Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Llach

2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun

Hemen, nire herrian, Lluis Llachen kontzertu bikain batekin bukatu zen urtea. Bartzelonako Palau Sant Jordin izan zen, eta, beste askotan bezala, kontzertu bat baino askoz gehiago izan zen. Llachek 2007an utzi zion musikan aritzeari, baina inork ez luke esango, kontzertua berebizikoa izan baitzen. Berebizikoa, musika aldetik; berebizikoa, Llachek beti bezala erakutsi zuen eskuzabaltasunari erreparatuta —oraingo honetan, bide eman zien zenbait musikari gazteri, haiek ere parte har zezaten—; eta berebizikoa, ikuspuntu politikotik ere. Llachek lehen ere ataka gaiztotik atera du gure herria bere kantaldi eder horien bidez, eta halaxe egin du orain ere. Ez dago hitzik haren konpromisoa eta zorroztasuna eskertzeko.

Konpromiso hori, zorionez, beti hortxe aurkitu dute gure herriek musikaren munduan. Nova cançó mugimendua funtsezkoa izan zen demokrazia berrezarri eta kultura katalana biziberritzeko, zuen herrietan haren pareko mugimenduak funtsezkoak izan ziren bezalaxe. Bere garaian, Al Tall, Oskorri eta Milladoiro taldeek beren Galeusca berezia antolatu zuten, eta oholtza berean aritu elkarrekin, han eta hemen. Ez daukat ahazteko, Maria, Zeca Afonso miragarriak Galiziako hiriburuan estreinatu zuela Grandola, Santiagon. Nik neuk aspalditik gogo biziz entzun dut Euskal Herriko eta Galiziako musika. Emilio Caoren A lendra da pedra do destiño, esaterako, nik sekula entzundako diskorik onenetako bat da. Jabier Muguruza musikariak liluratuta nauka. Eta zenbat kantarik eta taldek eman didaten aukera zuek hobeto ezagutzeko eta zuen kulturan murgiltzeko.

Hala, Amancio Pradaren bitartez irakurri nuen Rosalia. Eta halaxe ezagutu nuen Joxean Artze, Mikel Laboa bikainaren Txoria txori zirraragarriak hartaraturik. Korsikako I Muvrini, Bretainiako Allan Stivell eta Irlandako The Chieftains ere horixe izan dira niretzat, haien herrietara iristeko bide bat. Gogoan dut nola ikusi nuen Bretainiako Museoko erakusmahai batean Un dewezh 'barzh 'gêr LPa, eta nola pentsatu nuen ondo merezia zuela hainbeste lagundu digun eta orain ere hainbeste laguntzen digun musika horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.