Albistea entzun

Eraikitzeko era desberdinak

Espainiako Kopan izango dira Txus Bidorreta eta Ibon Navarro. ACB ligako proiektu bikain bati jarraipena eman dio batak, eta garai txarretan zegoen klub bat biziberritu du besteak.
Txus Bidorreta eta Ibon Navarro, Tenerifeko eta Unicajako entrenatzaileak.
Txus Bidorreta eta Ibon Navarro, Tenerifeko eta Unicajako entrenatzaileak. RAMON DE LA ROCHA - DAVID BORRAT / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria -

2023ko otsailak 16

Baskonia izango da euskal talde bakarra Badalonan (Herrialde Katalanak) jokatuko den Espainiako Kopan, baina ez da ordezkari bakarra izango. Bertan izango dira Txus Bidorreta (Bilbo, 1966) eta Ibon Navarro (Gasteiz, 1976), Tenerifeko eta Unicajako entrenatzaileak. Inoizko sasoirik onenean daude bi taldeak, eta ACB ligako sailkapenean aurreneko bosten artean daude. Jokatzeko era desberdina dute bi prestatzaileek, baina jokalariek ondo ulertu dute haien joko estiloa. Navarrorenek Bartzelona izango dute aurkari gaur, final-laurdenetan (21:30 Movistar), eta Bidorretarenek Kanaria Handiaren aurka jokatuko dute derbia, bihar (18:30, Movistar).

Tenerifek proiektu sendoa dauka esku artean. 2012an lortu zuen klubak ACB ligara igotzea, eta geroztik aurrerapausoak eman eta eman aritu da. Proiektua maila gorenean sendotzea lortu zuten lehendabizi, eta, kanpoko presiorik gabe, ACB ligako talde sendoen artean dago gaur egun. Arrazoi askorengatik dago taldea dagoen tokian, baina arrazoi horietako bat da Bidorreta. Esperientzia handiko entrenatzailea da bilbotarra, eta taldeari bere ukitua ematea lortu du. 2015etik 2017ra egin zuen lehenengo etapa, eta, Valentzian urtebete eman ondoren, Tenerifera itzuli zen. Guztira zazpigarren denboraldia du haiekin, eta ibilbide horretan bi aldiz iritsi da Txapeldunen Ligako finalera; horietako bat irabazi zuen. Gainera, hiru aldiz irabazi du Kontinente Arteko Txapelketa; azkena, iragan asteburuan.

Tenerifeko taldeak ederki barneratu du Bidorretaren saskibaloia, eta jokoa dominatzea lortu du Giorgi Shermadinirekin —ligako jokalari baliotsuena— eta Marcelinho Huertasekin. Taktikoki oso talde landua da, eta blokeo zuzena baliatzen dute neurketa dominatzeko. Erregistro horretan maisuak dira Huertas eta Shermadini, eta irlan ematen ari diren maila ikustekoa da. Bi horiez gain, oso jokalari antzekoak fitxatu ohi ditu klubak. Taktikoki eskematik aterako ez diren jokalariak, eta batez ere kanpoko jaurtiketa menperatzen dutenak. Horregatik dira bi puntuko jaurtiketetan ACB ligan ehuneko onena daukaten taldeetan bigarrena, eta hiru puntukoetan laugarrena. Jaurtitzaile horiek ahalik eta modu erosoenean bilatzeko, oso ohikoa da Bidorretaren arbeltxoan zeharkako blokeo ugari ikustea; baita hegal pibotekin ere.

Gainera, jokatzeko era aldatzeko gai dira partida bakarrean, erregistro asko menperatzen baitituzte, eta aurkariari ez diote neurketan sartzen uzten. Horren adierazle da estatistika; ACB ligan puntu gutxien jasotzen duen taldea da (72,8 puntu). Hortaz, Kanaria Handiak arratsalde oparoa izan beharko du saskira begira finalerdietan egon nahi badu.

Zigilu pertsonala

Tenerifen ez bezala, azken urteak gogorrak izan dira Malagan. Sailkapeneko aurreneko postuetan egotera ohituta zegoen Unicaja, eta geroz eta urrutiago zegoen onenengandik. Iragan otsailean, hondoa jotzeko beldurrez, Navarro fitxatu zuten. Sasoia ahal bezala salbatu zuen gasteiztarrak, baina, orain, hark nahi zituen jokalariekin, goi mailara eraman du kluba berriro ere. Baskonian, Manresan, Murtzian eta Andorran erakutsi zuen zertarako gai den, eta zukua atera die beti bere taldeei. Oraingoan ere hala da.

Malagarren jokoa argi eta garbi identifikatu daiteke Navarroren taldeekin. Haren zigilua erraza da ikusten. Defentsan sendoak eta oldarkorrak dira gasteiztarraren taldeak, eta erasoan arriskatzea gustatzen zaio, joko azkarra eta alaia baliatuz, eta saskira modu bertikalean joanda. Horretarako jokoa sortu dezaketen jokalariak nahi izaten ditu antolatzaile eta eskolta postuetan, eta hori lortu du Unicajan Kendrick Perryrekin eta Tyson Carterrekin.

Sasoi honetako sentsazioak oso onak dira, eta Malagako Martin Carpena pabiloia ia goraino betetzea lortu du Navarrok. Jokalariek erakutsi dute prestatzaileak eskatzen dienean sinesten dutela, eta, izar handirik gabe, taldeko jokoan oinarritu dituzte orain arteko partidak. Baloi gehien lapurtzen dituen taldea da ACB ligan (12 partidako), baina, horretaz gain, puntu gehien sartzen dituzten taldeetan hirugarrena da ligan (86,7 puntu), eta bi puntuko jaurtiketetan ehuneko onena daukan taldea (%58,5). Bartzelona ez da nolanahiko aurkaria izango, baina aukerak izango dituzte Navarrorenek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©UNAI UGARTEMENDIA

«Oso balorazio positiboa egin dut azken denboraldiaz»

Unai Ugartemendia

Mendiko eski denboraldiko ezusterik handienetako bat izan da Jon Ander Aranburu zumarragarra. Azken urteetan erakusten ari zen gorakada etengabearen ondorio izan dira aurtengo denboraldian lortutako emaitzak. Lau txapel irabazi ditu. Aurtengoari segida emateko gogo biziz ekingo dio datorren denboraldiari.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Altunaren finalak, haren hitzetan

Julen Etxeberria

Amezketarrak laugarrenez jokatuko du Lehen Mailako buruz buruko finala. «Oroitzapen ederra» du irabazitako biez. Galdutakoa, ordea, gerora «irakaspen handia» izan zela azaldu du. «Gogotsu eta sasoi betean» iritsiko da igandeko partidara. Aitor Elordi goratu du.
Realeko jokalariak igandean Metropolitano estadioko berdegunean. ©RODRIGO JIMENEZ / EFE

Arrakasta gogoangarri bat

Jon Ander De la Hoz

Reala Txapeldunen Ligarako sailkatu da hamar urte geroago. Txuri-urdinek bete-beteko sasoia osatu dute, eta horrek modua eman die jardunaldi baten faltan helburua egia bilakatzeko.

 ©ALESSANDRO DI MARCO / EFE

Umiltasunaren garaipena

Iñaki Berastegi

Hiru hilabete eskasean Jose Luis Mendilibarrekin maitemindu dira Sevillaren zaleak. Europa ligako finala jokatuko dute Mourinhoren Erromaren aurka, etzi (21:00).

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...