Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Emakumeak solaskide

2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Zutabe hau idazteko gonbita egin zidatenean, argi nuen hona ekarri nahi nituela, besteak beste, programazio jeneralistetan lekurik ez duten saioak. Gaur, BERRIAk eskaintzen duen podcast bat nabarmendu nahi dut: Maider Galardik gidatzen duen Berria FM. Pasa den uztailean 40. atala eman zuen, eta laster laugarren denboraldiari ekingo dio. Ez dakit 2019ko azaroan abiatu zenean komunikazio feministaren erreferente bihurtuko zela imajinatzen zuen.

Hilean behin —bi astero hasieran— ordu erdiz pil-pilean dagoen gai bati heltzen dio elkarrizketaren bidez. Horrez gain, BERRIAko kazetarien kolaborazioa izaten du, eta Ramoni eta Lohitzune pertsonaiek umorez begiratzen diote gaurkotasunari. Hori gutxi balitz, atal bakoitzean tratatuko den gaiaren inguruan Araitz Mesanzak ilustrazioa egiten du. Kirola, osasuna, gerra, artea, musika, zientzia... oso gai ezberdinek lekua dute podcast horretan, eta pandemiak ere ez zuen gelditu, grabaketa etxetik egin behar izan bazuen ere.

Batzuek irizten diote feminista izateak emakumeentzat egindakoa esan nahi duela, edo entzuleria minoritario bati zuzendua dela. Horrela izango balitz, ordea, biztanleriaren erdiak osaturiko gutxiengoaz arituko ginateke, eta target txikiagoa duten produktu askok lekua dute parrilletan inork zalantzan jarri gabe. Baina, gainera, hori uste dutenak erratuta daude. Feminista izatea munduari osotasunean so egitea baita, eta ez gizonezkoen neurrira egokitutako neutrotasunetik, baita emakumezkoen begirada aintzat hartzea ere. Hori baita Galardiren beste lorpen bat: berrogei saioetatik emakume asko pasatu dira, hainbat arlotan aditu zein arituak, emakumeen absentzia justifikatzeko solaskideak topatzeko zailtasunak aitzakiatzen dituztenen argudioak ezerezean utziz.

Aurretik, Oiartzun eta Antxeta irratiek egindako Amapola Morea-k erakutsi zuen kontatzeko asko duten emakumeak elkarrizketatzea posible dela saioz saio. Sarean entzungai daude 56 emakumerekin izandako solasaldiak.Eta, zailagoa dirudiena, Maddi Garmendia eta Ane Urkiri, beren aldetik, 18 emakume kirolarirekin berriketan aritu dira Kirolari Gaittun podcastaren lehenengo denboraldian.

Berria FM-ren atal berria itxoiten ari garen bitartean, aurrekoak entzutera gonbidatzen zaituztet; ziur nago harrapatuko zaituztetela, eta, nork daki, munduari betaurreko morez begiratzera lagundu ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.