Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Haien errepublika

2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Preseski, Martxelo, horrelaxe gertatu ziren gauzak Donostiako Itunaren ondotik —itun hartan, Galizia eta Kataluniako indar subiranistek hartu zuten parte, baina ez Euskal Herrikoek—. Orain, preso dauden Kataluniako Gobernuko kideen argazkiak ikusten ditugularik, zaila da ez gogoratzea irudi horiexek aurrekari bat izan zutela Espainiako Bigarren Errepublikan, orduan ere giltzapetu baitzuten Kataluniako Gobernua.

Nire herrialdean, aspalditik ari dira berrikusten, nolabait, 1931ko errepublikarekiko begirada orokorrean hain onbera. Pentsatzen dut frankismoa bizi izan genuenok errepublika paradisutzat daukagula oraindik, gutxietsi ezin diren zenbait arlotan hala izan zelako, baina, batez ere, frankismoaren antitesia zelako. Baina hala al zen gauza guzietan? Bada, ez. Kataluniaren aurkako sentimendua bizi-bizirik zegoen orduan ere, eta Espainiako Errepublika errotik zen espainiarra. Eta, garai hartako gertakizun tamalgarrien artean, bat azpimarratuko dut: Generalitateko indarrek abiaturiko Mallorcaren inbasioari boikot egin izana. Zinez adierazgarria da eta.

Gerraren hasmentan, Mallorca faxisten esku gelditu zelarik, Generalitateak erabaki zuen espedizio bat bidaltzea hura berreskuratzeko. Uhartera ailegatuta, espedizioko kideak borrokan aritu ziren harik eta errepublikako gobernuaren boikot aktiboak alde egitera behartu zituen arte; errepublikako gobernuak nahiago izan baitzuen Mallorca faxista, Mallorca separatista baino. Horrek zekartzan bistako ondorio eta guzi: italiarrek hegazkinontzi erraldoi bihurtu zuten uhartea, eta, handik, behin eta berriz egin zioten eraso bai Kataluniako Printzerriari, bai eta Valentziari ere. Segur aski, gerra desberdina zatekeen Mallorca errepublikanoen alde egon izan balitz. Espainiako Errepublikari, ordea, gehiago axola izan zitzaion espainiar nazionalismoa bere burua defendatzea baino.

Urte anitz pasatu dira, baina lezioa argia da, eta, are gehiago, ikusten ari garen guzia ikusi ondotik: errepublika Espainiako nazioaren erregimen aldaketa bat baldin bada, maniobrak deus gutxitarako balioko du. Errepublikak izan daitezela gureak, edo, bertzela, gutxi goiti-beheiti, berdin jarraituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.