Martxoak 8: greba feminista

Ipar Euskal Herria. Nahi baino gutxiago, baina eragiteko gogoarekin

Bernat Etxepare lizeoko ikasleek bertan behera utzi behar izan dute aurreikusitako egitaraua. Emakume modura dituzten bizipenak partekatzeko aukera izan dute. Bideoa albistearen amaieran.

Mobilizazioa egin zuten arratsean. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Baionako Bernat Etxepare lizeoko talde feminista independenteko kideek prestatua zuten egun osoko egitaraua: lizeoaren apainketa, tailerrak, bideo emanaldia... Eta mugimendu feministak grebaren harira Baionan antolatutako ekitaldietan parte hartzeko asmoa ere bazuten. Baina azkenean nahi baino gutxiago bildu ziren, eta pentsatutako guzia bertan behera utzi behar izan zuten; ez ziren horregatik etxera sartu, hala ere. Baionako Zizpa gaztetxera jo zuten, beste grebalari batzuekin batera kartelak eta apainketa prestatzera.

«Nire ustez, emakumeak greban jartzen bagara, mundua geldituko da», adierazi du gogotsu Sofia Beraetxek. Tuterakoa (Nafarroa) izanik ere, Baionan egiten ditu ikasketak. «Lizeoetan ere hau sortzea gauza ona da, nire ustez. Funtsean, egunerokoan lizeoan bizi gara, eta ikasleen egoera ez da beti biziki ona», aitortu du. «Adibidez, hilekoa edo beste edozer gauza dugunean, ez dugu eskubiderik gaizki izateko; behin baino gehiagotan erran digute ohitu behar dugula hori izatera, natura horrelakoa delako. Alta, hilekoagatik tripako minak edo zorabioak izan ditzakegu; eskubidea izan beharko genuke erizaindegira joateko, eta batzuetan ez digute uzten», salatu du.

Orain dela urtebete sortu zuten talde feminista lizeoan, iaz antolatutako grebaren harira. 25 emakume mobilizatu zituzten; aurten, baina, gutxiago. «Iazkoa osteguna zen; aurtengoa, ostirala. Horregatik, jende anitz etxera sartu da; beste batzuei, gurasoek ez diete baimenik eman greba egiteko», esplikatu du Beraetxek. Kontzientzia hartzeari begira lan egiteko beharra ere azpimarratu du.

Festetan, «beldurra»

Kontzientzia hori badute Añak eta Anitak —ez dute abizena eman nahi izan—. Bazkari partekatura agertu ziren atzo, eta neska gisa duten esperientzia kontatzeko parada izan zen haientzat. «Festetan badugu beti bakarrik izateko beldur hori. Ez gara eroso. Ez dakigu sekula zer gertatzen ahal den; beti konfiantza eskasean gara», azaldu du Añak. Inguruko mutilekin aipatu izan dute hori; «Ez dira baitezpada ohartzen zer beldur dugun». Anita: «Hastapenean, harrituak dira. Honelakoak erraten dizkigute: 'Hainbeste?', 'ez du iduri', 'ez da usu gertatzen'... Egia da, ez da usu gertatzen, baina aldi bat aski da konfiantza hausteko eta gaizki sentitzeko». Lizeoan ez dira sekula erasoak sentitu. «Mutil gehienek badute kontzientzia bat», azaldu du Añak. «Gero badira betikoak, irri egiteko erraten diren erranaldi sexistak», ohartarazi du Anitak. «Ez badugu pentsatzen ere, beti hor dira».

Adin eta ingurune ezberdinetako emakumeak elkartu ziren bazkaltzeko. «Garrantzitsua da. Bakoitzak ditugu gure bizipenak eta esperientziak, eta elkarren artean aipatzen ahal ditugu».Hala ere, biek argi dute zer den garrantzitsuena: «Entzunak izatea eta gauzak aldatzea». Horretarako urratsa egin zuten atzo, heldu den urtean gehiago izateko itxaropenez.

[youtube]https://youtu.be/Vg0sLsJIQDE[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.