Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

PSOEren gezurrak

2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Aste bizia izan dugu hemen, Martxelo eta Maria. Joan den astean, argi geratu zen hizkuntz murgiltzea ez zegoela blindatua; aste honetan, Esquerra Republicanakoek beste musker eder bat irentsi behar izan dute, konturatu baitira Espainiako Gobernuak engainatu egin dituela berriro, eta gezurra zela blindaje entzutetsua ere, Netflixen gure hiru hizkuntzek izango zuten presentziari buruzkoa. ERC sutan jarri da, baina, egiaz, ezingo du askorik egin honezkero. ERCkoek horixe jarri zuten baldintzatzat, Espainiako aurrekontuek lehen muga eta denetan zailena gaindi zezaten, eta gobernukoek hitza eman zieten, Esquerrak botoak eman zizkien, eta, orain, haien premiarik ez dutenez, zer, eta dena gezurra zela.

Urteek dakarten distantziaz, PSOEren gezurren inguruko polemika berritu da aste honetan Valentzian ere, Pere Mayorren bidez. Mayor izan zen Unitat del Poble Valenciaren sortzaileetako bat; alderdi hori izan zen lehenengo talde nazionalista parlamentarioa, eta Mayor izan zuten buruzagi urteetan. Baina aste honetan utzi egin du taldea, zeinak gaur egun beste izen bat baitu, MesCompromis. Eta azalpen bat ere eman du: nazionalismo valentziarrak ezin duela gobernatu PSOEren alboan; eta proposatu du Compromisek utzi egin beharko lukeela Valentziako Gobernua, eta kanpoaldetik babestu beharko lukeela, baina ez bertan parte hartuta; bestela, konplize bihurtuko omen da atzenerako, PSOEren gezur eta desleialtasun etengabeak ezkutatzeraino.

Bere erabakia ezagutarazi eta ordu batzuetara, Mayorrek hau adierazi zuen Vilaweb-erako elkarrizketa batean: «Nire bizitza politikoari buruzko balantze bat egin behar banu, esango nuke PSOEk engainatu izan nauela beste edozein alderdik baino gehiagotan». Eta, erne, Mayor UPV Unitat del Poble Valencia alderdiko idazkari nagusi izan baitzen 1986an; alegia, ez da mundurik ezagutu ez duen umemoko hasiberri bat, inondik inora ere.

PSOEri bost axola zaio dena, jakina. Engainatu eta engainatu aritu da, gutxienez, Suresnesko kongresutik. Baina, batzuetan, akaso prepotenteegia dirudi haren jarrerak. Izan ere, orain, gobernatzeko modurik ez dauka alderdi subiranista bien babesik edo, gutxienez, onespenik gabe. Eta badakielakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.