Alokairua eteteko iruzurra

Alokairu kontratua eteteko iruzur baten berri eman du Alda mugimenduak. Maizter ohi batek etxejabea eta etxe agentzia auzitegira deitu ditu, eta kalte ordainak eskatu dizkie.

Bestelako iruzur bat salatzeko asmoz Alda mugimenduak otsail hasieran eginiko ekintza bat. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Ez da berria, baina, Alda mugimenduak salatu duenez, gero eta gehiago ikusten ari diren iruzur bat da. Frantziako legedian alokairu kontratuak berez berritzen dira, baina etxejabeak kontratu hori eteteko aukera izan dezake bera edo bere senideren bat bertan bizi dadin bizitegia berreskuratu nahi badu. Sei hilabete lehenago abisatu behar du maizterra; epea hiru hilabetekoa da bizitegia altzariekin alokatua bada. Arazoa da aukera hori baliatzen duten etxejabe batzuek iruzurra egiten dutela: bizitegia berreskuratu ordez, garestiago alokatzen dute, edo turismorako alokairuan jartzen dute. Erabat ilegala da.

Urruñan (Lapurdi) izandako kasu bat aipatu du Aldak. Bere haurrekin batera bizi zen Johanna apartamentu batean, baina 2021eko azaroan kontratua eten zioten, jabeak berreskuratzeko argudioarekin. Joan den urtarrilaren 25ean, etxejabea eta higiezin agentzia auzitegira deitu zituen Johannak, kontratu etetea baliogabe jo eta kalte ordainak jasotzeko asmoz. «Carmen etxeagentziak bidali duen kontratu etetea formaren aldetik zuzena zen», esplikatu du Arantxa Ihidoi abokatuak, «baina falta bat bada, bizitegia berreskuratu ordez beste bati alokatu ziotelako».

Izan ere, Johannak bizitegia utzi ondotik, hura zaintzen aritu ziren Alda mugimenduko kideak denbora batez. Astero joaten ziren bertara, tenore ezberdinetan, eta etxebizitza hutsik zegoela egiaztatu zuten. Ez jabeak ez bere senide batek ez zuen bizitegia berreskuratu.

2022ko maiatzean maizter berri batzuk sartu zirela jakin zuten Aldakoek. Uxer agiri batean jasoa da Johannari kontratua eten zion higiezin agentzia beraren bidez eskuratu zutela bizitegia maizter berriek; aitzinekoa baino alokairu handiagoa eskatu zieten. «Alokairua 950 eurokoa da, lehenago zen baino ehun euro garestiagoa», zehaztu du Ihidoik. Hori ere ez da legezkoa, etxebizitza tentsio zonan baita Urruña: maizterrak aldatzen badira ere, alokairua hein berekoa gelditu behar da. Bi arrazoi horiekin jo dute auzitegi zibilera, etxejabea eta higiezin agentziaren kontra.

Prekaritate handia

Familiak jasandakoa deitoratu du defentsako abokatuak. Kanporatzeko agindua jaso aitzin, emaztea bere bikotekidearengandik bereizia zen genero indarkeria kasu baten ondotik, eta bai berak eta bai bere seme-alabek osasun arazoak dituzte. Urruñako etxebizitzatik kanporatua izan ondotik, emakumeak ez zuen beste bizitegirik aurkitu, eta familia banandu behar izan zen, leku ezberdinetan aterpetua izateko. Semeari autistentzako zentro berezitu batean aurkitu zioten lekua; Johanna eta bere bi alabak,aldiz, emaztearen gurasoen etxera joan ziren bizitzera, Hazparnera (Lapurdi).

Etxean denentzako lekurik ez zegoenez, etxola batean lo egiten zuen Johannak, baldintza zailetan. Kasik urte batez egon ziren horrela, abokatuak kontatu duenez, Aldaren laguntzaz helegite bat jarri eta bere alabekin bizitegi sozial batera bizitzera joan ziren arte.

Abokatuaren iritziz, Johannak eta haren seme-alabek jasandako kalte material eta moralen erantzuleak dira etxejabea eta etxeagentzia. Hori ebazteko eskatuko diote auzitegiari. Carmen etxe agentziak ere abokatu bat hartu du bere defentsarako; prozedurak urte eta erdi inguru iraun dezakeela uste du Ihidoik.

Agiri batean, Alda mugimenduak jakinarazi du gero eta gehiago zaintzen dituztela gisa horretako kontratu eteteak, eta abisua eman die jukutria hori erabiltzen duten etxejabeei: «Eginahalak eginen ditugu iruzurrezko kontratu etete oro auzitara eramana izan dadin eta arduradunak zigortuak eta kalte ordainak pagatzera behartuak izan daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.