Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Jokoz kanpo

2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Arreta osoa bereganatzen du futbolak. Ez du bereizketarik egiten kirola maite eta gorroto dutenen artean. Denok halabeharrez gaude futbolari begira. Horretaz jabetu nintzen asteazkenean, Euskadi Irratia piztu eta futboleko Espainiako Kopako partida baten emankizuna aditu nuenean. 20:00ak ziren, eta nik Arantxa Iturberen ahotsa espero nuen, egiari zor. Arratsean saioaren ordez, Kordobaren eta Realaren arteko norgehiagoka zegoen. Gola sartu zidaten. Jakina, irratietako programazioa alda daiteke; egunean zehar saio jakin batzuk daude ezarrita, baina beharrezkoa da horiek aldakorrak izatea, gaurkotasunak batzuetan eskatzen duen protagonismoari eusteko. Bada, ez nekien futbolak halako boterea zuenik. Edo jakin banekien, baina artean ez nuen erabat ulertzen zer-nolako erraztasunez konkistatu ohi dituen bereak ez dituen espazioak.

Euskadi Irratikoak ustekabean harrapatu ninduen —bide batez, zalantza batekin natorkizue: asteazkenekoa nahieran egongo da entzungai ala betiko joan da linbora?—. Eta futbolarena gaitz endemikoa ote den jakiteko, SER katea piztu nuen. Ez nuen programazioan aldaketarik nabaritu: Hora 25, Pepa Bueno gidari. Baina, bat-batean, esatariak esan zuen: «Dakizuenez, futbol partida dugu orain; beraz, Carrusel Deportivo-ri bidea emango diogu». Petrificus Totalus arnegua bota zidaten une hartan, zin degizuet.

Egia esan, ez nuen batere argi zer egingo zuten jada abian zegoen irratsaioarekin. Erantzuna fite iritsi zitzaidan: «Hora 25 entzun ahal izateko, SER +, sakelako telefonoaneta irratsaioaren webgunean aurkituko gaituzue bederatzietatik aurrera». Kasu horretan, nabarmentzekoa da etenaldiaren aurrean irtenbide bat proposatu zutela, hots, beste dial batean (SER +), aplikazioaren bidez edo webgunean entzun ahal izateko abagunea bazegoela. Ez da ideia txarra aldibereko emankizunak kanal desberdinetatik ematea. Alabaina, beste behin, tokiz aldatzea zegokion futbola ez zen beste emankizunari. Irtenbidea dei geniezaioke horri?

Gainera, pentsatu nuen agian jendeak ez duela baliabiderik app bat deskargatzeko edo webgunearen bidez irratsaioa entzuteko. Eta zergatik aldatu behar du dialez saioa gustura entzuten ari denak? Irratia itzali nuen, amorratuta. Orduantxe imajinatu nituen Arantxa Iturbe eta Pepa Bueno, aulkian, atsekabetuta, zelaira atera ezinik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.