Euskal Herrian asko kostatzen zaigu zerbaiten inguruan ados jartzea, baina guztion kontsentsua lortzen duen gauza bakarraren errezeta erraza da: irina, gurina edo olioa eta ura edo esnea. Horri gehitu ahal diogu nahi duguna: urdaiazpiko edo pernila, oilaskoa, bakailaoa, edo, azken tendentziak kontuan hartuz, onddoak, txipiroiak... Bai, hau da, kroketaz ari naiz. Duela gutxi, ia berrogei urteren ondoren, Gizarte eta Komunikazio Zientzietako fakultateko lagunok bildu ginen, eta kroketekin brindisa egin genuen; bada astebete ere kroketek zoriona ekartzen dutela irakurri nuela, eta pentsatu nuen ea nolakoa izango litzatekeen bexamelezko bolatxo horiek gabeko mundu bat.
Kroketak, borobilak edo luzeagoak, jan ondoren damutzera eramaten zaituztenak (kaloria asko omen dituzte), baina goxo-goxoak, eta betiere gehiago jateko gogoz uzten zaituztenak. Horrelakoak dira ere Urtzi Urkizuk eskaintzen dizkigun kroketak. Berak iragarri moduan, maiztasun zehatzik gabeko atalak, baita gaiak ere, elkarrizketatutako pertsonak edo irakurritako sormen-lanak markaturiko iraupenaz, baina ez hamar minututik gorakoak. Zapore ugarikoak: literatura, kirola, jan-edana, bertsoak... Autorearen platerak, Urkizurenak.
Podcast horretatik tiraka, hasi naiz begiratzen izen-abizenez sinaturiko saioak. Nik neuk ere izan dut halako podcast bat egiteko bultzada, lankideek ere galdetu didate ea egiteko asmorik dudan, baina aitortu behar dut ausardia falta zaidala, eta ez zer kontatzeko ez daukadalako, baizik eta beldur naizelako ea nik esango ditudanak inoren interesekoak izango (ez) diren. Hori baita garrantzitsua, ez soilik zer esan izateak, baizik eta horreninguruan jakin-mina duen entzuleriak entzutea. Edo, kroketa-egileak lehenengo saioan esan zuen moduan, aurretik onartzea: «Ezin zara mundu guztiaren gustukoa izan. Ez zara kroketa bat». Hortik aurrera, nortasuna eta askatasuna dira ezaugarri nagusiak, zigilu propioa lortzeko. Gero, entzuleak, zutabeen irakurleak bezala, erabakiko du ea gustuko duen ala ez, edo honetan asmatu duzun ala ez... Gaur, beharbada platera gordinik geratu baitzaizu, ala erre zaizu. Urkizurenak, beti, jateko modukoak daude, puntuan.
Eta honetara helduta, noizko sukaldaritzari buruzko podcast bat euskaraz? Adibidez, Whatsappez birbidaltzeko errezeta goxo eta errazak eskainiko dituena? Ziur, askok jango genukeela.

IRRATIA
On egin!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu