Jon Abril. Dokumentaleko zuzendaria

«Andre zirenez eta etxeko lanak egiten zituztenez, ahantzi egin dugu parte hori»

Iker Tubia.
Bera
2016ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Kazetaria da Jon Abril (Bera, Nafarroa, 1975). Oraingoan, atzera begira jarri da, neskatoen istorioa lau haizeetara zabaltzeko. Neskatoak dokumentala zuzendu du.

Gizarteak zorra zuen emakume haiekin?

Nire amatxi hogeitaka urtez aritu zen Ziburuko etxe batean neskato; gazterik alargundu zen, eta seme-alabak anai-arrebekin utzi behar izan zituen. Etxe hartako kontuak eta neskato kontuak beti aditu izan ditut. Ohartu nintzen ezagutzen dugula Ameriketara joan zirenen istorioa, Iratira edo Landetara mendi mutil joan zirenena, Ternuara arrantzara joandako gizonena, baina emakumeak falta ziren historia honetan. Emakumeak neskato joan ziren, eta emakume zirenez eta etxeko lanak egiten zituztenez, ahantzi egin dugu historiaren parte hori.

Gizonek ez ezik, emakumeek ere sartzen zuten dirua etxean.

Bai, eta funtzio sozial inportantea izan zuten alde horretatik. Familia hagitz handiak ziren, gerra ondoko egoera iluna zen, eta emakume hauen ekarpena berebizikoa izan zen. Gainera, zenbait familiatan berebizikoa izan zen ekonomiari dagokionez. Hemen, baserria gutxi garatua zen, eta orografiagatik garatzeko aukerarik gabea, beraz, nahitaezkoa izan zen hemendik ateratzea.

Baztan-Bidasoa inguruan gertatu zen egoera hau, batik bat?

Hurbiltasun geografiko hutsagatik, hagitz nabarmena izan zen Baztan-Bidasoa osoan, eta Irun, Hondarribia eta Oiartzun inguruan. Arantzatik, Etxalartik eta Beratik joan zen emakume gehien. Harrapatu ditut Gipuzkoako toki anitzetatik joandakoak ere bai —Bergarakoak, Tolosakoak, Amezketakoak...—, eta Zaraitzu aldean eta Erroibarren, anitzez kopuru txikiagoetan, baina joan ziren Baigorrira, Garazira...

Nola izan zen neskatoen lanaren bilakaera?

1950eko hamarkadan joandakoek gordeka pasatu behar izan zuten, pasaporterik gabe, lan baldintza hagitz txarretan: gehienetan ez zuten segururik, ez zuten lan baimenik, ez zuten oporrik ez egun librerik. Hamarkadaren bukaeran, Espainiak eta Frantziak hitzarmen bat egin zuten langileak mugitu ahal izateko, ordura arte debekatua zegoelako estatutik ateratzea. 1960ko urteetatik aitzinera baldintzak pixka bat hobetu ziren. Ez zen kolpean izan, baina hasi ziren aseguruak edukitzen. Bada han pasatutako sei-zazpi urteetan kotizatu ez zuen jendea. Bertze batzuek, aldiz, urte guziak kotizatu zituzten, edo bukaerakoak gutxienez. Orduan hasi ziren astean behin egun libre bat izaten, tarteka opor egunak...

Orain etorkinek duten egoerarekin alderatu liteke?

Dokumentala horrekin bukatzen da, gaur egungo egoerarekin. Neurri batean, denborak aldatu dira, gauzak aldatu dira, baina, funtsean, arazo berari erantzuten diote: beharra. Beharrak eragin zuen atera behar izatea. Gaur egun ere beharragatik etortzen dira. Lehengoek bete zituzten lanak eta gaur egun kanpotik datozenek dituztenak dira bertako gizarteak egin nahi ez dituenak. Normalean zaintzarekin eta etxeko lanekin lotutakoak. Beraz, paralelismoa erabatekoa da.

Paradoxa. Gizarteak behar-beharrezko ditu lan horiek, baina oso gutxi baloratzen ditu.

Ikaragarria da. Gaizkien ordainduta daudenak dira, anitzetan lanik gogorrenak dira, eta gaur egun segitzen dugu gutxien ordaintzen eta gutxien baloratzen. Badugu zer hausnartu.

Dokumental hau aurkeztu ondotik, zer espero duzu?

Gutxienez jendeak ezagut dezala istorioa, kontziente izatea gu ere izan garela emigratu duen herri bat, eta gaur egun gazteak ere joaten direla, gizarte honek ez dielako bermatzen bizi proiektua bertan garatu ahal izatea. Edozeini gertatzen ahal zaio. Arrazoi politikoengatik edo ekonomikoengatik, edo biengatik normalean, testuinguru jakin batean gertatzen diren gauzak dira hauek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.