Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Orojakileak

2023ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Ez da ezer berria. 1990eko hamarkadan irrati programazio guztietan hedatu zen formatua dugu tertulia. Eguneko informazio agendan dauden gaiez hitz egiteko aukera ematen du, ekoizpen gutxirekin, gainera. Gaurkotasunaren inguruko gogoeta edo hausnarketa-tarte gisa aurkezten den arren, errealitatea bestelakoa da: iritziak, solasaldi berean osasun sistemaz, hezkuntzaz edota geopolitikaz hitz egiteko gai diren orojakileen ahotsetan. Sakoneko azterketarik gabe. Ñabardura gutxirekin, berdin da zein katetan entzuten dugun, gaiak berdinak dira...

Esaten dute tertuliak nobleziako emakumeen egongeletan jaio zirela. Goi mailako andre horiek asperraldiari aurre egiteko artistak gonbidatzen zituzten kultur jardunetara. XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, solasaldi horiek kafetegitara mugitu ziren; oso ezagunak dira orduko literatur tertuliak... Eremu pribatuetatik ateratzearekin batera, aldiz, emakumeen presentzia ere nabarmen murriztu zen, ia desagertzeraino.

1990eko hamarkadan, tertuliak ugaritu ziren programazio orokorreko kate gehienetan, orduan Espainian bizi zen krispazio politikoan eragiteko. Gaur arte iraun duen iritzi formatua da, zeinaren helburu nagusia agendan egon behar duten gaiak mahaigaineratzea da —eta beste batzuk baztertzea—, horien inguruan gogoeta egitea baino gehiago.

2016tik aurrera, ikerketa taldetik hasi ginen neurtzen iritzi-emaileen profila eta hasieratik agerian geratu zen gizonezkoak zirela nagusi, baita kate publikoetan ere. Emakumeok gizartearen erdia osatu arren, oso azpi-ordezkatuta gaude solasaldi horietan. Pentsatu nahi dugu emakumerik gabeko tertuliak ematen zirela salatu izanak eragin zuela presentzia areagotzera. Hala ere, emakumeen parte-hartzeak txikiagoa izaten jarraitzen du. Era berean, gizon batzuen presentzia denboraldiz denboraldi errepikatzen den arren, emakumeen txandakatzea nabariagoa da. Aitzakiak asko dira, baina askotan leporatzen zaie ez dutela parte hartu nahi, ez direla ausartzen. Joan den igandean, tertulia ezberdinetan parte hartzen duten emakumeek BERRIAn idatzitako artikuluak eta aste honetan bertan Kataluniako emakume kazetariek egindako salaketak gako batzuk eman beharko lituzke absentzia horren atzetik zer ezkutatzen den jakiteko. Goizeko tertulietan horren inguruko hausnarketa espero nuen, baina ez zen inolako aipamenik egon, are gutxiago autokritikarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.