World Tourra bihar abiatuko da, ohiko lehiak jokatuko diren itxaropenez

Ikusteko dago Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa jokatuko diren. 11 euskal ziklista ariko dira maila gorenean

enaut agirrebengoa
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Hilabeteko atzerapenarekin hasiko da World Tourra, bihar, Arabiar Emirerri Batuetako Itzulian. Normalean, Australian abiatzen da, baina aurten ez dira jokatu hango lasterketak, pandemia dela eta: Down Under Tourra eta Ocean Race. Bestela, maila nagusiko egutegiak ohiko itxura izango du, hasieran behintzat. Maiatzera arte, klasiko nagusi gehienak jokatuko dira: Milan-Sanremo izango da lehena, eta gero, harbideetako probak eta Ardenetako hirukoa iritsiko dira. Astebeteko lasterketek ere piztuko dute ikusmina denboraldiaren lehen zatian.

Ondoren, itzuli handien txanda helduko litzateke. Ondo bidean, ohiko ordenan jokatuko dira: lehenik, Italiako Giroa; gero, Frantziako Tourra —ohi baino lehenago bukatuko da, Olinpiar Jokoekin bat ez egiteko—, eta, azkenik, Espainiako Vuelta. Horietan, berritasuna da proba horien antolatzaileek gonbidapen bat gehiago eman ahal izan dutela; hala, World Tourreko hemeretzi taldeez gain, Kontinental Mailako iazko talderik onenak (Alpecin) eta antolatzaileek aukeraturiko hiru taldek hartuko dute parte. Vueltarako gonbidapena lortu dute Caja Ruralek eta Euskaltel-Euskadik; ez, ordea, Kern Pharmak. Sasoiari Munduko Txapelketak eta Lombardiako Giroak jarriko liokete ginga.

Ikusteko dago Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa jokatuko diren, iaz bertan behera gelditu ondoren. Euskal egutegia Miguel Indurain Sariak (apirilak 3), Zornotzako klasikoak (apirilak 11), Ordiziako klasikoak (uztailak 25) eta Getxoko Zirkuituak (abuztuak 1) osatuko lukete. Gainera, 11 euskal herritar lehiatuko dira World Tourreko taldeetan: Omar Fraile, Ion eta Gorka Izagirre, Oscar Rodriguez eta Alex Aranburu (Astana); Mikel Landa eta Pello Bilbao (Bahrain); Imanol Erbiti eta Iñigo Elosegi (Movistar); Jonathan Castroviejo (Ineos), eta Mikel Nieve (Bike Exchange).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.