Mikel Zumeta.
HERTZAK

Sare txirikordatua

2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Aste honetan lubakira itzuliko naiz, gustukoen ditudan zokoetara, kultur hausnarketa eta kritika sustatzen dituzten uhinetara. Aipatu izan dut irrati eta podcastaren mundua zabala bezain anitza dela. Hain da handia, non batzuetan gaindosiak jota egongo bagina bezala gelditu gaitezke blokeatuta, analisi bidezko paralisian. Zer entzun, noiz, non ez dakigula. Horrelakoetan, ezin aproposagoak dira kultur saioak; zer, non, noiz eta nondik sortu den azalduko digutenak.

Bilaketa garrantzitsua da, entzunaldia, hausnarketa, gauza berri eta desberdinak probatzea. Bide horretan ezagutu dut Discordia. Frantziatik, pop kulturaren kritika eta analisia bultzatzen duen artefaktu mutantea da.Discordia-k ,web ataria izateaz gain, kritika idatziak eta artikuluak plazaratzen ditu. Eta podcasta bada mamitsua bezain zoro eta interesgarria.

Haien hitzetan: «Diskordianismoari ohore egiten dion atari anarko-konplotista kulturala da», Robert Anton Wilsonek eta Robert Sheak Illuminatus eleberri trilogian azaldutakoaren irudira sortua. Kritika norabide anitzekoa, asteroko editorialismoa, podcast matxinatuak, pertsona ez oso orekatuei elkarrizketak. Kilima saiakera zabala Zeitgeist-ak erogenoak pentsatzen ez zituen eremuetan bilatzen dituena da.

Podcast atal berria aireratzen dute astero. Bertan Michel Houllebecq idazlearen irudiaren eta obraren inguruan hausnartuko dute, Euphoria telesailari zirrikitu guztiak miatu eta hankaz gora jarri, Tobe Hooper zinemagilearen Texas Chainsaw Massacre filmaren urtemugaren harira zuzendariaren eraginaz jardungo dira, Blanche Gardin umoregile frantsesari egurra emango diote, ziberpunkean galduko zaizkigu, Wes Craven, Andrzej Zulawski eta Nicolas Cage ikonoak aletuko dituzte. Solasaldiak luzeaketa mamitsuak izango dira,ordu bateko eta bi ordu inguruko iraupena izango dituzte saioek.

Discordia nahasia da, posmoa, zaramatsua. Guztiak dauka guztiarekin lotura, rizomatikoa da, labirintikoa, palindromikoa da. Diskordiak garaikidetasunak okaztatzen digun gaindosi informazionalari kontraerasoa egingo dio. Puntu guztiak lotu, elkarrizketaren bitartez argitzeko zeintzuk izan daitezkeen kultura garaikide Tetsuoar aglutinatzailearen giltzarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.