Atzera, aurrera egiteko

Estitxu Berasategik puntako eskubaloia utzi zuen duela bi urte, Bera Beran ari zenean: «Ez nuen gozatzen». Zuazon ari da orain, eta bere talde izandakoaren aurka jokatuko du gaur.

Estitxu Berasategi, herenegun, Lasesarreko kiroldegian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
«Haren talentuak tokia zuen mailarik gorenean! Ongi etorri!». Twitterren idatzitako txio horrekin jakinarazi zuen Zubileta Evolution Zuazok Estitxu Berasategi (Usurbil, Gipuzkoa, 1999) Barakaldoko (Bizkaia) taldean arituko zela aurtengo denboraldian.

Ez zen korrika eta presaka idatzitako txio bat, ondo pentsatutakoa baizik, baita esanahi berezikoa ere. Bi urte atzera egin behar da mezua ulertzeko. Super Amara Bera Beran ari zen Berasategi. 17 urterekin herriko taldetik Donostiako klubera jauzi egin eta gero, bi urte pasatxo zeraman nagusiekin jokatzen. Baina ametsa ia amesgaizto bihurtu zitzaion: «Ez nuen gozatzen. Agian, goizegi iritsi zitzaidan aukera, eta handiegia egin zitzaidan erronka. Gainera, aldaketa asko izan nituen aldi berean: herritik kanpora joan nintzen jokatzera, unibertsitateko ikasketak hasi nituen... Lan handia dakar maila gorenean jokatzeak, sakrifizio asko, eta konpromiso handia, eta ez du merezi segitzea gozatzen ez baduzu. Horregatik utzi nuen puntako eskubaloia: gelditu, eta arnasa hartu beharra nuen». Hala ere, agurreko prentsaurrekoan aitortu zuen ez zuela baztertzen itzultzea.

Bi urte geroago bueltatu da maila nagusira. Tarte horretan, ez du askatu baloi txikia: «Izugarri gustatzen zait eskubaloian jokatzea». Horregatik, Bera Bera utzi eta gutxira, herriko taldean hasi zen berriro jokatzen, koska batzuk beherago. Atzera egin zuen, aurrera egiteko.

«Oso gustura» aritu da etxean egin dituen bi urteetan. Gertukoen babesa eskertu du, baita presiorik gabe jokatzea ere: «Eskubaloiarekin gozatu dut berriz ere, eta konfiantza berreskuratu dut. Argi dago ez dela gauza bera herriko taldean edo maila nagusian jokatzea, baina mesede egin dit galduta neuzkan sentipen horiek berreskuratzeko».

Aitortu duenez, ez zuen espero horren goiz bueltatzea maila nagusira. Lagunak ditu Zuazon, eta haiek hasi ziren hura limurtzen, itzul zedin: «Haiek esan zidaten ea ez nintzen hasiko Zuazon jokatzen». Ez zirudien ezer serioa, lagunen arteko txantxa bat besterik ez. Harik eta Joseba Rodriguez Haito Zuazoko entrenatzailearen telefono deia jaso zuen arte. Hark bazekien zer bizi izan zuen Berasategik Bera Beran, eta argi utzi zion: «Esan zidan gozatzen ikusi nahi ninduela. Nik ere hori nahi nuen: disfrutatu». Ez zuen bitan pentsatu: «Segituan esan nion baietz. Argi nuen hau zela garaia. Agian, ez nuen izango horrelako beste aukera bat, eta aprobetxatu beharra nuen. Bi urte pasatu dira lehen esperientzia horretatik, eta uste dut orain errazago daramadala, nahiz eta aldaketa handia izan den: etxetik kanpo bizi naiz lehen aldiz. Baina egokitzen ari naiz. Ezagunak nituen taldean, eta horrek mesede egin dit».

Pistan ere handia izan da aldaketa, baina horretan ere «gero eta hobeto» ari da. Taldeak helburu argia du, mailari eustea, baina Berasategik uste du «zerbait gehiagorengatik» lehiatu daitezkeela. Horretarako indarra eman die azken partida irabazteak: «Gutxigatik galdu genituen zenbait partida, eta irabaztea merezi genuen».

Erronka zailagoa izango dute gaur: Bera Bera izango dute aurkari (18:00). Donostiako taldea lider da, eta bi urte eta erdi pasatxo daramatza ligan galdu gabe. Berasategirentzat, «berezia» izango da. Lehenbizi, lagunak agurtuko ditu: «Maitane [Etxeberria], Esther [Arrojeria], Alba [Menendez]...». Gero, haiei lanak ematen saiatuko da: «Ea lan ona egin dezakegun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.