Mikel Zumeta.
HERTZAK

Barrua kanpora, kanpoa barruan

2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Badator Oier Aranzabal, zuzeneko soinuarekin: autoen burrunba, semaforo baten azken bost segundoetako hotsa, etxeko atariko txirrina, egurrezko eskaileretan pausoen hotsak, korridorean eragiten duten oihartzuna. Hori da hasiera, fondoko soinu banda lausoa, girotze modura, Oierrek egunerokoa errezitatuko baligu bezala, Barruan gaude. Lagundu gaitu, leuntasunez, goxoki, sartzera, ateak zabaldu ditu gure partez; deiak egin, ekoizpena antolatu, egutegiak, bidaia, eguna, ordua adostu. Txirrina jo du, atea, eta zabaldu da, gonbidatuaren etxearen atea, parez pare, bai, barruan gaude, eta erosoa izango zaigu, gonbidatu bereziak izango bagina bezala sentituko baikara.

Barruan gaude aski ezaguna den podcasta da dagoeneko. Orain EITB Podkasten aurkezten du, Ulumedia ekoiztetxearen eskutik. Baina ibilbidea 2019an hasi zuen, Zuzeu podcast-en. Dagoeneko 51 saio daude entzungai, EITB Podkasten zein ohiko plataformetan. New Yorken bizi den Kirmen Uribek etxeko ateak zabaldu ditu 50. saioan, denboraldi berriari hasiera emateko. 51.ean Elizabeth Macklin poeta estatubatuarra euskaraz entzungo dugu. Txoria txori abesten, besteak beste.

Saio bakoitzak ordubete inguru irauten du; badira ordu eta erdi, eta ordu erdikoak ere noizean behin. Bakoitzean Aranzabal ia ikusezina izango dugu, haritik tiraka, mikrofonoari eutsiz, guztia leunki garatu dadin, naturaltasun eta hurbiltasun handienarekin. Bestaldean; pertsonak, istorioak, etxeak, deskribapenak. Kontakizunetik piktorikotasunera eramango gaituen esperientzia. Miren Arzallus, Bego Del Teso, Eneko Sagardoi, Gorka Bereziartua, Harkaitz Cano. Arantxa Iturbe, Bernardo Atxaga eta askoz gehiago dira elkarrizketatuak. Handitzen doan altxor txikia da Barruan gaude, lekukotza audiografikoak memoriarako. Ederrak, dibertigarriak eta hurbilak dira atalak, gonbidatuak eta kontatuko digutena.

Barruan gaude du izena, baina barruan daudela esango nuke, play sakatu bezain pronto sartu direlako etxean. Irudikatuko ditugu kontatuko dizkigutenak, amets batean bezala, lauso, edo margo batean bezala margotuz, deskribatutako irudia osatzeko. Aldi berean, sukaldetik egongelara begiratu dut, han baitut bozgorailua, ea han dauden, guztiak, etxeko salan. Ez dakit han edo hemen, baina elkarrekin gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.