Estatuei esker aireratu behar

Europako aire konpainia handiak diru laguntza publikoei esker ari dira krisiari aurre egiten. Hainbat gobernuk konpainia horien zati handi bat erosi edo nazionalizatu dute haiek salbatzeko.

Paulo Ostolaza.
2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Aire konpainiak lehengora itzuli ezinik dabiltza. Aireko trafikoa iazkoaren erdia ere ez da oraindik, eta hondoa jotzeko zorian daude konpainiarik handienak. Europan, sektoreko zazpi milioi lanpostu galduko direla aurreikusi du IATA Nazioarteko Aire Garraioko Elkarteak, eta estatuak ahaleginak egiten ari dira kalteak ahalik eta leunenak izan daitezen. Horretarako, 2008ko krisi ekonomikoan bankuekin egin zituzten antzeko operazioak baliatzen ari dira: erreskateak, mailegu erraldoiak eta nazionalizazioak, besteak beste.

Denetariko kasuak daude. Italian, gobernuak Alitalia nazionalizatzeko asmoa erakutsi zuen martxoan, eta iraila amaitu aurretik onartu nahi du enpresaren egitura berria definituko duen dekretua. Alitaliaren kasuak, ordea, badu bereizgarri bat: konpainiak urteak daramatza krisian. Duela hamabi urtetik ez du irabazirik eman, ordutik 13.000 milioi euroren diru laguntza publikoak jaso ditu, eta 2017tik hartzekodunen konkurtsoan dago. Iaz, 600 milioi euroren galerak izan zituen, eta, orain, 3.000 milioi euroren laguntzak tarteko, estatuarena bilakatu da enpresa.

Krisia hasi denetik diru laguntza gehien jaso dituen Europako konpainia Air France da. Frantziako eta Herbehereetako gobernuek 10.000 milioi euro baino gehiago eman dizkiote; haiek dira enpresaren hartzekodun nagusiak (%28 dute). Ostiralean iragarri zuen Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak 7.000 milioi euroren mailegu bat ere emango ziotela aire konpainiari, nahiz eta argi utzi zuen mailegu hori ez dela «txeke zuri bat». Konpainiak 4.413 milioi euroren galerak izan zituen 2020ko lehen seihilekoan.

Ez dira bakarrak. Alemaniak 9.000 milioi euroren laguntzak eman dizkio Lufthansari, eta konpainiaren ia laurdenaren jabe bilakatu da. Portugalen duela bost urte eskar pribatizatu zuten TAP aire konpainia, baina, koronabirusaren krisia dela eta, 1.200 milioi euro eman dizkio gobernuak, eta konpainiaren hiru laurdenen jabe egin da atzera ere.

Espainian, Madrilek aitortu du 400 milioi euroko zuloa duen Air Europa erreskatatuko duela. IAG taldea Air Europa 1.000 milioi eurogatik erostekoa zen krisia baino lehen, baina orain baldintzak berriz negoziatu nahian dabil. Kritikoen arabera, Espainiako Gobernuaren laguntza horrek erosketa erraztu dezake, eta, azken batean, Air Europaren jabe diren inbertsore pribatuei mesede egin.

Izan ere, badira operazio horiekin kritikoak direnak; tartean Ryanair, Europan bidaiari gehien mugitzen duen aire konpainia. Hark eman du abisua: Bruselan eta auzitegietan salatuko dituzte «diskriminatzaileak» diren laguntza guztiak. Ryanairren arabera, «Air Franceri eta Lufthansari diru laguntzak ematea ez da bidea, eta Alitalia zulo beltz bat da». Harago joan zen Michael O'Leary enpresaren jabe polemikoa: «Konpainia horiek diru laguntza publikoen jonkiak dira».

Brusela da mugak ezartzeko arduraduna; hark erabaki behar du laguntzak enpresak salbatzeko soilik diren, ala abantaila komertziala ematen dizkien. Oraingoz, herenegun, onartu zuen Erromak Alitaliari 200 milioi euroko laguntza bat ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.