Euskal Herriko txirrindulariak

Kopuruz antzera, baina soinean kolore berriak dituztela

Euskal Herriko 42 txirrindulari ariko dira aurten profesionaletan, horietatik hamabi World Tourrean. Movistar bilakatu da eliteko bilgune

enaut agirrebengoa
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Joan den igandean jarri zen abian Europako txirrindularitza egutegia, Valentziako Sari Nagusian, eta World Tour mailako taldeak bihar itzuliko dira lehiara, Mallorcan jokatuko den lasterketa sortako lehen proban. Denera hamabi izango dira 2022ko denboraldian txirrindularitzako maila nagusian ariko diren euskal herritarrak, iaz baino bat gehiago. Zazpik maillot berri bat izango dute soinean, gehienbat Astanako exodoaren eraginez.

Bertan bost euskal herritarrek ziharduten, baina sasoi honetarako ez da bakar bat ere geratu. Gorka Izagirre, Oscar Rodriguez eta Alex Aranburu Movistarrera joan dira, eta han Imanol Erbitirekin, Iñigo Elosegirekin eta Caja Ruraletik heldu den Oier Lazkanorekin egingo dute bat. Hala, World Tourrean Euskal Herriko ziklista gehien bilduko duen taldea izango da aurten Movistar.

Omar Fraile, berriz, Jonathan Castroviejorekin elkartuko da Ineosen, eta Ion Izagirrek, Astanatik irten den besteak, Cofidisen egingo du proba. Jon Aberasturik ere taldez aldatu du: Caja Ruralen elastikoa erantzi, eta Trekena jantziko du. Hortaz, esprinter arabarra goreneko mailara itzuliko da, elitean Euskaltelekin debuta egin eta bederatzi urtera.

Mikel Landa eta Pello Bilbaok, berriz, giltzarri izaten jarraituko dute iazko talderik indartsuenetako bat izan zen Bahrainen. Maila nagusiko egiturarik sendoenak, berriz ere, Ineosek, Jumbok eta UAEk izango dituzte.

Koska bat beherago, zeresana ematen saiatuko dira Euskaltel, Caja Rural eta Kern Pharma. Etxeko hamalau, zazpi eta sei ziklista ariko dira, hurrenez hurren, ProTeam mailako hiru euskal taldeetan. Mikel Nievek Caja Ruralen jardungo du, World Tourrean hamahiru urteko ibilbidea osatu ostean. Victor De la Partek TotalEnergiesen jarraituko du, eta Burgos BHn Ander Okamikak. Kontinental mailan, Gaizka Gurrutxaga debutaria izango da euskal herritar bakarra; Java Kiwi Atlantiko taldean lehiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.