Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Zentrifugatzea

2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Sinetsezina da koronabirusarekin Madrilen gertatzen ari dena. Gure herrialdeetan badaude fokuak, Gasteizkoa eta Igualadakoa esaterako, baina Espainiako Gobernua Madrilen onartzen ari den arduragabekeriak ez du parekorik.

Datuak aldatuz doaz minutuz minutu, baina, oro har, esan dezakegu ezen orain Madrilen, non estatuko populazio osoaren %14 bizi baita, estatu osoan COVID-19a dutenen %50 baino gehiago daudela, eta hildakoen %60 baino gehiago.

Datu estatistikoak dira, hotzak. Eta, haiek eskuan izanda, argi dago epidemia honetan Madril dela osasun arazorik larriena Espainiako Estatuan. Eta, hala eta guztiz ere, Espainiako Gobernuak sistematikoki uko egiten dio hiria ixteari, nahiz eta Italian, adibidez, Milan eta Venezia itxi egin zituzten, ehunekoak txikiagoak zirela oraindik.

Ez hori bakarrik: Madril jendea zentrifugatzen ari da kostarantz, eta inork ez du ezertxo ere egiten hori eragozteko. Valentziako gune batzuetan, La Saforren eta La Marinan adibidez, zeharo amorrarazita daude ikusita nola iristen diren trenak turistaz beteta, ezer gertatzen ariko ez balitz bezala jokatzen, abuztu bete-betean bageunde bezala.

Nola liteke hain axolagabeak izatea? Galdera hori egiten diote askok beren buruari. Gauza jakina da Madrilek estatuko gainerako tokietara zentrifugatzen dituela bere arazoak aspalditik, batez ere ekonomiari dagokionez. Barajas, adibidez, porrot hutsa da, gainerako aireportuek finantzatzen dutena, Bartzelonakoak bereziki. Baina, kasu honetan, osasunaz ari gara, herritar guzti-guztioi eragiten digun gertaera batez.

Hala ere, geure buruari galdetu behar diogu nolatan gure gobernuak ez diren ausartagoak eta nolatan ez dioten beren kabuz aurre egiten arazoari, osasun arloan dituzten eskumen esklusiboak baliatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.