Qatarko Munduko Kopa

Askatasun mugatua

Mugarik Gabeko Kazetariek adierazpen askatasunaren inguruan egiten duten zerrendan 119. lekuan dago Qatar. Han lanean ari diren kazetariak zailtasunak izaten ari dira.

John Pagh Danimarkako kazetaria besokoarekin, Poliziak kentzea agindu zion unean. BERRIA.
ainara arratibel gascon
2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Munduko Futbol Kopa da, Olinpiar Jokoekin batera, munduan ikusmin handiena sortzen duen kirol ekitaldia. Milioika ikus-entzule jartzen dira telebista aurrean partidak ikusten, edo irratiz entzuten dituzte. Sare sozialetan eta egunkarietan ere milioika irakurlek leitzen dituzte haren inguruko albiste, erreportaje eta kronikak. Itxuraz, kazetariek arazorik gabe egin ahal izan dute beren lana. Baina ez da horrela izan. Izan ere, adierazpen askatasuna mugatzen duten legeak ditu Qatarrek, eta horri lotuta trabak izan dituzte. Adibideak bat baino gehiago izan dira. Bada datu adierazgarri bat, Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak prentsa askatasunaren inguruan egiten duen zerrendan 119. lekuan dago Qatar, 180 herrialdeen artean.

FIFAk egiten ditu Munduko Kopako akreditazioak. Aldi honetan ere hala gertatu da. Baina Qatarko Gobernuak ere akreditazio batzuk banatu ditu propio. Behinakreditatuta, herrialdera sartzeko, biaplikaziotan eman behar zuten izena kazetariek: Ehteraz eta Hayya. Horien bidez, gobernuak une oro daki pertsona horren sakelako telefonoa non dagoen. Gainera, hasieratik, kazetariek kezka azaldu zuten Qatarko agintariek euren datuak nola erabiliko zituzten.

Behin sartuta, araudia zorrotza da, eta, hautsiz gero, atxilotuak izan daitezke. Adibidez, ezin dira gobernuaren eraikinak, unibertsitateak, erietxeak eta bestelako eraikin publikoak grabatu. Horri lotuta, hainbat kazetarik jazarriak izan direla salatu dute. Adibidez, azaroaren 16an, Munduko Kopa hasi baino lau egun lehenago, Danimarkako TV2 kateko Rasmus Tantholdt kazetariak salatu zuen Qatarko Poliziak mehatxu egin ziola kamera apurtzearekin, baldin eta ez bazion grabatzeari uzten. Tantholdt zuzeneko bat egiten ari zen eraikin publiko baten kanpoaldean, eta kamera itzaltzeko agindu zioten, esanez bestela apurtu egingo ziotela. Tantholdtek sare sozialetan salatu zuen gertatutakoa. «Zuzeneko arrunt bat egiten ari ginen, eta begira zer-nolako tratua eman diguten. Honek agerian uzten du egoera zein den».

Bestalde, han gertatzen diren giza eskubideen urraketen inguruko albisteak egitera joan diren kazetariek horma bikoitz batekin egin dute topo: dagoen iluntasuna eta kontrola. Gainera, lan horretan aritu diren edo ari diren kazetariek atxilotuak eta kartzelatuak izateko mehatxuarekin egin dute lan.

Eskubide urraketa handienetakoa LGTBI pertsonek jasaten dute. Izan dira horien aldeko ikurrak erakutsi dituzten kazetariak. Eta horiek ere jazarriak izan dira. Adibidez,CBSko kazetari bat ordu erdiz izan zuten atxilotua, ortzadarraren koloreak zituen kamiseta bat eramateagatik. Danimarkako beste kazetari bati, John Paghi, Polizia oldartu zitzaion, ortzadarraren besokoa eramateagatik Danimarka ostatu hartuta zegoen hotelaren atarian zuzeneko bat egiten ari zela. «Zergatik dago debekatuta, koloreengatik?», galdu zien kazetariak. Polizietako batek baietz esan zion, eta kamera jo zuen grabatzen uzteko. Kazetariak zera erantzun zien: «Maitasuna besterik ez da. Mundu guztiak merezi du errespetua».

Asteburuan albiste izan da Grant Wahl kazetariaren heriotza. Wahl AEBetako futbol kazetari ospetsuena zen, eta ondoezik sentitu zen Herbehereen eta Argentinaren arteko partidaren luzapenaren jarraipena egiten ari zela. Handik ordu gutxira hil zen, ospitalean, eta haren anaiak salatu zuen berez osasuntsu zegoela, eta «hil egin zutelako» susmoa zuela. Multzoen fasean, AEBen eta Iranen arteko partidara ortzadarraren kamisetarekin sartzen saiatu zen, baina ez zioten utzi. Heriotza «arrazoi naturalengatik» gertatu zela adierazi dute Qatarko agintariek. Beste bi kazetari ere hil dira azken egunetan Munduko Koparen berri ematen ari zirela:Khalid-al-Misslam argazkilaria eta Roger Pearce zuzendari teknikaria. Horien heriotza ere naturala izan dela diote agintariek.

2020ko legea

Berez, Qatarren baziren adierazpen askatasuna mugatzen zuten legeak. Baina 2020an Tamim bin Hamad al-Thani emirrak gehiago tenkatu zuen soka. Kode penalaren 136 artikulua moldatu zuen, disposizio berri bat jasoz. Bertan, hau esaten zen: atxilotuak eta kartzelatuak izango zirela «interes nazionalari kalte egiten zioten, iritzi publikoan zalaparta eragiten zuten edo ezarrita zegoen ordena sozial eta publikoa gutxiesten zuten informazioak, zurrumurruak eta albisteak zabaltzen zituzten pertsonak». Qatarko nazionalitatea zuten pertsona guztiei eragiten zien horrek. Eta, noski, baita kanpotik zetozenei ere. Berriro ere agerian geratzen da emirraren joko bikoitza. Izan ere, bi urte lehenago,Qatarrek bat egin zuen Eskubide Zibilen Nazioarteko Itunarekin.

Araudi horrek prentsa askatasunari, noski, eragiten dio. Hango kazetari askok aitortu izan dute beren burua zentsuratzen dutela, ezin baitute «emirraren, gobernuaren eta erlijioaren» inguruko informazio «kritikorik»eman. Hala eginez gero, «arrisku handia» izan dezakete atxilotuak edo kartzelatuak izateko. Hain zuzen, atzerritik Munduko Koparen berri ematera joandako hainbat kazetarik azaldu dute saiatu direla hango kazetariekin herrialdearen egoeraz hitz egiten, baina ez dutela lortu, haiek «beldurra» zutelako.

Al-Jazeera izan da Qatarrek saldu nahi izan duen prentsa eta adierazpen askatasunaren ikur. Herrialde arabiarretako telebistarik ospetsuena den hori 1996an sortu zuten, petroliotik lortutako diruari esker. Helburua argia zen: komunikabide bat izatea herrialdeak munduan zuen eragina areagotzeko. Berehala, ikusle mordoa lortu zituen. Albisteak eta eztabaidak baino ez ziren eskaintzen. Hausnarketarako gune bihurtu zen. Baina Qatarko legediaren zama du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.