Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Villarejoren A-17

2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Asteon Villarejo komisarioak egoitza judizialean ezustean esandakoak izugarrizko polemika piztu du, CNI egin baitu Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuen erantzule. Bereziki mingarria izan da erabili duen adierazmoldea. «Susto bat eman» esamoldea oso gogorra da, biktimentzat batez ere. Ezin arduragabeagoa da hola ibiltzea, jendearen sentimenduekin jolasean.

Nik neuk, egia esateko, ez dut oraindik ere aurkitu inongo daturik CNI, edo estatuaren beste edozein botere, atentatu horiekin zuzenean lotzeko modua ematen didanik. Bere garaian, ondo baino hobeto ikertu genuen, ikuspegi guztietatik ikertu ere. Ez dirudi oso sinestekoa zerbitzu sekretuak atentatuan nahasita egotea; besteak beste, zenbait xehetasun kontuan hartuta, hala nola atentatua Parisen egitea ere planteatu izana, eta azetona peroxidoa erabili izana. Lehergai hori oso ezegonkorra da, eta horrexegatik lehertu zen Alcanarko etxea. Furgoneta bonba horietaz zamatu izan balute, urbanizaziotik irten baino lehen lehertuko zen. Etsi-etsian erabiltzeko bonba bat da, eta hura nola egin bolo-bolo dabil jihadisten forumetan, baina ez da batere praktikoa atentatu bat egiteko. CNIk «susto bat eman» nahi izan balu, ez zuen halakorik aginduko, egon ziur. Alde horretatik, gogoan izan dezagun Villarejo jokoan dabilela, bere burua nondik eta nola salbatuko.

Hori guztia esanda, orobat egia da Ripollgo imama CNIren isil-mandataria zela, eta Espainiako Poliziak bazekiela desagertuta zegoela —hain zuzen, estreinakoz VilaWeb komunikabideak azaldu zuen hark meskitara egindako hirugarren bisita entzutetsua; orduan jakin zuen Poliziak ihes egin zuela—. Eta hori oso-oso larria da, baina batez ere hau da larria: PSOEk eta PPk behin eta berriro ezezkoa eman diotela benetan zer gertatu zen argituko duen edozein ikerketari.

Izan ere, estoldetan nahasten diren gertaera horiek beste adar batzuk izan ohi dituzte; esate baterako, zer egiten du Marokok hor tartean? Eta egintzak hain larriak direnez gero, estatuarentzat ez da zilegi zikinkeria zornetsu hori estaltzen ahalegintzea, edozein ikerketa ukatuta, eta besterik ez egitea. Ez dago eskubiderik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.