urteko belaunaldi berak jarraitzen du Esperantza-ko tostartean, Ion Larrañagaren gidaritzapean. Prestatzailea nolakoa den azaldu du Ikerrek: «Taldeari asko exijitu dio. Konformagaitza da Ion, eta lana nahiko ondo egiteak ez dio inoiz balio. Halere, laguntasuna eta konfiantza sustatu ditu taldean, kuadrilla bat bihurtzeraino. Guztiok dakigu nork non huts egiten duen, eta nola lagundu behar zaion». Halaber, taldeak arraunarekiko izan duen dedikazioa goratu du getariarrak. «Urtez urte hobetzen joan gara. Halere, niri, behintzat, hasieran inoiz ez zitzaidan burutik pasatu ere egin Kontxan egongo ginenik, ezta amestu ere».

Joxe Manuelek, ordea, bazuen herriko taldeak zerbait handia lortuko zuenaren esperantza; izan ere, Ikerri behin mezu hau heldu zitzaion belarrira: «Duela hiruzpalau urte, KAE 1 ligan ari ginela, nire osabak esan zuen Getarian bateren batek zerbait handia egitekotan, geuk egingo genuela». Segidan, haren osabak gisa honetara biribildu du: «Gaztetatik hasita, harrobiko arraunlariak taldea egiten joan dira pixkanaka. Etxekoen indarrarekin heldu dira maila honetara». Watt ugari mugitzen dituen kuadrilla ez den arren, oinarri indartsu bat osatzea erdietsi dute, arraunlariak baitira. Horri esker, Amilibiaren txalupa eredu berriena azkar darabilte.

Sari potoloa

Getariako arraunlariek beren burua hodeien artean bazuten ere, ez ziren jolasera joan Kontxako Banderako lehen jardunaldira; lehiatzera baizik. Lehen txandan aritu zen Esperantza, Hondarribia, Orio eta Kaikurekin batera, eta Ikerrek istribor aldeko seigarren tostan jokatu zuen. «Ziabogara bizirik heltzen bagara, poparean, aurkariak kendu daitezela geure paretik».

Eta halaxe gertatu zen; Getariak Oriorekin bigarren posturako lehia ikusgarria izan zuen, Santa Klara uharte ingururaino. «Hortik aurrera, olatuak hobeto hartu genituen, eta badian hanka egin genien». Donostiako kaira gerturatu zirenean, herritarrak zain zituzten altxerrian, elastiko marroia zeramatela. «Ikaragarria izan zen: besarkadak, musuak, negar malkoak... Zoramena!». Merezitako sari ederra jaso zuten: ohorezko txandan ariko dira gaur, beste hiru oilarrekin lehian: Urdaibai, Hondarribia eta Donostiarrarekin.

Esperantza olatu aparretan dago, eta egindako balentria handiak getariar gazteak arraun elkartera gerturatzeko amu izan daitezkeen galdetuta, Etxabe gazteenak honela erantzun du: «Nahiago nuke gazteak hasiko balira. Nik 31 urte ditut. Oso polita da guztiok herrikoak izatea, baina, zoritxarrez, bide laburra dauka horrek». Joxe Manuelek gehiago zehaztu du bere talaiatik: «Azken denboraldian ez dugu arraunlaririk eduki gazteen kategorian; soilik bi batel izan ditugu haurretan, eta, datorren sasoian, kadeteetan lehiatuko dira. Hala eta guztiz ere, harrobiak jarraipena behar du. Ea euforia honek balio izaten duen gerorako». Esperantza-rik ez dute galduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.