Ajearentzat onena, beste festa bat egitea

Realak aldarte onean segitu nahi du ligan, Bartzelonaren etxean emaitza ona lortuta. Imanolek zenbait aldaketa egingo ditu, baina argi du: «Partida irabaztera goaz»

Martin Odegaard Realeko jokalaria eta Antoine Griezmann Bartzelonakoa, lehen itzulian, Anoetan. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Azkenaldian sentipenen festa batean bizi da Realeko zalea. Azken asteak bikainak ari dira izaten txuri-urdinentzat, eta Espainiako Kopako finalera sailkatu izanak aje emozionala utzi die Anoetakoei eta haien jirakoei. Alabaina, ligan ere ondo ari da Reala, eta aukera guztiak zabalik dituela ekingo dio neurketa berri bati.

Partida zailari egin beharko diote aurre gaur Imanol Alguacilen jokalariek. Bartzelona bigarren sailkatuari egingo diote bisita, eta Camp Noun jokatzea beti da makurra. Katalanen egoera nahasiari zukua atera nahi diote gipuzkoarrek, emaitza ona lortu eta Europako postuen lehian segitzeko. Ajea gainditzeko beste festa bat egin nahi du Realak.

Izan ere, balentria handia litzateke Bartzelonari bere etxean irabaztea. Realak 29 urte daramatza ligan halakorik egin gabe, eta aurtengo sasoi ona aprobetxatu nahi du horretarako. Amorruz jositako talde bat izango du aurrean: Bartzelonak ligako lidergoa galdu zuen joan zen igandean, Real Madrilen aurka galdu eta gero. Hargatik, partida gogorra espero du Imanolek: «Halako estadioak zailak dira. Ni zelaian nintzen azken aldiz puntu bat eskuratu genuenean, eta 25 urte igaro dira. Erronka bat da, eta halaxe helduko diogu. Nekea izango dugu, baina ez dago aitzakiarik. Irabazteko asmoz goaz hara».

Prestatzaile oriotarrak azpimarratu duenez, «Mirandesen aurkako kanporaketa igaro orduko» hasi ziren «Bartzelonarengan pentsatzen». Txuri-urdinek bi egun izan dituzte partida prestatzeko, eta ezer jaso gabe ekingo diotela esan du Imanolek: «Hiru egunean behin jokatzera ohitzen ari gara. Orain artean ez dugu askorik igarri, baina kontua da oraingoan Bartzelonaren aurka jokatuko dugula, eta haien etxean. Aurkari garrantzitsua da. Jokoak erabakiko du partida, baina gu ausart zelairatuko gara, eta gure nortasunarekin jokatuko dugu».

Aldaketak, nahitaez

Partida kopuru handiak askorik eragin ez badio ere, Realak aldaketak egingo ditu gaur arratsaldean. Arazo fisikoak tarteko, gutxienez jokalari bat aldatu beharko du Imanolek. Aritz Elustondo atzelaria ez da osatu asteazkenean oinaren gainaldean hartu zuen kolpetik, eta deialditik kanpora geratu da. Gainontzeko guztiak jokatzeko moduan ditu Donostiako taldeak, baina litekeena da hamaikakoak zenbait berritasun izatea.

Deialdian ere izan dira gorabeherak. Aritzen hutsunea Diego Llorenterekin bete du Imanolek. Espainiarra deialdi batera itzuli da, urtarrilaren 26an min hartu zuenetik lehendabiziko aldiz.

BARTZELONA-REALA
Bartzelona. Ter Stegen; Semedo, Pique, Umtiti, Alba; Busquets, Arthur, De Jong, Vidal; Messi, eta Griezmann
Reala. Remiro; Zaldua, Zubeldia, Le Normand, Monreal; Gebara, Merino, Odegaard; Januzaj, Portu, eta Isak.
Epailea. Martinez Munuera.
Lekua. Camp Nou (99. 354 ikusle).
Ordua. 18:30an (Movistar LaLiga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.