Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Espainia motz gelditzen da

2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Bi ordu aski izan dira ikusteko Zigor Kodearen erreforma alferrikakoa izan dela. Bi ordu, tarte hori behar izan baitu Llarena epaileak bere alegatua argitaratzeko: erbesteratu katalanei eta bereziki Puigdemont presidenteari Europan jazartzen segitzearen aldeko alegatua.

Hilabeteetan, ezbai amaigabeetan aritu dira boterearen inguruko giroetan: diruaren erabilera bidegabea honela edo bestela egin ote zen, debate politikoa desjudizializatuko ote zen. Eta hori dena lehertu egin da lehen paper judizialak azaldu orduko. Azkenean, erraz-erraza zen: onartutakoaren esanahia bihurritu besterik ez zen egin behar. Eta zerk eragotziko zuen zazpi urtez justizia sistematikoki bihurritu duten pertsona horiek berek horretan segitzea?

Espainia motz gelditzen da, eta hango parlamentuak ere bai. Desjudizializazioa ez dago menuan, eta ez da espero egongo denik ere, ez baitago gobernuaren edo gehiengo parlamentarioen esku, ezta parlamentuaren beraren esku ere. Justizia paleofrankistaren esku dago, eta pentsatzekoa da, beraz, erregearen esku dagoela, hura baita burua. Eta haiei berdin zaie zer egiten duten politikariek. Llarenak argi utzi du hori.

Marchenak Llaneraren bideari segitzen badio, preso politiko ohiei ez diete inhabilitazio egun bat ere kenduko, eta sottogoverno-ak hobe izango du prestatzen hasi kartzelara joateko. Nik zalantzak ditut Pedro Sanchezek egiatan inoiz pentsatu ote duen Espainia moldatu beharra zegoela egia esan, geure buruari galdetzeko modukoa da ea Sanchez egiatan aritu ote den inoiz.

Inoiz egiatan pentsatu ez badu, eta itxurakeria hori dena tranpa bat izan bada, hari gailurrera iristen poz-pozik lagundu ziotenek agian noizbait azaldu beharko digute zergatik eraman duten herrialde hau eraman duten tokira, trukean karamelu zaporerik ere ez duen karamelu bat besterik ez jasotzeko.

Eta egiatan horretan pentsatu bazuen, benetan uste izan bazuen bestelako Espainia bat posible zela, ez dugu froga gehiagorik beharko egiaztatzeko ez dagoela zereginik herrialde horrekin, zeina inguratua baitugu Herrialde Katalanek, Okzitaniak, Euskal Herriak, Asturiasek, Galiziak, Portugalek eta Afrikak. Ez baitago Espainiatik ihes egitea beste aukerarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.