Albistea entzun

Agur, golegile nekaezinari

Erika Vazquez Athleticeko jokalariak erretiroa hartzea erabaki du.Telmo Zarraren ondotik, talde zuri-gorriaren historiako golegile nagusia da. 263 sartu ditu hamazazpi denboralditan.
Erika Vazquez Athleticeko jokalaria denboraldi honetan jokatu duen partida batean.
Erika Vazquez Athleticeko jokalaria denboraldi honetan jokatu duen partida batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2022ko maiatzak 11

Gola eta Erika Vazquez (Iruñea, 1983) Erika Vazquez eta gola. Betidanik lotuta egon dira. Banaezinak izan dira. Igande honetan, ordea, eten egingo da lotura hori, Athleticeko aurrelariak erretiroa hartuko baitu. Sevillaren aurkako partidan izango da. Zenbaki ikusgarriak bilduta doa. Baina horiek baino baliotsuagoa da utziko duen arrastoa, eta bere taldekideen nahiz atzetik datozenen artean utzitako balioak: konpromisoa, lana, nekaezina izatea...

Duela gutxi BERRIAri egindako elkarrizketa batean argi utzi zuen zein izan den Lezamara iritsi zenetik buruan izan duena: bihar gaur baino hobea izatea. «Urte asko daramatzat, baina oraindik ere ikasten eta hobetzen segitzeko irrika hori dut. Entrenamendu batean gauzak gaizki ateratzen zaizkidanean, amorratuta itzultzen naiz etxera. Eta taldekideei eta aurkariei asko erreparatzen diet, hobetzeko orduan. Oso exijentea naiz neure buruarekin, eta ez naiz sekula konformatzen. Horri esker iritsi naiz hona».

Horri lotuta, Vazquezen inguruan ondorengoa zioen urteetan taldekide izan zuen Eli Ibarrak 2020. urtean «Futbolean eta Athleticen jokatzeko ilusioak mugitzen du Erika. Partida eta entrenamendu bakoitza muturreraino disfrutatzen du, eta ahalegintzen da hori transmititzen taldekideei eta jokalari gazteei. Athleticen jokatzeak dakarren pribilegioa barruraino bizi du». Pribilegiatu hitza ere erabili zuen Vazquezek aipatu elkarrizketan behin baino gehiagotan.

Bildu dituen datuak ikusgarriak dira. 20 denboraldi jokatu ditu gorengo mailan: bat Espanyolen, bi Barañaingo (Nafarroa) Lagunak-en eta hamazazpi Athleticen. Talde zuri-gorriarekin neurketa gehien jokatu duen jokalaria da. Azken norgehiagokaren faltan, 422 daramatza. Sasoi honetan, otsailaren 9an, ordura arte Eli Ibarrak zuen marka gainditu zuen. 413 neurketa zituen hark jokatuta talde zuri-gorriarekin. Emakumezkoen taldearen golegile nagusia ere bada, 263 golekin. 2008-2009 denboraldia izan zen emankorrena: 33 gol sartu zituen 34 partidatan: 32 ligan, eta bat Espainiako Kopan. Telmo Zarra baino ez du aurretik talde zuri-gorriaren historian. Zarrak 335 gol sartu zituen 354 partidatan. Tituluei dagokienez, hiru liga ditu irabaziak: 2004-2005, 2006-2007 eta 2015-2016. 2010-2011 sasoian Espanyolen aritu zen.

Iñigo Juaristik egin zuen haren aldeko apustua. Taldeak azken bi ligak irabaziak zituen. Baina Vazquezek berehala erakutsi zituen bere ezaugarriak, eta batez ere golak sartzeko zuen trebezia eta erraztasuna. 32 gol sartu zituen: 26 ligan eta sei Txapeldunen Ligan. Hain zuzen Txapeldunen Ligako atariko kanporaketa batean egin zuen debuta elastiko zuri-gorriarekin. «Ilusioz gainezka nengoen. Atariko kanporaketa izanda, taldekideek opor gutxi izan zituzten. Baina niri oporrak bost axola, jokatzea besterik ez nuen nahi».

Juaristik haren hasierak izan zituen gogoan 2020an BERRIAk Vazquezen inguruan egindako erreportaje batean: «Hasiera-hasieratik erakutsi zuen zeukan kalitatea. Hainbeste eman nahi zuen, ezen geratzeko eta lasai egoteko eskatu behar izaten genion maiz». Eta ezaugarri hauek nabarmendu zituen: gol sena, zelaian beti izan duen intuizioa eta abiadura.

Ibarrak beste indargune bat ere aipatu izan zuen: taldekideei golak sartzea ere errazten ziela, aurkarien defentsan zuloak topatzeko lan horretan nekaezina izan baita, eta gutxik bezala interpretatu duelako futbola.

Maiz galdetu izan diote golerako gaitasun hori landu egiten den edo berezkoa duen futbolariak. Antzera erantzun izan du beti: landu egiten den zerbait dela. «Ez da berezkoa, eta esperientziak ere lagundu egiten dizu: kokatzen ikasten duzu, jokaldiei aurrea hartzen...». Adibidez, Vazquez ez da sekula jokalari garaia izan, baina beti saiatu izan da hori entrenatzen. Horri lotuta harrobiko jokalariei beti eman die aholku bat: ez konformatzeko, eta exijenteak izateko beren buruarekin, horrek egingo dituela handi.

Disfrutatzea helburu

Elitea psikologikoki «gogorra» dela onartu izan du, eta denboraldiak aurrera joan ahala gehiago zaindu behar izan duela: elikadura, atsedena... Baina hori ez da sakrifizio bat izan beretzat, bere ametsa betidanik futbolari izatea izan baita, Azken denboraldietan urtez urte berritu du kontratua, eta gero eta gutxiago jokatu ahala gertuago ikusi du erretiroa. Iazko denboraldi gogorra izan zen beretzat. Hiru hilabete eman zituen jokatu gabe lotailu gurutzatuan izandako arazo batzuengatik. Orduan agindu zion bere buruari partida eta entrenamendu bakoitza disfrutatu egingo zuela.

Vanesa Gimbert taldekidearekin batera agurtuko da. Atzo hitz hauek idatzi zizkion Bergarako atzelariak Vazquezi: «Hitzik gabe. Beti nire taldean». Hauxe jarri zion Ainhoa Vicente Morazak: «Ibilbide eredugarria osatu duzu, eta momentu ahaztezinak bizi izan ditugu. Zorionak eta eskerrik asko». Ainhoa Tirapuren mezua hau izan zen: «Errekorren emakumea. Baloia partekatzen 1994tik 2020ra». Marta Unzuek ere agurtu nahi izan zuen: «Izugarria izan da zure ibilbidea. Plazera izan da urte hauek partekatzea. Onena opa dizut». Iraia Iturregi entrenatzaileak taldekide izan zuen: «Txori eroaren poza. Gaindiezina. Agur eta ohore».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Jokalariak joan diren arren, multzo indartsua daukagu»

Ainara Arratibel Gascon

Luzera begirako helburuei baino gehiago, Unzuek «eguneroko lanari» erreparatu nahi dio. Uste du hori dela goiko postuetan egoteko bidea. Lehiakor izan nahi dute beste behin ere.
Berazubin aurkeztu zen atzo Euskal Herria Kopako. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Euskal Herria Kopa prest dago

Ainara Arratibel Gascon

Alaves-Eibar eta Reala-Athletic izango dira finalerdietan. Finala irailaren 4an jokatu da

Irati Osa piraguista entrenamenduetako batean. ©BERRIA

Ur lasaiak, laster bilakatzen

Pettan Uralde

Irati Osak beste domina bat gehitu dio bere sarien zerrendari. Zumaiarrak brontzezko domina lortu zuen aurreko astean, Danimarkako Europako Txapelketan, K2 mailan.

Serena Williams Wimbledoneko neurketa batean, aurtengo ekainean. ©ANDY RAIN

Serena Williamsek erretiroa hartuko du

Uxue Rey Gorraiz

Tenislari estatubatuarrak iragarri du Estatu Batuetako Irekia izanen duela azken txapelketa. Orduan esanen dio agur tenis profesionalari, 40 urterekin. 23 Grand Slam irabazi ditu orain arte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.