Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

'Procés'-a lurperatu egin dute

2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Aste honetan Kataluniako politikaren ziklo baten bukaera ikusi dugu: ERC eta Junts alderdiek hizkuntzari buruz PSC eta Comukoekin sinatutako itunak amaiera eman dio etapa bati. Uste dut nahikoa dela ikusaraztea sindikalismo nazional osoa eta hizkuntzaren aldeko elkarte guztiak hitzarmen horren aurka daudela, eta, beraz, itun horren ondorioz katalanak eskoletan izango duen egoeraren kontra ere bai. Soilik Omniun dago gobernuaren alde —egunetik egunera lehengo Omniumen antz gutxiago du—.

Horren gainetik, ordea, uste dut adierazgarria dela ERCk eta Juntsek eman duten pauso esanguratsu hori, batasun independentista hautsi baitute, eta bloke politikoak banandu.

2012. urteaz geroztik, Kataluniako Parlamentuan batera joan dira beti Convergencia, PDeCAT, Junts, ERC eta CUP, Espainiako alderdietatik bereizita. Desadostasunak izan dituzte, eztabaida ezin sutsuagoak ere bai batzuetan, baina beti marraztu dute bereizketa lerro argi bat Kataluniarentzat estatu independente bat nahi zutenen eta nahi ez zutenen artean.

Eta horixe hautsi da orain. ERCk eta Juntsek hautsi dute, CUPetik bereizi baitira, eta PSCrekin elkartu. Zapateroren ahotik katalanei gezurra esan zien PSC horrekin elkartu dira, hitzeman baitzien Madrilen onartu egingo zutela Kataluniako Parlamentuak bidalitako estatutua. PSC horrek, Montillaren bitartez, Maragall presidentea baztertu zuen, eta haren estatutua txikitu. PSC horrek, 2017ko iraileko egun historikoen ondoren, eztabaida politikoa kriminalizatu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joz, Kataluniak frankismoa legez amaiarazi zuenean parlamentuan. PSC horrek laguntza ezinbestekoa eman zuen bai 155. artikulua onartzeko, bai Kataluniako gobernu erdia espetxeratzeko eta beste erdia erbesteratzeko —PP ez zen ausartuko hori bakarrik egitera—. Azken finean, PSC horrek espiatu ditu Pegasusekin independentista katalanak, eta PSC horrek jaso ditu Pedro Sanchezen txaloak parlamentuan, aste honetan bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.