Mirari Martiarena Iraola.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Biribilguneak

2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Joseba Sarrionandia 40 urteren ondoren Euskal Herrira itzulitakoan egin zioten elkarrizketan aipatu zuen zeuden biribilgune pilak harritu zutela. Gainontzekooi grazia egin zigun, baina egia da, zerbait ugaritu baldin bada gure inguruan azken urteetan, biribilguneak izan dira. Alferrik egindako biribilguneak, baina modan daude eta konturatu gabe errepideko boterea eman diegu. Nahiz eta inork ez dituen ongi hartzen gidatzerako orduan eta ziurgabetasuna sortzen diguten. Eta horixe da KKinzona irratiko saioetako baten abiapuntua biribilguneak eta ziurgabetasuna. Non hasiko diren jakin arren, ez dakitelako saioa non bukatuko duten Botere Guztia Biribilbuneei-ko lagunek. Mikrofono aurrean aritzen dira Baintha Brakk, Maialen, Koxmox eta Tasio. Nahiz eta lehenago Baintha Brakken ordez Oxkar aritzen zen, baina istripu batek ekarri zuen aldaketa. Ze istripu izan zuten jakiteko, saioak entzun behar. Euren arabera: azaletik jarduteko asmoz betiere, mintzagai eta ideia harrigarrietara iristeko ahalmena dute. Saio batzuk entzunda hau da ondorioa: eskerrak azaletik jarduteko asmoa duten. Ideia eta gai batzuk azaletik joaten dira, baina beste batzuetan beraiek pentsatzen dutena baino sakonago aritzen dira. Eta bai, ideia harrigarrietara edo lotura absurdoenetara iristeko ahalmena dute. Ez dira politikoki zuzenak, pentsatzen dutena esaten dute filtrorik gabe. Eta askok beldurragatik ahoz gora esango ez lituzketenak ere esaten dituzte, Idiazabal gazta sobrebaloratuta dagoela, adibidez.

Elkarri pilota botaz aritzen direla esan eta horrek eramaten ditu pilota partiduetako emankizunei buruz hitz egitera. Nahiz eta euren gai ordenan horri buruzko ezer idatzirik ez izan. Politikaz hitz egin baino nahiago dute odolki eta mondejuei buruz eztabaidatu. Edo mamia azukrea botatakoan nahastea onartu behar den edo ez. Horiek direlako bizitzako gai inportanteak. Batzuetan isilik geratzen dira, baina badakite isiltasun horri buelta ematen. Euzkitzek pilota partidetan isiltasunaren ondoren «Rezustak zazpitik» esaten duen modu berean.

Bizitza biribilgune bat da edo biribilguneei boterea eman diegun bizitza dugu. Ez dakigu mundua noiz bukatuko den, baina Euskal Herriaren bukaera iragarri dute Botere guztia biribilguneei saiokoek: jendea «Ayer subi al Txindo» esaten hasten denean iritsiko omen da.Hau ere gehituko nioke: orduan edo Euskal Herri osoan ordu berean bazkaltzen hasten garen egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.