Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Zartakoa Espainiari

2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Europako Justizia Auzitegiaren epaiak erabat irauli du egoera politikoa; Oriol Junquerasi parlamentari izaera aitortu dio, eta, beraz, baita Carles Puigdemont presidenteari eta Toni Comin kontseilariari ere.

Junqueras kartzelan dago oraindik, legez kanpo, baina Puidgemonti eta Comini ostiralean ateratako argazkia garaipen handi baten irudia da: gailen ageri ziren, akreditazioak erakusten eta Europako Parlamentura sartzen, berez behar zuen baino urte erdi geroago. Sei hilabetez, Espainia eta haren aliatuak herritarren borondatea geldiarazten saiatu dira, baina ez dute lortu.

Espainiak, azkenean, talka egin du Europako justiziarekin. Eta Europako Justizia Auzitegiak erantzun posible guztien artean gogorrena eman dio estatuari. Europako Parlamentuko presidentearen jokaera ere oso adierazgarria izan zen, baita ganberarena berarena ere, ordu gutxian egin baitzituzten normalean hainbat egun irauten duten tramiteak.

Horrez gain, Pedro Sanchezi asko zaildu zaio egoera politikoa. Europako Justizia Auzitegiak argi eta garbi esan du Junqueras aske utzi behar dutela eta Bruselara joan behar duela europarlamentari akreditazioa jasotzera. Eta ERCk, logikoa denez, sententzia hori betetzeko exijitu dio Espainiari, Sanchezen inbestiduran laguntzea nahi badu. Esquerrak geldiarazi egin ditu PSOErekin zituen negoziazioak, eta nekez emango dio abstentzioa edo baiezkoa bere liderra legez kontra espetxeratua duen gobernu bati.

Espainiak lezioa ikasi behar luke, baina bistakoa da ez duela ikasi. Izan ere, Junquerasi buruzko ebazpena iragarri eta minutu batzuk geroago, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak iragarri zuen Generalitateko presidente Quim Torra inhabilitatuko zuela pankarta bat zintzilikatzeagatik. Beste eskandalu bat sortzear da, eta baliteke hori ere Europako auzitegietara iristea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.