Oposizioak Johnsonen bozak aurreratzeko planen aurka egingo du etzi ere

Lorden Ganberak onartu egin du itunik gabeko 'brexit'-a eragozteko legea. Auzitegi Nagusiak legezkotzat jo du parlamentuaren itxiera

ander perez zala
2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Europako Batasunetik (EB) akordiorik gabe ateratzeko helburua blokeatu diotela kontuan hartuta, eta Komunen Ganberan zuen gehiengo osoa galdu zuela oharturik, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroari aukera bakarra okurritu zaio: hauteskundeak aurreratzea. Oposizioko alderdiak, ordea, ez dira haren asmoez fio, eta, asteon egin bezala, atzo jakinarazi zuten etzi ere bozak urriaren 15ean egitearen aurka bozkatuko dutela.

Bigarren ezezkoak egutegiarekin zerikusia du. Izan ere, Alderdi Laborista, Eskoziako Alderdi Nazionala (SNP) eta Liberal-demokratak bozetara joatearen aldekoak dira, baina lehentasuna jarri dute parlamentuak —Lorden Ganberak atzo eman zuen baiezkoa— asteon onartu duen lege proposamenean zehazturiko agendan: irteera gogorrena eragotzita, Johnsonek hirugarren atzerapena eskatu beharko du hilaren 17an eta 18an egitekoa den Europar Kontseiluan —lege proposamenaren arabera, urtarrilaren 31ra arte—, aurrez ez badu akordiorik lortzen. Testuak etzi jasoko du Elizabeth II.a erreginaren oniritzia, eta orduan bilakatuko da lege, lehen ministroari bide nagusia itxiz.

Izan ere, Emily Thornberry diputatu laboristak atzo gogorarazi bezala, oposizioko alderdien kezka da Johnson gai izan litekeela hauteskundeen data aldatzeko, itunik gabeko brexit-a kanpainan edo horren aurretik gauza dadin, eta, hortaz, diputatuek hori eragozteko aukerarik izan ez dezaten. «Ez gara hartaz fio. Gezurti bat da», laburbildu zuen diputatuak. Hortaz, urriko goi bileraren ostean, edo data horren inguruan emango diote oposizioko indarrek baiezkoa bozak aurreratzeari. «Ados gaude lehen ministroa ihesaldi batean dagoela. Boris hautsita dago. Boris eraisteko aukera dugu», adierazi zuen atzo Galesko Plaid Cymru alderdiaren diputatu Liz Savillek.

Herenegun, Johnsonek berak adierazi zuen nahiago zuela «zulo batean hilda egon luzapen bat eskatu baino», nahiz eta badakien etzitik aurrera legeak hori egitera behartuko duela. Horiek horrela, nahiago du lehenbailehen joan hauteskundeetara, urriko Europar Kontseilurako botoek sendotuta joateko. Hori da haren estrategia.

Horretarako, baina, Komunen Ganberaren bi herenen babesa behar du, eta iragan asteazkenean saiatu zen hori lortzen, baina beharrezko 434 botoetatik 298 besterik ez zuen lortu.

Gorenean jarraituko du

Erresuma Batuko Parlamentua datorren asteartean itxiko dute, urriaren 14ra arte, lehen ministroak hala eskatuta. Oposizioa mugimendu politiko horren aurka agertu da, eta parlamentua berriz irekitzeko bide judizialari ekin zioten. Atzo, baina, Ingalaterrako eta Galesko Auzitegi Nagusiak legezkotzat jo zuen Johnsonen erabakia, Eskoziako Auzitegi Zibil Nagusiak joan den asteazkenean egin bezala.

Hirugarren saioa atzo izan zuten, Belfasteko Auzitegi Nagusian, eta espero da horrek ere legezkotzat jotzea lehen ministroaren erabakia. Hortaz, borroka judizialak Erresuma Batuko Auzitegi Gorenean jarraituko du, bina helegite jarri baitituzte jada epaileen erabakien aurka; data ere zehaztua dute jada: hilaren 17an entzungo dute kasua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.