Bere neurrian, aztertzekoa da

Reala eskas ari da kontrarioaren ate aurrean, eta gol gutxi sartzeak kaltea ekarri dio sailkapenean. Aurkariak garai hobean egonagatik, baina, iaz adina puntu bildu ditu lehen 22 jardunaldietan.

Isak buruz burukoan Leganeseko atezain Ivan Villar gainditu nahian, Kopako partidan. KIKO HUESCA/ EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Lehen ez ginen Pilatok egindako azken mokordoa, eta orain ez gara Bayer Leverkusen». Manolo Preciado entrenatzaile espainiar defuntuak hala laburtu zuen futbolaren lurrunkortasuna. Emaitza araberako logika gailentzen den garaian, txapelketa bateko gorabeherek eragin zuzena dute talde baten egunerokoan.

Reala alde garratza dastatzen ari da azken boladan: makalaldian dago. Sasoia onenen pare hasi zuten txuri-urdinek, baina azken hilabeteetan trabatuta ari dira zelaiko azken metroetan. Golik sartu gabe ezin da irabazi, eta orain jokatu dituzten norgehiagoketan kamuts aritu dira kontrarioaren ate aurrean.

Joan zen azaroaren 7az geroztik hiru gol bakarrik sartu ditu ligan, eta garaipen bakarra eskuratu du: urtarrilaren 8an, Celtaren aurkako neurketan (1-0). Azken hiru hilabeteetan ligako lidergotik zazpigarren postura jausi da.

Datuek ez dute engainatzen: azkenaldian, Reala da gol gutxien sartzen duen taldea. Guztira, 22 sartu ditu ligan: azken lau sailkatuek eta Getafek soilik —15. postuan dago— lortu dituzte gutxiago. Garai txarrean daude erasoko izarrak. Alexander Isakek gol bakarra sartu du ligako hamabigarren jardunaldiaz geroztik; Alex Sorlothek ere bakarra egin du jokatu dituen 17 partidetan; Cristian Portuk, alerik ere ez. Golari lotutako jokalarien lagin bat da.

Hargatik, bere neurrian, baina aztertzekoa da hori. Bere neurrian, Reala zazpigarren dagoelako, eta ez sailkapenaren atzealdean. Agerikoa da donostiarrek beheraldia izan dutela, baina Vila-real seigarrenak puntu bakarreko aldea ateratzen die.

Kasu honetan ere, datuek ez dute gezurrik esaten: lehen 22 jardunaldietan iaz adina puntu batu dituzte Imanol Alguacilen jokalariek, eta orain bi sasoi baino bat gehiago. Bi aldi horietan bere helburua bete, eta Europarako sailkatu ziren txuri-urdinak. Dena ez da zuria edo beltza.

Aurkariak, gorabidean

Ligako batezbestekoa baino gehiago, gorabehera nabarmenak dira deigarriak. Realak ez du sasoi hasieratik oreka jakin bat mantendu. Bikain hasi zen, lehen postuari atxikita, eta egungo txakalaldiak agerian utzi ditu zenbait gabezia. Ordea, Europako helburua bere horretan dago: aukera guztiak zabalik dituela. Horixe zuen hasierako xedea.

Reala bidegurutzean topatu da bere aurkari zuzenekin. Betisen gisako taldeek sasoi hasierako batezbestekoari eusten dioten bitartean, gorabidean kokatu dira beste batzuk. Vila-real da haietako bat; Athletic bestea; baita Bartzelona ere. Talde horien guztien suspertzeak eta norbere beheraldiak zenbait postu beherago kokatu du Reala, lehengo aldi onarekin alderatuta. Golak ezinbesteko izango dira sasoiaren aldi erabakigarrian.

Nekea, eta sasoi aldarteak

Espainiako Kopatik kanpo geratu ostean, Realak Espainiako ligan eta Europa ligan jokatuko ditu sasoi amaierara arteko partidak. Nekearen zama handitzen ari da talde guztietan, baina otsailetik ekainera artekoan aldagai batek berebiziko garrantzia hartuko du: noiz dauden sasoirik onenean. Aurreko bi sasoietan Reala justu antzean ailegatu da azken jardunaldietara, eta etsi-etsian lortu ditu helburuak.

Hilabeteetan pilatutako nekea antzematen hasi den garaian, behar denean ahalik eta sasoirik onenean egon ahal izatea funtsezkoa izango da azken asteetan. Litekeena da Realeko teknikariek hori tentu handiz neurtu izana; abenduan eta urtarrilean sufritu, gero aise aritzeko. Ohikoa da kirolean, eta horrek azal dezake aldi eskasa.

Hala, ikusteke dago denboraldiak zein norabide hartuko duen datozen asteetan. Ezinbestekoa da joera lehenbailehen aldatzea. Realak azken jardunaldietakoa irauli eta biziago aritu behar du azkar batean, partida garrantzitsuak baititu luze gabe: otsailaren 17an eta 24an Europako kanporaketa jokatuko du Leipzigen aurka, eta ligan ere sasoi amaierako aukerak aurki aletuko dira.

Bolada txarra etetea izango da lehendabiziko xedea. Zerk huts egin duen agerikoa da: Realak gola sartzea falta du. Atzealdean sendo ari da. Hargatik, datozen asteetan aurkarien ate aurrean asmatzea izango du lehentasun. Hortik helduko zaio helburuetara lotzeko abagunea. Ligan, lehen egindako lanak ateak parez pare zabaldu dizkio, baina aurrerantzean egingo duenak baldintzatuko du amaierako aldartea. Ona izan dadin, golak behar ditu. Kezkatzeko garaia baino gehiago, aztertu eta konponbidea bilatzeko garaiz dago oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.