Gai dela berretsi du

Julen Alberdi 'Txikia IV.a'-k estreinakoz irabazi du Urrezko Kopa, Iker Vicenteri eta Mikel Larrañagari aurrea hartuta: «Lan exijentea izan zen».

Julen Alberdi Txikia IV.a, garaipena ospatzen, herenegun. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Aizkora sasoiko lehiarik garrantzitsuenen sailean dago Urrezko Kopa. Donostiako sariketak unean uneko kirolari onentsuenak biltzen ditu abuztuak 15 dituen aldiro. Hargatik, balio handikoa da han nagusitzea. Julen Alberdi Txikia IV.a (Azkoitia, Gipuzkoa, 1991) da aurtengo txapelduna.

Alberdik urteak daramatzaonenen multzoan, baina haren jarduna beste zenbaitenaren itzalean geratu izan da azken txapelketa garrantzitsuetan. Urrezko Kopa lortuta, bere ahalak erakutsi, eta irabazteko gai dela berretsi du aizkolari gipuzkoarrak.

Ez alferrik, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga menderatu baititu oraingoan. Azken txapelketetan goiko postuetan aritu direnak, alegia. Haiek izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Txikia IV.ak 33 minutu eta lau segundo behar izan zituen hamalau kana-erdikoak ebakitzeko; Vicentek 48 segundo gehiago baliatu zituen lanak osatzeko, eta Larrañagak, berriz, minutu bat eta 21 segundo gehiago. Hodei Ezpeletak eta Aitzol Atutxak osatu zuten sailkapena.

«Niretzat, gauza handia da. Urrezko Kopara aizkolaririk onenak joaten dira, eta, gainera, garai honetan eta egin duen beroarekin egurra ona zen, baina apur bat sikatua zegoen. Lan exijentea zen, eta uste dut horrek balioa ematen diola, eta baita aurkari horiei irabazteak ere. Gustura egoteko moduan nago», esan du azkoitiarrak.

Alberdik pixkanaka askatu zuen segundoen soka. Hasieran parekatuta ibili ostean, borrokari eutsi eta lan-erdietan zabaldu zuen tartea, harik eta garaipena eskuratu zuen arte: «Hasieran, uste nuen lehenago edo geroago aurrea hartuko zidatela. Asko eusten diote, eta nik luzera gehixeago huts egin izan dut».

Oraingoan, ordea, egindako saialdiak fruituak eman zizkion: «Nire lanean kontzentratu nintzen, eta hor egon zen gakoa. Ikusi nuen tarterik ez zidatela kentzen, eta hala jarraitzea pentsatu nuen. Burua hotz izan nuen, gutxitan bezala».

Ontzat jo du txapelketa. Ez gailendu delako soilik; baita txapelketan izandako mailak «aizkora osasuntsu dagoela» erakutsi duelako ere. Pozik egoteko bi arrazoi ditu Alberdik, beraz. Batetik, sariketa garrantzitsu hori estreinakoz irabazi izana. Bestetik, horren maitea duen kirola sasoian egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.