Lan merkatua. Testigantzak

«Enpresa ez zen animatzen; guk geuk animatu dugu salatuz»

Elecnorrek aldi baterako langile guztiak finko bihurtu ditu, batzordeak lan ikuskaritzan salaketa jarri ostean. Kontratu mugagabe gero eta gehiago sinatzen dira Hego Euskal Herrian

Elecnor enpresako behargin bat, mantentze lanetan. ELECNOR.
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Azken lan erreformak zaildu egiten du behin-behineko kontratuak egitea, eta kontratazio mugagabea sustatzen du. Baina enpresa batzuk motel ari dira araudi berrira egokitzen, eta ez dira gutxi lan ikuskaritzak behartuta jokamoldea aldatu behar izan dutenak. Horien artean dago Elecnor, Bilbon. «Ikusten genuen enpresa ez zela animatzen; guk geuk animatu genuen lan ikuskaritzan salatuz». Miguel Santamariaren hitzak dira, enpresako lan batzordeko presidente eta CCOOko kidearenak. Bizkaian 730 behargin inguru dira, eta horietatik guztietatik ia %10ek aldi baterako kontratua zuten. Uztailean erregularizatu ditu Elecnorrek bere langile guztiak, lan ikuskaritzak aginduta.

Lan erreforma onartu aurretik jada enpresaren «atzetik» zenbiltzan. Enpresaren erantzuna, «zurruntasuna». Santamariak eskerrak eman dizkio araudi berriari, bestela «berdin-berdin» jarraituko luke-eta zuzendaritzak. «Lepoa jokatuko nuke».

Gero, bada «kuriosoa» enpresak aldi baterako kontratuak finko bihurtzearekin batera lortu duen onura. Gizarte Segurantzako kostuak ez dira berak mota bateko edo besteko langileentzat, behin-behineko kontratazioek gainkostu bat dutelako. Alde horretatik, diruren bat aurreztuko du enpresak aurrerantzean. «Nola duzu gainkostu hori jakinda luzaroan izango direla zurean? Atentzioa eman digu betidanik».

Aldi baterako langileak izateko arrazoiaz galdetuta, ez daki zehazki zer erantzun: «Ez digu inoiz esan. Agian absentismo gutxiago, gaixo agiri gutxiago, 'aizu, ordu batzuk gehiago geratu behar duzu'... Uste bat da, baina logika duen uste bakarra». Enpresarentzat ere presioa egiteko modu bat izan liteke, askoz sinpleagoa eta leunagoa. «Ez dute ezer esan beharrik; aldi baterako langileak badaki zer datorkion».

Santamaria berau ere aldi baterako langilea izan zen, 2006ko lan erreforma onartu aurretik. Orduan, langile asko bihurtu ziren finko. Oraingoan, geratzen ziren besteentzat egin du ahalegina Elecnorreko CCOOko taldeak. Apirilean aurkeztu zuten salaketa lan ikuskaritzan, enpresak langileak erregulariza zitzan.

Langile horien egoera azaldu du Santamariak: «Denboratasunak dakartzan arazoak... Ezjakintasunez bizi ziren langileak. Ez dakizu zehazki obra bat amaitu ostean zer izango duzun. Egia da esaten zizutela 'hemendik hara joango zara'. Baina nork daki?».

Ez hori bakarrik: aldi baterako langileek ere bazuten beharra lanerako beti prest egoteko, orduko kontratua beste batekin kateatzeko itxaropenez. «Gaixo agirien kontua... Ez zuten baja egunik hartzen. 'Eta ez badidate deitzen?' Norbait gaizki badago, gaixo agiria behar du ondo egon arte».

Lan erreformak egonkortasuna ekarri du Elecnorrera. Ordea, langileentzat ez da soilik laneko egonkortasuna: horrek dakartzan berme guztiak ere bai. «Bankura joan, eta entzutea: 'Lan finkorik ez duzunez...'. Hori behintzat gainetik kendu dute, eta gutako bik jada hipoteka bat eskatu dute», dio Santamariak.

«Biraketa» kontratazioan

Azken lan erreforma 2021eko Eguberriaren atarian hitzartu zuten Espainiako Gobernuak, CEOE patronalak, eta CCOO eta UGT sindikatuek. ELAk eta LABek gogor salatu zuten ituna, aurreko erreformen puntu asko bere hartan utzi zituelako. Baina haren defentsa egin du Arkaitz Antizar CCOOko Gipuzkoako arduradunak, nahiz eta aitortu duen eskakizun asko bidean geratu zirela. Baina «lan merkatuaren arazoaren muinari» eustea lortu zutela adierazi du: aldi baterako kontratu gehiegi sinatzea.

Antizarren arabera, horretan oinarritzen zen lan merkatua; «enpresariek dirua irabazteko zuten bideetako bat zen», langileentzako zekarren ziurgabetasunarekin. Lan erreformak behin betiko ezabatu ditu obra eta zerbitzu kontratuak, eta aldi baterako kontratuak baldintza oso zurrunen pean baimendu; lehen baino hobeto justifikatu beharko dute enpresek zergatik eta zer-nola behar duten langilea aldi baterako besterik ez.

«Egoera ez da gauetik egunera aldatuko», aitortu du CCOOko ordezkariak. Martxora arte obra eta zerbitzuetako kontratuak egiten jarraitu zitekeen, baina segituan hartu zuten erritmoa kontratu mugagabeek. Hego Euskal Herrian, urtarrilean, guztien %11,1 izan ziren; otsailean, %15,2; martxoan, %20,2.

«Biraketa» bat jazo da, Antizarrek dioenez, eta «kontratu finkoetarako presuntzioa» lehenetsi du erreformak. Hala erakutsi zuten hura bete-betean aplikatu eta ondorengo hilabeteek. Apirilean, hamar kontratutik ia hiru (%29,8) mugagabeak izan ziren. Ordutik hona, proportzioa ez da laurden batetik jaitsi (%27,1 maiatzean; %27,1 ekainean; eta %25,4 uztailean). Bistakoa da: enpresa batzuek hasi dute trantsizioa. Beste batzuek, CCOOko arduradunaren ustez, bultzadatxoren bat beharko dute: «Tresna hor dugu, baina tresnak bakarrik ez du ezer egiten. Ikuskaritza lana garrantzitsua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.