'Brexit'-ean, zaharrak berri

Aste honetan ari dira egiten, bideokonferentziaz, merkataritza harreman berrirako negoziazioen laugarren itzulia. Aurrerapauso esanguratsurik ez da izan orain arte, eta ordularia aurrera doa

Martxoaren 2an abiatu zituzten negoziazio berriak David Frostek eta Michel Barnierrek. OLIVIER HOSLET / EFE.
Irune Lasa.
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Apalean edo tiraderan egin gabe utzitako lanak atzera eskuetan hartzearen sentipena ekarriaz itzuli da brexit-a. Eta berriz ere, zaharrak berri. Egia da koronabirusak atzeratu egin dituela negoziazioak, tartean bi negoziatzaile buruek, Europako Batasuneko Michel Barnierrek eta Erresuma Batuko David Frostek, positibo eman eta berrogeialdia egin behar izan dutelako. Hala ere, ezin erru guztia gaitzari bota. Aste honetakoa ez da pandemia agertu zenetik egin duten lehen negoziazio itzulia —martxo hasieran abiatu ziren elkarrizketak—. Sendatu zen Barnier eta sendatu zen Frost, eta apirilean eta maiatzean egin dituzte bigarren eta hirugarren negoziazio itzuliak, bideokonferentzia bidez. Alferrik, haietan ez da inolako aurrerapausorik izan bi aldeen arteko merkataritza harreman berria adosteko.

AKORDIORAKO EPEAK

Baina behin Barnierrek esan bezala —Erresuma Batuaren irteeraren beraren negoziazioen hasieran—, ordulariak tik-tak egiten jarraitzen du. Eta badirudi une honetan, gaur hasiko den merkataritza itunerako negoziazioen laugarren itzulian, epeek atzera garrantzia hartu dutela .

Zein dira erlojuak markatzen dituen epeak? Erresuma Batua urtarrilaren 31n atera zen Europako Batasunetik, eta 11 hilabeteko trantsizio tarte bat zabaldu zen orduan, abenduaren 31ra artekoa, bi aldeen arteko merkataritza harreman berriak zein izango ziren adosteko.

Bitarte horretan, Erresuma Batuak aduana batasunean eta merkatu bakarrean jarraitzen du, EBko arauak betetzen ditu, eta dagokion ekarpena egin EBko aurrekontura. Hori bai, Batasuneko erakunde politikoetatik kanpo dago, baita Europako Parlamentutik kanpo ere.

EPEA BETE EZEAN?

Zer gertatuko litzateke abenduaren 31 iritsi eta merkataritza harreman berrirako akordiorik ez balego? Munduko Merkataritza Erakundeak markatzen ditu salerosketarako arauak merkataritza itunik ez duten herrialdeen eta eremuen artean; horien arabera ezartzen dira, adibidez, muga zergak. Urte honen amaieran akordiorik ez balego, horiek lirateke harreman berrirako arauak; Erresuma Batua beste herrialde bat litzateke Batasunarentzat.

TRANTSIZIOA LUZATZEKO AUKERAK

Dibortzio akordioak, dena den, trantsizio epe hori bi urtera luzatzeko modua ematen du. Betiere aldeek hori hil honen 30a baino lehen adosten badute. Halako luzapen bat onartzeko prest legokeela azaldu berri die, gutun bidez, Michel Barnierrek Erresuma Batuko oposizioko parlamentuko kideei.

Boris Johnsonek, ordea, hasieratik esan du ez duela trantsizio luzeagorik nahi, eta David Frostek lehen ministro britainiarraren aginduari jarraitzen diola erantzun du. Hala ere, joan den astean Westminsterren emandako azalpenetan, Frostek aitortu zuen zaila izango dela ekainaren 30a baino lehen adostea negoziaziorako giltzarriak diren gaiak, bereziki arrantza.

Egon badaude ekainaren 30eko data eta abendukoa ere aldatzeko beste aukerak, akordio posibleak. Baina, batetik, merkataritza itunaren beraren negoziazioak are gehiago atzeratuko lirateke, eta, bestetik, lege ikuspegitik korapilatsuak lirateke. Bestalde, bere aldetik beste herrialde batzuekin merkataritza akordioak negoziatzeko ahalmena baldintzatuko lioke Erresuma Batuari.

EZTABAIDAN

Bitartean, etorkizuneko merkataritza harremanari buruz, zaharrak berri; ez da ia aurrerapausorik izan orain arte. Erresuma Batuak nahi ditu EBren eta Kanadaren arteko akordioaren baldintza berberak izan: «zero muga, zero kuota». Baina horri hasieratik ezezkoa eman dio Europako Batasunak, besteak beste, argudiatuta ez dela gauza bera tartean Atlantikoa egotea edo Mantxako kanala.

Erresuma Batuak, berriz, ezezkoa esan die Batasunak halako merkataritza askeko itunerako ezarritako baldintzei: Europak nahi du Erresuma Batuak ingurumen eta laneko egungo estandarrei eustea; estatu laguntzei buruzko EBko legeak betetzea; eta Batasuneko arrantzaleek orain duten baldintza beretan sartu ahal izatea Erresuma Batuko uretan.

Ipar Irlandaren eta Irlandaren artean muga gogorrik ezarri gabe merkataritza egiteko neurriak oraindik zehaztu gabe egoteak ere ez du laguntzen negoziatzaileen arteko konfiantza hobetzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.