Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Krisia, hauteskundeak

2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Espainia krisi peto-peto batean dago. Hori deskribatzeko, aski da gogora ekartzea zer gertatu den egunotan: Kataluniako Gobernuaren kontrako epaiketa politikoa; aurrekontua dela-eta Sanchezek parlamentuan izandako porrota; eta estatuko hauteskundeetarako deia, apirilaren 28rako.

Espainiako Gobernuak gutxietsi egin zuen Kataluniako politikan izan den aldaketa. Bistan da. Sanchezek pentsatu zuen bere aholkulariek arrazoi zutela eta independentistek, azkenean, aurrekontuaren alde egingo zutela, PPri beldur handiagoa ziotelakoan. Hanka sartze galanta. Honetara ezkero, ez dute beldurrik, eta ez dute alde handirik ikusten, estetikoez harago, PPren eta PSOEren artean. Sanchezek bere buruaz beste egin du, inoren laguntzarik gabe, eta ez epaiketagatik bakarrik. Haren balantza etengabeak nahasgarriak izan dira baita haren gobernuarentzat ere.

Orain, garai egiatan bakan bati ekingo diogu. Apirilaren 7an, Andorrako hauteskunde orokorrak izango dira, eta ordutik maiatzaren 26ra arteko tartean, hauteskunde lokalak izango dira hegoaldean, eta autonomikoak uharteetan, Valentzian eta Aragoin, Aranen eta uharteetako bakoitzean. Alegia, hilabete eta erdian, 11 hauteskunde Herrialde Katalanetan. Sekula ikusi gabea.

Gainera, emaitza zein izango den ez dago batere garbi ezta batean ere, edo, behintzat, haietako gehienetan. Ez baitago joera elektoral garbirik ezta kasu batean ere. Espainiako hauteskundeetan, gainera, Sanchezek hogeita hamaika eskutik dauka: ez du argitu norekin gobernatu nahi duen.

Espainiako Gobernuko presidenteak bi aukera argi baina antagoniko ditu: edo Ciudadanos, edo Podemos, euskal independentismoa eta independentismo katalana. Eta horrek, bide batez esanda, zer pentsatu handia eman behar lieke gure bi herrialdeetako alderdi independentistei. Inoiz baino erabakigarriagoak izango dira, dudarik gabe. Galdera da ea ez litzatekeen zentzuzkoa zatiketak gainditu eta ideia batzuetan bederen bat eginez joatea hauteskundeetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.