Austeritatearen aurkako matxinada

Gaur beteko dira zazpi urte Ben Ali presidenteak Tunisiatik ihes egin zuela. Aurrekontu Legearen aurkako protestak ia herrialde osora hedatu dira azken egunotan. 803 dira atxilotuak

MOHAMED MESSARA / EFE.
Ricard Gonzalez.
Tunis
2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Asaldura sozialeko olatu batek berriro astindu du Tunisia, duela zazpi urte gaurko egunarekinZine el-Abidine Ben Aliren erregimenaz libratu eta Udaberri Arabiarra deitutakoa eragin zuen herrialdea. Joan den astean, 2018rako Aurrekontuen Legean bildutako zergen igoeraren aurkako manifestazioen ondoren, gutxienez hogei hiritan sortu ziren istiluak Poliziarekin; guztiak, baztertuta dauden eskualdeetan eta auzoetan. «Aurrekontuen Legeak herrialdearen arazo nagusiak biltzen ditu: prezioak garestitzea, lan falta, zerbitzu publikoak hondatzea... Horregatik, gure eskari nagusia da ken dezatela», azaldu du Wael Nauarrek, protestak sustatu dituen mugimenduaren sortzaileetako batek. Mobilizazioek estu hartu dute gobernua, eta, lekurik beroenetan, armada hedatzera behartuta ikusi du bere burua. Oraingoz, manifestari bat hil da, dozenaka zauritu dituzte, eta gutxienez 803 lagun atxilotu dituzte, Barne Ministerioaren arabera.

Ez da lehenengo protesta sozialen olatua izan 2011ko matxinada gertatu zenetik. Nahiz eta trantsizio demokratikorako fase nagusiak arrakastaz gainditu —konstituzio bat onartu zuten kontsentsuz, eta hainbat hauteskunde aske egin dituzte—, Ben Aliren garaian herrialdeak zituen arazorik larrienetakoek bere hartan jarraitu dute. Urte hauetan, hauteskundeen bidez aukeratutako gobernu bakar bat ere ez da gai izan eskualderik aberatsenen eta pobreenen arteko eskandaluzko aldeak murrizteko, ustelkeriaren gaitzaren aurka borroka egiteko, eta gazteria alienatuari etorkizuneko aukerak eskaintzeko.

Hain zuzen, gazteen langabezia da oraingo mobilizazioak akuilatzen dituen funtsezko arazoa. Eremu batzuetan %40rainokoa da gazteen langabezia, eta protesten buruan gazte langabeak jarri dira. Baina oraingo olatuaren eragile zuzena erosketaren saskia are gehiago garestituko duen aurrekontua izan da, austeritatea baitu ezaugarri nagusitzat. Azken urteotan inflazioa etengabe hazi da, eta orain %6aren gainetik dago; soldatek, ordea, geldirik jarraitzen dute. Urte berriarekin, produktu guztien BEZa gutxienez %1 igoko da, baina gai jakin batzuekin handiagoa izango da igoera —telefono deien, gasolinaren eta txokolatearen kasuan, esate baterako—.

Protesten atzean dagoen mugimenduak Fex nastanneu? izena du —Zeren zain gaude?, arabieraren Tunisiako aldaeran—. Haren sorrera oso bizkorra izan da, hilaren 3an sortu baitzen, eta astebetean herrialdearen erdia mobilizatzea lortu baitu. Tunisiako gizartearen zati batek duen haserrearen adierazle argi bat izan da. Haren arrakastaren sekretua da beste mugimendu sozialetako ekintzaileek osatzen dutela —matxinadan esperientzia hartuak horietako asko—, eta harreman informalen sare trinko bat egituratzen dute. Gainera, sare sozialak modu burutsuan erabili dituzte. Tunisian benetako pasioa daukate sare sozialekin, eta erakunde ofizialek ere agiri garrantzitsuak lehenik Facebooken argitaratzen dituzte —Barne Ministerioak, esate baterako—.

Hiriburuan, orain arteko manifestaziorik handiena herenegun egin zuen plataformak. Mila lagun inguru agertu ziren, gehienak gazteak. Jendeak aurrekontuak erortzea nahi du!, izan zen lelorik ospetsuena, Barne Ministerioa, ministerio terrorista-ren ondotik. Rania, 21 urteko aktorea, txartel hori batekin eta ogi batekin joan zen manifestaziora: «Bata, gobernuari ohartarazteko da hurrengoan erori egingo dela; besteak, berriz, tunisiar askok duten gosea sinbolizatzen du. Oinarrizko produktuak garestitu egin dira, eta zailtasunak ditugu hilabete bukaerara iristeko. Adibidez, azukrearen prezioa bikoiztu egin da!».

Tunisiako Gobernuak halakoetan ohikoa den bezala erreakzionatu du: herritarrei pazientzia eskatuta eta manifestazioei legitimazioa kenduta. Jusuf Xahed lehen ministroak adierazi du 2018a izango dela «tunisiarrentzako azken urte zaila»; Barne Ministerioko bozeramaileak «bandalismo» esan die protestei, eta nabarmendu du eraikin publikoei kalteak eragin zizkietela eta komertzio batzuei eraso zietela. Xahedek esan du «mafia sareak» daudela kaosa sortu nahian, estatuari xantaia egin eta berriki atxilotu dituzten buruzagiak espetxetik ateratzeko.

Hala ere, Fex nastanneu?-k esan du ez duela zerikusirik indarkeria ekintzekin; eta, ekintza horien artean, Jerba uhartean gutxiengo juduaren eskola baten aurka astearte gauean jaurti zituzten molotov koktelekin. «Gobernuak errepresioa erabili du, eta liskarrak sortu ditu mugimendua kriminalizatzeko. Ben Aliren garaiko estrategia bera da. Guk ez dugu egun hauetan gertatu diren lapurreten eta erasoen errurik. Gure mobilizazioak baketsuak izan dira beti», esan du Nauarrek. Ekintzaile horren arabera —Hezkuntza Ministerioko funtzionarioa ere bada—, Fex nastanneu? sortu zutenetik, 75 kide atxilotu ditu Poliziak manifestuak argitaratzeagatik eta grafitiak egiteagatik.

Zor publikoa, ia %70ean

Tunisia egoera ekonomiko zailean dago 2011ko matxinadaz geroztik, turismoa eta atzerriko inbertsioa jaitsi direlako. 2011tik egon diren ildo politiko ezberdinetako gobernuek gastu publikoa handituta suspertu nahi izan dute ekonomia. Hala ere, BPG barne produktu gordinaren hazkunde tasa %2 inguruan mantendu da, eta hori ez da nahikoa milaka gazte langaberi lana emateko. Zor publikoa ia %70 da, eta gobernuak gastua murriztearen, zergak handitzearen eta Nazioarteko Diru Funtsarekin kreditu bat sinatzearen alde egin du, kontu publikoak garbitzeko. Horregatik, gobernuak aukera murritza du aldaketaren bat egiteko.

Oposizioa hautsita eta batasunik gabe dago, eta UGTT sindikatu historikoa bakarrik da gai gobernuko koalizio handiari aurka egiteko —kontserbadore laikoek eta islamistek osatzen dute koalizioa—. Fex nastanneu-k helburuak lortu nahi baditu, gazte marjinatuetatik eta ekintzaile politizatuetatik haratago handitu beharko du oinarria. Langileak eta klase ertaina bereganatu beharko ditu. Horiek ere haserre daude egoera ekonomikoarekin, baina apatiko daude, eta beldur diote ezegonkortasunari. Bestela, protesta olatu hori Tunisiako ahaztuen haserrealdien espresio zikliko baten gisan pasatuko da, inork oraindik konponbidea aurkitu ez dion haserrealdiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.