Besterik ezean, baleko aukera

Irailean Getxon egitekoa zen lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketa datorren urtera atzeratzea «orain egin ahal zen onena» dela uste dute antolatzaile eta parte hartzaileek.

Gaztediko sokatiralariak, Hegoafrikan jokatutako Munduko Txapelketan. LUR GIL.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Datorren urtean jarriko dute mugarria. Aurten Getxon (Bizkaia) egitekoa zen Munduko Sokatira Txapelketa urtebete atzeratu behar izan dute koronabirusak eragindako egoeraren ondotik, eta garrantzi handiko lehiaketa 2021ean jokatuko da. Getxon bertan egingo dute, Euskal Herriko eta Bizkaiko Federazioek eta Getxo Herri Kirol Taldeak osatutako batzorde antolatzaileak horretarako oniritzia jaso baitute.

Txapelketa Euskal Herrian egitea beste urrats bat da federazioarentzat. Euskal selekzioa 2014tik da ofiziala, eta hurrengo urtean jaso zuen txapelketa antolatzeko enkargua. Zailtasunez jakitun, aukera zegoenean egitea lortzea izan dute azken asteetako xedea; lortu eta gero, «gustura» agertu dira antolatzaileak eta sokatiralariak.

JONE ZARRAGA Getxoko txapelketako bozeramailea

«Mingotsa zatekeen beste alternatibarik gabe bertan behera uztea»

Getxoko Munduko Sokatira Txapelketaren antolakuntza batzordeak «lan handia» egin du azken asteetan, eta egindakoak gertutik bizi izan ditu Jone Zarraga bozeramaileak. «Hasieran atsekabe handia izan genuen; 2014an lortu genuen ofizialtasuna, eta hurrengo urratsa zen txapelketa handi bat hona ekartzea. 1995etik ez dugu halakorik izan Euskal Herrian, eta orain gure herrialdea ordezkatzeko aukera genuen. Urrats bat eta erronka bat zen».

Egungo egoerak, baina, asmoak aldatzera behartu ditu antolatzaileak. Zarragak adierazi duenez, martxoan hasi ziren datorren urtera atzeratzeko sukalde lanetan: «Ezin genuen bermatu aurten egin ahalko zenik, eta, egitekotan ere, zenbait herrialdetako sokatiralariak ezingo lirateke etorri. Ez zuen zentzu handirik irail honetan egiteak».

Zarragaren arabera, egindako lanagatik,«mingotsa zatekeen beste alternatibarik gabe bertan-behera uztea», eta, hargatik, 2021era atzeratzearen aldeko hautua egin dute antolatzaileek. Bidean «negoziazio gogorrak» izan dituzte, ordea.

Izan ere, 2021ean Europako Txapelketa jokatzea zegoen aurreikusita, Herbehereetan, eta 2022an Munduko Txapelketa, Suitzan: «Bi oztopo horiek hor egon dira. Azkenean lortu dugu, baina zenbait herrialderekin landu behar izan dugu, eta baita TWIFekin ere [Nazioarteko Sokatira Federazioa]. Gure bitartekoak mahai gainean jarri behar izan ditugu». Azkenerako, mundu mailan jazo dena kontuan izanda,txapelketa «egon ahal den egoerarik onenean» geratu dela dio Zarragak.

JOSE ANTONIO GOIRIGOLZARRI Gaztedi Sokatira Taldeko kidea

«Herbehereei eta Suitzari eskertu behar zaie beren txapelketak atzeratzea»

Sokatiran urte asko emanagatik, halako egoera bat bizi duen lehen aldia da Jose Antonio Goirigolzarri Gaztediko kidearentzat. «Sortutako egoerarekin ez zen txapelketa ona izango, eta aukerarik onena urtebete atzeratzea zen. Lortu dute».

Goirigolzarriren arabera, maila asko jaitsiko litzateke probari aurtengo egunetan eutsita. Haren taldeak martxoaren lehen astean utzi zion entrenatzeari, eta oraindik noiz hasiko zain daude: «Bakarka entrenatu daiteke, baina sokatira talde kirola da. Gero, ikusi beharko litzateke beste herrialdeetan nola egongo liratekeenirailean hona etortzeko, eta ezin zen halakorik jakin». Hala, egokia iruditu zaio antolatzaileen erabakia, eta zehaztu du «pena» izango litzatekeela gehiago atzeratzea: «Pandemia globala izan da, eta nazioartean onartu dute urtebetez atzeratzea. Alde horretatik, Herbehereei eta Suitzari eskertu egin behar zaie beren txapelketak atzeratu izana».

Getxoko txapelketaz harago, kirolariek oraindik ez dakite lur gaineko sokatira tiraldiei ekingo dieten, ezta Euskal Herri mailan ere: «Ez dakit zer gertatuko den, Euskadiko txapelketa egin ahalko den, baina aktibitate maila bati eutsi beharko litzaioke ahal den neurrian, abuztuan edo irailean bada ere», esan du Goirigolzarrik.

Sokatiralari beteranoaren arabera, hori garrantzitsua da, «sasoia ez galtzeko». Bestela datorren urterako kirolarien ahal fisikoa zapuzteko aukera dagoela esan du Goirigolzarrik, eta gerora begira «kosta» egingo litzaiekeela berriz ere «orain duten sasoira itzultzea».

AINARA OTAMENDI Ibarra Sokatira Taldeko kidea

«Getxon izanda, talde misto batekin lur gainean aritzeko asmotan ginen»

Sokatiran bai, baina goma gaineko modalitatean aritzen dira Ibarrako emakumezkoen taldeko sokatiralariak. Haietako bat da Ainara Otamendi, eta, adierazi duenez, lur gainean proba egitekoak zirengipuzkoarrak, txapelketa Euskal Herrian zela aprobetxatuta: «Getxon izanda, talde misto batekin lur gainean aritzeko asmotan ginen».

Joan zen otsailean, Letterkenyko (Irlanda) goma gaineko munduko txapelketan izan ziren Ibarrakoak, eta lur gainekoa Euskal Herrian egitea sokatirari bultzada bat emateko aukera ona zen, Otamendiren ustez: «Gu goma gainean aritu arren, sokatira munduan oihartzun handia izango zuen Getxon izateak, eta garrantzitsua zen. Euskal Herriak selekzio propioa izateaz gainera, bertan jokatzeak badu bestelako oihartzun bat».

Hargatik, datorren urtean Getxon jokatzea egoki ikusten duen galdetuta, baiezkoan dago Ibarrako sokatiralaria: «Antolakuntza arlotik begiratuta, lan handia zegoen aurretik eginda, eta, egoera normal batean positiboa ez balitz ere, orain onena dela uste dut, nahiz eta lur gainean aritzen direnen aldean guri ez digun horrenbeste erasaten», argitu du Ibarra Sokatira Taldekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.